Hartzekodunen Konkurtsoa eskatu du Kondia enpresak

Barren.eus 2015ko urr. 20a, 11:14

Joan zen ostiralean aurkeztu zuen Kondiak Hartzekodunen Konkurtso eskaera Donostiako Merkataritza Arloko Auzitegian. Epaileak eskaera tramiterako onartzen badu, administrari bat izendatuko du, aurrerantzean enpresa kudeatzeaz ardura dadin.

Azkeneko zortzi urteotan galerak izan ditu Kondia enpresak, eta zorrak pilatu zaizkio. Enpresak atzorako deitu zituen langileak batzar batera, eta han jaso zuten beharginek Hartzekodunen Konkurtso eskaeraren berri. 63 langile ditu Kondiak, eta halako egoeretan normala denez, ezinegona eta kezka nagusitu dira haiengan eta enpresaren bueltako gainerako guztiengan. 

Pertsona fisiko edo juridiko bat kaudimengabe geratzean eta bere zorrei aurre egiteko gai ez denean martxan jartzen den prozedura juridikoa da Hartzekodunen Konkurtsoa. Zorrei aurre egin ezin dieten enpresek justiziarengana jotzen dute, honek egoera bere onera eramateko eta zorrak kitatzen laguntzeko. Horixe da Kondiaren egoera gaur. Garai zailak bizi ditu Kondiak joan deneko zazpi-zortzi urtean. Lan-karga txikia izan dute, eta diru galera handiak. Egoera horretan inbertsiorik ere ezin izan dute egin, eta enpresa bideragarri egin ezinak eraman ditu zuzendaritzakoak hartzekodunen konkurtsoa eskatzera.

Aitor Iturain ELAko Debabarrenerako ordezkariak onartu du enpresaren datuak txarrak izan direla azkeneko urteetan, baina aitortu du ustekabean harrapatu dituela berriak, "iazko negu-udaberri aldetik" lan gehiagorekin zebiltzalako: "Hau iaz etorri balitz, inor ez litzateke harrituko hemen, baina orain, lana bazegoen eta bazirudien egoera hobetzen ari zela". Prozesua hasi besterik ez dela egin esan du eta ELAren eginkizunak bi direla orain: batetik, enpresa bideragarria den ala ez ikustea, eta ez balitz, enpresa erosi eta langileei eutsiko liekeen norbait topatzea.