“Sagarrekin esperimentatzeko lekua da LizagaSar Sagartokixa”

Barren.eus 2021ko mar. 26a, 16:36

LizagaSar Sagartokixaren hazia Sallobenteko Azaola baserrian dago. Hantxe, amamaren jaiotetxean, hasi baitzen duela hamar bat urte Asier Lizarralde kuadrillakoekin sagardoa egiten, Zuluetako Manuel Almortzaren laguntzarekin. 370 bat litro sagardo botilaratu zituzten estreinako aldi hartan. Eta amesteari ekin zion Lizarraldek. Bere gustuko proiektua diseinatu zuen, eta gaur, Ane Muninen laguntzarekin, erdi gauzatua duela esan genezake. LizagaSar Sagartokixa sortu dute eta merkaturatu dituzte lehenengo produktuak ere. Pozik daude izan duten estimazioarekin.

(*Oharra: Bideoaren audioa ondo entzuten da ordenagailuetan, baina ez da entzuten mugikorretan, ez bada telefonoaren aurikularrak jarrita)

 2021 03 25 LizagaSar elgoibar asier lizarralde ane munin barren aldizkaria 2

 • 31 eta 22 urteko bi gazte sagardogintzan; bi gazte, baserri usainean. Ez da ohikoena beharbada.
Asier: Ez edo. Gure ama Idotorbeko Goikoetxe baserrikoa da eta Aita Sallobenteko Azaolakoa, eta ni beti ibili naiz baserrian; beti gustatu izan zait mundu hau. Garai batean, tio Jose bizi zela, Azaolan ere egiten zuten sagardoa, baina nik pare bat urte nuela hil zen Jose, eta ez nuen ezagutu etxean sagardoaren kultura hura. Baserrian obra egin zutenean, gainera, tolarea kendu egin zuten, eta orain, apaingarri daukagu han, kanpoan. Sagastiari eutsi zioten, baina, nahiz eta sagarrak alferrik galtzen ziren edo behi eta ardiek jaten zituzten bestela, lurrera jausitakoan. Eta halaxe hasi ginen gu kuadrillan, sagarrak batu eta Zulueta baserriko Manuel Almortzarekin sagardoa egiten. Sagardo hori saltzen saiatzen ginen gero, eta ateratako dirua makinak erosteko erabiltzen genuen. Jai batzuk ere antolatu genituen Azaolan, eta batutako dirua proiektuan inbertitzen nuen. Saltsa hartatik sortu da hau, eta afiziotik ofizioa egin nahian ari gara. Ane duela hiru bat urte ezagutu nuen. Azaldu nion zer neukan buruan eta orain bera ari zait laguntzen, zorionez berari ere gustatzen zaiolako.
Ane: Bai, ni Azkube baserrikoa naiz eta sagardoaren kultura jaso dut. Lan handia eskatzen du honek, baina gustura ari gara.

 • Herri sarreratik ere ikusten da LizagaSar Sagartokixa, parez parez, Karakateko magalean. Zalditegia dela, elkarte bat dela, sagardotegia dela... ibili dala jarduna herrian. Zer da?
Ane: Sagartokia. Sagarrekin esperimentatzeko lekua da hau, sagarretik lortu daitezkeen produktuak ekoizteko lekua. Ez da sagar dotegibat; beste filosofia batekin sortu dugu.
Asier: Sagarretik sagardoa atera izan da hemen bereziki, baina irasagarra, sagar-goxokia (sagar dultzea), zukua, ozpina, sagar deshidratatua, Sagardoz esaten dioten likore destilatua... ere egin daitezke sagarrarekin. Etekin handiagoa atera nahi diogu guk sagarrari. Hiru hektarea pasatxoko sagastia daukagu hemen. Hamabost sagarrondo barietate ezberdin sartu ditugu, eta esperimentatzera goaz.
Ane: Errezil sagarra, Bost kantoia, Goiekoetxea sagarra, Geza mina, Moko sagarra, Mozoloa sagarra, Patzuloa, Txalaka, Udare sagarra, Urdin sagarra, Reina Reineta, Reineta zuria, Reineta gorria, Urtebi handia eta Urtebi txikia dira guk sartu ditugun barietateak, baina gehiago ere sartu nahiko genituzke. Konturatu ginen hemen bertako sagarrondo espezie batzuk oso gutxi sartzen direla eta horiei balioa eman nahi izan diegu. Gure kulturaren berri ematea eta gure produktuen atzean dagoen lana ezagutaraztea da azken batean gure asmoa. Eta hona etortzen direnek horretarako aukera ere izango dute.

