Udaberriko merkataritza kanpaina jarri dute abian Mendaron, tokiko merkataritza bultzatzeko hainbat sarirekin eta zozketekin

Barren.eus 2021ko api. 13a, 12:13

Mendaroko Udalak jakitera eman duenez, tokiko merkataritza eta kontsumoa bultzatu eta suspertzeko helburuarekin jarri dute martxan Udaberriko merkataritza kanpaina. Herriko hamabi saltoki batu dira kanpainara.

  • Honako hauek dira Udaberriko merkataritza kanpainan parte hartuko duten saltokiak: Galle-tiak, Farmazia, Leire, Mª Axun, Perosanz, Puxika, Lutximak, Itxasertz, Anton, Coviran, Art Fruit, SGerons eta Morroskillo.

Gaur hasi eta maiatzaren 12ra bitartean (egun hori barne), komertzio horietan 15 euro edo gehiagoko erosketak egiten dituzten bezeroek zozketa tiket bat jasoko dute. Parte hartuko duten saltokiek 300 zozketa tiket banatzeko aukera izango dute kanpainak iraupen duen bitartean, eta bezeroek tiket hori maiatzaren 15a arte jaso beharko dute. Egun horretan, bederatzi sari zozkatuko dituzte kanpainan parte-hartu duten bezero guztien artean.
Lehen saria jasotzen duenak Ederki-Lutximak-ek emandako bi zerbitzuetan 50 euroko deskontua eta parte hartzen duten 12 establezimenduetan erositako 50 euroko produktuak jasoko ditu. Beste zortzi sari ere banatuko dituzte: kanpainan parte-hartu duten dendetan gastatzeko 50 euroko deskontu bonuak. Horiek uztailaren 31a baino lehen erabili beharko dira.
Txartel saridunen zenbakiak Mendaroko Udalaren webgunean, udal taulan eta parte-hartu duten establezimenduetan iragarriko dituzte. Sarituek udaletxeko arreta zerbitzuan jaso beharko dituzte sariak, saritutako tiketa aurkeztuta, maiatzaren 30a baino lehen.
Mendaroko alkate Iñaki Arregik nabarmendu du Udalak herri-ekonomiaren alde egindako apustuaren erakusle berri bat dela ekimena: “herria bizi mantendu eta bertako ehun ekonomikoa babestu nahi dugu: gure betiko dendak, ostatuak, zerbitzuak… guztioi dagokigu bertan kontsumitu eta herrian aberastasuna sortzea, zentzu orotan: sozialki, ekonomikoki, identitarioki zein jasangarritasunaren ikuspuntutik”, esan du. Mendaroko Udalak 3.000 euro bideratu ditu kanpaina honetara.
 • Merkataritzaren Eguna, maiatzaren 15ean
Udaberriko kanpainarekin batera, maiatzaren 15erako Merkataritzaren Eguna antolatu dute. Bigarren eskuko azoka eta herriko zenbait denden postuak jarriko dituzte Goñati pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara bitartean. Udaberriko kanpainako zozketa ere egun horretan egingo dute, aurrez aipatu moduan.