Iruzurrari aurre egiteko ezarriko duten TicketBAI fakturazio sistemari buruzko jardunaldi informatiboak

Barren.eus 2021ko mar. 22a, 12:06

TicketBai deituriko ordainagiri sistema digitala jarriko dute indarrean 2022an, eta nahitaez ezarri beharko dute jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek. Hori dela-eta, sistema honen berri emateko jardunaldi informatiboak antolatu dituzte.

TicketBAI, zer da? Nori eragiten dio? galdera horiei erantzuna emateko bi jardunaldi antolatu dituzte Gipuzkoako garapen agentziek, tartean Debabarreneko Debegesak. Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamentuaren laguntzarekin egingo dituzte, eta TicketBAI sistemaren inguruko informazioa eta prestakuntza ematea dute helburu.

Ogasunek enpresen eta autonomoen fakturazio sistema digitalizatuko dute, kontrola indartzeko. 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko dute indarrean, eta horren bidez jakin ahal izango dute fakturak zuzenak diren eta saltzaileek deklaratu dituzten ala ez. Modu horretan egin nahi diote aurre zerga iruzurrari. Gipuzkoan 54.000 enpresa eta autonomori eragingo die.
Enpresek eta software garatzaileek xehetasun guztiak jakin ditzaten bi jardunaldi antolatu dituzte.

Martxoaren 23 eta 26an izango dira informazio saioak, birtualak izango dira, eta izena eman behar da.

 • %60 kenkaria borondatezko epean sartzen direnerntzat
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azaroaren lehena baino lehen TicketBAI sistema ezartzen duten enpresek kenkari handia izango dute egindako inbertsio teknologikoa finantzatzeko. Zehazki, %60ko kenkaria ezarriko du foru erakundeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen gaineko Zergan, 5.000 euroko mugarekin, TicketBAI sistema ezartzeko egiten diren gastuak finantzatzeko; esaterako, softwarearen erosketa, ordenagailuena, STak (Saltokiko Terminalak)… Hau da, 1.500 euro inbertitzen dituenak, 900 euroko kenkaria jasoko luke. “Helburua, logikoki, zergadunak borondatezko epean TicketBAI erabiltzen hastea sustatzea da. Baldintza bakarra da azaroak 1a baino lehen, borondatez fakturazioa TicketBAI sistema bitartez egitea”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Informazio osoagoa: gipuzkoa.eus

2021 03 16 eider mendoza GFA ticketbai