2021 03 25 LizagaSar tolarea elgoibar asier lizarralde ane munin barren aldizkaria

 • Upategia, sagardoa eta sagarrarekin egindako beste produktuak ekoizteko lekua eta biltegia ikusi ditugu, baita sagastia ere. Baina inguruan obretan ari zarete. Zer beste sortu nahi duzue?
Asier: Momentuan egiten utzi digutena eta egin ahal izan duguna da zuk ikusi duzuna. Inbertsio handia egin dugu hemen. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diogu laguntza hau sortzeko eta Gaztenek programatik iritsi zaigu dirulaguntza. Kanpotik biltegi bat ematen du honek eta askok zalditegi itxura ere hartu diote atzetik begiratuta, baina 25 metro luzeko eraikin hau bost zatitan banatuta daukagu barrutik. Erdia inguru elaboraziorako gunea da, eta beste erdia, traktorea eta lurra lantzeko erremintak gordetzeko lekua. Baina hazten jarraitu nahi dugu. Beste pare bat fasetan gauzatuko dugu proiektua, diru asko behar delako eta inbertitu ahal izan dugun guztia inbertitu dugulako. Baina nahiko genuke bigarren fase batean, hor, beheragoan, eraikin honen dimentsio bereko beste eraikin simetriko bat sortzea: upeltegia eta sagardoa dastatzeko lekua izango dena. Bost bat metroan zulatuko dugu upategia egiteko, eta hara aldatuko ditugu gaur biltegian dauzkagun kupel guztiak. Upategiaren aurrean dastatzeko lekua eraikiko dugu.
Ane: Dastaketarako gune horrek beirategi handia izango du herrira begira, eta mahaiekin eta proiektore batekin atonduko dugu gela. Bileretarako-eta prestatuko dugu. Inguruko enpresei bezeroekin egin behar dituzten bilerak hemen egiteko aukera eman nahi diegu, Donostiara edo kanpora joan beharrik gabe. Gela hori alokatzeko aukera izango dute hala nahi dutenek, eta guk hamaiketakoa eta emango diegu.
Asier: Sukalde txiki bat ere sortuko dugu gune horretan. Asmoa da egunen batean sukaldariren bat kontratatzea, gure produktuekin otorduak prestatzeko eta esperimentatzeko. Adibidez, ari gara krema katalanaren parekoa sortu nahian, esnearen ordez gure sagar-zukua erabilita. Dena den, hirugarren fase bat ere badu proiektu honek. Hirugarren fasean, upeltegiaren gainean produktuak eraldatzeko gunea eraikiko dugu, marmelada, gozo-dultzea eta sagarretik eratorritako beste produktuak han ekoizteko. Osasun ikuskaritzatik gune guztiak ondo bereizita egotea agintzen dute, eta horregatik, gaur hemen daukagun dena beheko upategira eta eraldatzeko gunera pasatzeko asmoa dugu, eta gaurko eraikin hau, huts-hutsean, sagarra prentsatzeko eta biltegitzat erabiltzeko.

 • Zein bide egin duzue hona arte iristeko?
Asier: Proiektu mekanikoen diseinua ikasi nuen nik IMHn, marrazketa eta diseinua beti gustatu izan zaizkidalako. Eta hori amaitu nuenean aparejadore karrera egin nuen EHUn. Mekanizazio mundutik eraikuntzara salto egin nuen, eta Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan egin nituen praktikak. Museoa birgaitzen jardun nintzen, eta gero, Ibarmian hasteko aukera iritsi zitzaidan. Sei urte daramatzat Ibarmian, aparejadore eta delineatzaile lanetan. Lanetik irtendakoan etortzen naiz hona, eta hemen sartzen ditut beste ordu denak. Hemen ere sormen, esku-lan, diseinu eta aparejadore-lanak egin ditut nik, eta Anek lagundu dit nire ideiak paperera eramaten.
Ane: Nik Pedagogia ikasi dut, eta orain, masterra egiten ari naiz. Orientatzaile izateko praktikekin ari naiz orain eta Atxutxiamaikako ‘Aldenik Alden’ egitasmoan ere ibili naiz bi urtean.

