Energia berriztagarriak sustatzeko herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu dute eskualdean

Barren.eus 2021ko mar. 15a, 10:20

Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak autokontsumoa hedatu eta energia berriztagarriak sustatu nahi ditu Gipuzkoan, eta asmo horren barruan aurkeztu dute Debabarrena eskualdeko herritarren kooperatiba energetikoen Ekiola proiektua.

Udalerri bakoitzean irabazi asmorik gabeko kooperatibak sortuko dituzte, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatuko dituzte herritarrak, beren hornidurarako.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak, eskualdeko alkate eta Udal ordezkarien aurrean aurkeztu zuten egitasmo hau, joan den barikuan, Debegesak Eibarren duen egoitzan. Izan ere, eskualdeko herritarren artean proiektua bultzatu eta ezagutzera emateko asmoarekin, aldundiak harremanak hasi ditu udalekin.

2021 03 12 ekiola proiektuaren aurkezpena debegesa arg GFA batuta

Asensiok argitu zuenez, kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu sortze kostu egonkor batekin, oso epe luzerako (25 urte edo gehiago). Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira, instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte. “Helburua da pertsona bakoitzak kontsumitzen duen adina elektrizatate berde sortzea. Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan; argi faktura, gutxi gorabehera, %20-30 murriztuko litzateke”. Gainera, sistema honekin, bakoitzak urtero ikusi ahal izango luke instalazioa sortzearen emaitza, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, bai alderdi elektrikoei dagokienez, eta ebaluatu egin ahal izango du horiek ingurumenean, jasangarritasunean, ingurunerako aberastasuna sortzen eta kontsumoaren ekonomian duten eragina.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Europako funtsak mobilizatu nahi ditu laguntza-lerro bat indartzeko, lurraldeko udalek, herritarren eskutik, baliabide ekonomiko horiek aprobetxatu ahal izan ditzaten, horien bidez trantsizio energetikoa azkartzeko, Gipuzkoan autokontsumoa hedatzean eta energia berriztagarriak sustatzean oinarrituta.
Gainera, bultzatu nahi dituzten energia-sistema berriek herritarrak "ahalduntzea eta energia-sistemaren erdigunean rol aktiboarekin kokatzea" bilatzen dute Asensioren berbetan. Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da da; izan ere, klima-aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, hura da "Gipuzkoako 62.000 etxeri baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena".
Aldundiak bultzatzen dituen sistemetako bat dira kooperatiba energetikoak. Irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatzen dituzte herritarrak, beren hornidurarako. Kooperatiba horiek Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin batera sustatzen dira, horiek baitira Gipuzkoako Lurralde Historikoan ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak.

Informazio osoagoa: www.gipuzkoa.eus