1.200 euroko diru-laguntza zuzena eta zaborren eta terrazen tasetan hobariak emango dizkie Elgoibarko Udalak ostalariei

Barren.eus 2021ko mar. 10a, 16:18

Elgoibarko Udalak 2021eko aurrekontuetan 120.000 euroko partida erreserbatu zuen, Covid-19aren eragina arintzeko hiri ekonomian eta diru hori “beharren arabera” erabiliko zuela aurreratu zuen. Bada, erabaki dute diru hori nora bideratu, eta diru horri beste 115.000 euro gehitu behar zaizkio, tasen hobarien bidez emango dituztenak:

 

  • Dirulaguntza zuzenak: 1.200€ ostalaritza establezimendu bakoitzeko. Udala ebazpen oinarriak lantzen ari da eta apirilerako martxan jartzea aurreikusten dute.
  • Zaborren eta terrazen tasetan %50eko hobaria.
  • Bono kanpaina berria udaberrian. Merkatariekin xehetasunak lotzen ari da Udala une honetan.
  • Merkatarien zaborren tasan %50eko hobaria.

Elgoibarko alkate Ane Beitiak azaldu duenez, asmoa da beste administrazioen laguntza-lerro osagarria izatea Udalarena, “lehen unetik sektore ezberdinak laguntzeko ekimen ugari jarri ditugu abian, Udalaren ahaltasunen baitan, komertzioari, ostalaritzari, autonomoei eta enpresa txikiei eragindako kalte larriak arintzeko; izan ere, langile, hornitzaile eta alokairuko gastuekin jarraitu behar izan dute, diru-sarrerarik lortu gabe. Une zailak dira, baina elkarlana oinarri, guztiok bat eginik emango diogu irtenbidea, eta laguntza, eta Covid-19a atzean uzten dugunerako prestatuta egongo gara”, adierazi du.

 • 300.000 euro 2020an
Honekin batera, Udalak gogoratu du iaz 300.000 euro bideratu zituela hiri ekonomia suspertzera. Martxoan hartu zituzten lehen neurriak, itxialdi egoeraren ondorioz, tasen kobrantza eten eta normaltasun fase berri baten aurrean hobariak ezartzea erabaki zuten. "Helburua: udalerriko enpresa, autonomo eta etxe askorentzat Covid-19ak izandako ondorio ekonomikoak arintzea".
Lehen konfinamendu garaian, itxita egondako ostalaritza eta saltokien hondakinak biltzeko tasa ez zutela kobratu, ezta bigarren itxialdian ere. "Guztira urte erdia ez zen kobratu, %50eko hobaria ezarri zen. 76.000 euroko balioarekin merkataritza eta ostalaritzaren artean".
Terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez zela kobratu azaldu du Udalak, urtean %50eko hobaria ezarriz. "Gainera terrazen azalera bikoizteko aukera eskaini zitzaien ostalariei, inolako kosturik gabe, eta terrazarik ez zuten establezimenduei aukera eman zitzaien terraza jartzeko, aukera zegoen lekuetan". Guztira 15.000 euro kobratzeari utzi zion Udalak.
Aurrekoez gain, hiru bono kanpaina jarri ziren abian 2020an, “Elgoibar bizi-bizixa” eta Elgoibar On egin!”, 200.000 euroko inbertsioarekin: maiatzeko kanpainarako 60.000 euro, ekainean 57.000 euro eta urrian 83.000€.

 • Ehun establezimendu ElgoibarKlik-en
Era berean, Elgoibarko Udalak 2020an jarri zuen abian ElgoibarKlik, Txankakua eta Dendartean merkatari elkarteekin elkarlanean, eta une honetan herriko 100 bat establezimenduk erabiltzen dute elgoibarklik.eus. Udalak 59.000 euro inbertitu ditu plataforma digital horretan.
Plataforma zabaltzeko eta komunikatzeko urratsa jorratzea aurreikusi du Udalak 2021ean. Horretarako, Ekintza Plana diseinatu dute, Elgoibarko bizilagunen eta establezimenduen artean Elgoibarklik.eus Plataforma sustatzeko eta zabaltzeko. Helburu nagusi horrekin batera, bigarren mailako beste helburu batzuk ezarri dituzte, tartean, Elgoibarko herritarren artean plataformaren erabilera sustatzea. Ane Beitia alkateak nabarmendu du oso erremienta positiboa dela ElgoibarKlik bertako komertzioarentzat: “leiho berri bat zabaldu dugu, laguntzen ari gara merkatari bakoitzak plataforma honetan berea zabal dezan eta online alorrari etekina atera diezaion, gure merkataritza txikiak bizirik iraun dezan. Ohitura aldaketa nabarmena ari da izaten, are gehiago Covid-19aren eraginez kontaktuak eta mugikortasuna murriztu behar izan dugun honetan. Elgoibarklik-ek erakusleiho berri bat dakar saltokientzat, baina baita publiko berri bat ere, Elgoibar edo bailaratik at, gure dendetan dagoena ezagutu eta erosteko aukera baitute”.