2021 03 25 LizagaSar elgoibar asier lizarralde ane munin barren aldizkaria 3

 • Kanpotik ez du ematen hemen horrenbeste gauza sartu daitekeenik. Zer da hau, baina!
Asier: Dena milimetrora zainduta dago. Neuk egin dut dena, neure gustura, eta upategia ere neure gustukoa diseinatuko dut. Ordu asko sartu ditut hemen, baina gustura nago. Eguzki plakak ere jarri ditut, hori delako gure beste erronketako bat, behar dugun argindarra energia berriztagarriak erabiliz sortzea. Egin dugun sagardo guztia ere, eguzki energia erabilita egin dugu. Laba pizteko gasa erabiltzen dugu, baina hori aldatzea ere badaukat buruan. Lortzen badugu zimaurretik gasa egitea eta horrekin makinak lanean jartzea lorpen handia litzateke guretzat.
Ane: Momentuan ez diogu Iberdrolari ezer ordaintzen, ez. Produktu ekologikoen ziurtagiria ere lortu nahiko genuke. Hiru bat urte beharko ditugu eskuratzeko, bitarte horretan jarraipena egin beharko dietelako gure produktuei ziurtatzeko ez dugula produktu kimikorik erabiltzen. Baina esan diezazukegu ekologikoak direla gure produktu guztiak. Gure erronka hori da: gure produktuak etengabe hobetzea, naturan ez dagoen zerbait gehitu gabe. Adibidez, badakigu marigorringoak lagun onak direla baratzeetan izurrien kontra egiteko, eta sagastira nola erakarri aztertzen ere badihardugu.

 • Zuei entzunda ezingo du esan inork gazte ekintzailerik ez dagoenik behintzat!
Ane: Errazegi hitz egiten da ekintzailetasunaz eta ekintzailetasun ezaz. 2019an hasi ginen gu hemen, eta ia galdu gara paper kontutan. Zoramena izan da. Gaztenek bidez jarri genuen hau dena martxan. Horretarako, proiektua zehatz-mehatz azaldu behar izan genuen idatziz, arloz arlo. Detaile txikiena ere kontatu behar da, eta proiektua onartu egin behar dizute gero. Urtebete oso bat eman genuen eskaerak egin eta paper artean trabatuta. Nahi genuen irailean hemen hasi sagardoa egiten, baina horretarako dena ondo lotu beharra zegoen, osasun ikuskariak akta sinatu eta sagardoa egiten hasteko baimena emateko. Zoramena izan da. Astunena agirien kontu hori zuzentzea izan da. Orain, motibatuago gaude, aurrera egiten ari garela ikusten dugulako.
Asier: Ikuskatzaileak bata bestearen atzetik etortzen dira hona. Ez dut ulertzen gaur egun dagoen beste aurrerapenekin nola ez dagoen tramite horiek guztiak errazteko modua. Ogasuneko bat etorri zitzaidan aurrekoan eta hark esan zidan botoi bati emanda gure kontu guztiak zituela esku-eskura. Eta gu, sei entitate ezberdinetara joan-etorrian ibili behar izan gara. Foru Aldundira jo genuen lehenengo, eta han, Udalaren obra baimena eskatu ziguten. Baimen hori ez baldin badaukazu, ezin duzu dirulaguntzarik jaso. Hor lehenengo lotura bat. Diru laguntza horrek berak ere lotu gaitu, Aldundiak esan digulako bost urteko epean proiektu osoa gauzatuta izan behar dugula eta irabazi batzuk lortuta. Guk mailegu bat eskatu dugu banketxean, eta, orain, zera, batetik daukagu maileguaren presioa, eta bestetik, Foru Aldundiaren lotura hori. Ogasunekoa ere etorri da, jakina, eta sagardoa alkoholdun edaria denez, zerga bereziak ordaindu behar ditugu. Osasun ikuskaria ere izan da hemen plano guztiak hartuta, eta hark agindutakora moldatu behar izan dugu espazioa. Elikagai Industriakoa ere etorri zaigu, bai eta ENEEKoa ere, elikagai ekologikoen ziurtagiriak banatzen dituen erakundekoa. Sei entitate dira, paper ugari eta atzera-aurrera gehiago. Ekintzailetasunaz errazegi hitz egiten du jendeak. Guk eskola dugulako, baina bestela nola sortuko du hemen batek zerbait, bidean galdu gabe? Dena lagatzeko tentazioa ere izan dut momentu askotan. Batzuek esaten didate azkarregi goazela, baina jakingo balute zer nolako loturak jarri dizkiguten... Hemen, gauza batean huts egitea hanka bat galtzea da, laguntzak itzultzera behartzen zaituztelako.

2021 03 25 LizagaSar zuhaitza elgoibar asier lizarralde ane munin barren aldizkaria

2021 03 26 lizagasar sagartokixa sagastia elgoibar

2021 03 26 lizagasar sagartokixa sagastia elgoibar 1

2021 03 26 lisagasar sagartokixa sagastixa ipintzen

2021 03 25 LizagaSar barietateak elgoibar asier lizarralde ane munin barren aldizkaria

2021 03 25 LizagaSar elgoibar asier lizarralde ane munin barren aldizkaria 1