Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak abian jarri duen sentsibilizazio kanpaina apirilaren 3an ailegatuko da Elgoibarrera

Barren.eus 2021ko mar. 30a, 14:19

COVID-19ak eragindako pandemia eteteko neurri egokiak sustatzeko helburuarekin sentsibilizazio kanpaina hasi du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, eta elkarteko dinamizatzaile talde batek Elgoibar bisitatuko du apirilaren 3an, zapatuan.

Eibar eta Elgoibar bisitatuko dituzte egun horretan eta 18:00etatik 20:00etara bitartean ibiliko dira kalez kale Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko ordezkariak.

Kanpaina honen bitartez, ostalaritza eremu segurua dela aldarrikatu nahi dute. Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu. Helburua, berriz, herritarrak eta ostalaritza sektorea sentsibilizatzea da COVID-19ak eragindako pandemia eteteko hartu behar ditugun neurri higieniko- sanitarioak modu egokian betetzeko.
2020ko udan eragile berdinek jorratutakoaren jarraipena da sentsibilizazio kanpaina, eta azaldu dutenez, herritarrak, ostalariak eta haien bezeroak informatzea du xede nagusia, indarrean dagoen osasun araudiren arabera ostalaritza establezimenduetan bete behar diren honako bost oinarrizko portaera-arauei garrantzia emanez:

  1. Musukoaren erabileraren derrigortasuna, elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik
  2. Eserita kontsumitzearen derrigortasuna
  3. Gehienera lauko taldeetan biltzea
  4. Eskuetako garbitasuna
  5. 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia mantentzea

 • Musukoak banatuko dituzte
Sentsibilizazio kanpaina aurrera eramateko dinamizatzaile lantaldeak eratu eta prestatu dituzte, eta horiek informazio/dinamizazio lana egingo dute ostalaritza gune nagusietan, batez ere jende pilaketak aurreikusten direnetan. Sentsibilizazio kanpainaren bitartez, hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek bere hondar alea jarri nahi dute pandemia indargabetzeko, eta bide batez, ostalaritza eremu segurua dela aldarrikatzeko. Era berean, sentsibilizazio kanpainak irauten duen bitartean musukoak banatuko dituzte.
 • Sentsibilizazio kanpaina Gipuzkoan
Gipuzkoan, kanpaina 5000 biztanle baino gehiagoko herri guztietan jorratuko da, hamar egunetan zehar: San Jose zubian hasi ziren eta Aste Santuko jai egunetan izango du segida (martxoaren 31an, eguaztena, hasi eta apirilaren 15era arte).