Iñigo Sard: “AVSk beste inork egiten ez dituen gauzak egiten dituen ospea dauka”

Barren.eus 2021ko ots. 25a, 20:43

Elgoibarren eginiko tresnak eta teknologia dituen Marte esploratzeko 'Perseverance' ibilgailua bidali du NASAK Planeta Gorrira. Tresna horiek egiteko proiektuan kalkuluen arduraduna izan da Iñigo Sard, Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresako ingeniaria. "Duela bi belaunaldi nire amonak ez zeukan argindarrik edo txorrotako urik etxean, eta orain bere ilobak egindako gauza bat Marte planetako gainazaleraino ailegatu da", dio 'Mars 2020' misioan izan duten parte hartzeaz. Berak eman digu bost urteko lanaren berri. 

NASA  Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak Martera inoiz bidali duen ibilgailu sofistikatuena da ‘Perseverance’. Sei hilabete eta erdiko bidaia egin eta gero, joan zen otsailaren 18an ailegatu zen Planeta Gorrira, eta dagoeneko bidali ditu lehen irudiak eta soinuak. Helburu potoloagoak ditu, baina, iraganeko bizitza arrastoak bilatzea baita ‘Mars 2020’ misioaren helburu nagusia, arrokak eta lur laginak batuta. Horrez gainera, astronautak bidali ahal izateko eta Marten bizi ahal izateko zenbait esperimentu ere egingo ditu, eta planetak duen eguraldia hobeto ezagutzen lagunduko du. Lan horiek gauzatzeko hainbat ikerketa tresna ditu ‘Perseverance’-k, puntako teknologia dutenak. Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresak egin ditu tresna horietako batzuk. Beste enpresa batzuentzat ezinezkoak direnak edo ausartzen ez diren proiektuak onartu eta aurrera ateratzen espezializatu da AVS, 2006an sortu zutenetik.

2021 02 26 iñigo sard avs perseverance mars2020 irudia eitb bideoa

 • Has gaitezen amaieratik. NASAk Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB) jaurti zuen uztailean ‘Perseverance’ ibilgailua Marteraino eraman duen Atlas V suziria. Sei hilabete eta erdian 500 milioi kilometroko bidaia egin eta gero, otsailaren 18an ailegatu zen Martera. Nola bizi izan zenuten marteratzea?
Arraroa izan da. Horrelako une garrantzitsu bat elkarrekin biziko genukeelako pandemiarik egon ez balitz. AVSko bi ordezkarik Madrilen egin zuten ekitaldi ofizialean hartu zuten parte, baina gainerako langileok etxetik jarraitu genuen Marteratzea, NASAk zuzenean eman baitzuen. Zehatzago esanda, 11 minutuko atzerapenaz, Marte eta Lurra arteko distantzia bete behar baitu seinaleak. Cavo Cañaveraletik egin zuten suziriaren jaurtiketara ere joatekoak ginen zortzi bat lankide, familiakoez lagunduta, baina une gogoangarria izango zen hori ere zapuztu zigun koronabirusak. Pena handia eman zigun.

 •  Horrelako bidaia luzea egin ostean, azken minutuak izan ziren erabakigarrienak. “Beldurrezko minutuak” deitzen diote NASAkoek marteratzeari, atmosferan sartzen hasten denetik gainazala ukitzen den arte pasatzen den denboragatik eta operazio horrek duen konplexutasunagatik, besteak beste, denbora tarte horretan 20.000 kilometro orduko abiadura murriztu behar izan zuelako.
Misio honetako unerik kritikoenetarikoa zen, eta txarrena da zerbait okertzen bada, ezin duzula ezer ere egin. Zazpi minutu horietan espazio ontziak egin beharreko sekuentzia guzti hori programatuta dago. Perseverance-k modu erabat autonomoan, barruan zituen aginduekin, asmatu behar zuen gainazalera iristen. Pentsa, operazio hori bera hemen lurrean bertan egitea ere izugarri konplexua izango litzateke: 1.043 kilo pisatzen dituen ibilgailua Lurraren atmosfera kanpotik bota eta modu erabat autonomoan lur hartzea. Eta noski, askoz ere konplexuagoa da 500 milioi kilometrora egitea. Horrelako gauza bat egiteko gai garela pentsatzea bakarrik zoratzeko modukoa da. Ematen du zer pentsatua, ezta?.

2021 02 25 Mars Perseverance Stages of Descent 777x437 NASA JPL caltech

 *'Perseverance' ibilgailua Marteren azalera eramateko azken minutuak nolakoak izan ziren erakusten duen bideoa argitaratu du NASAk. Estreinako aldiz jaso dute bideoan planeta gorrira eginiko marteratze bat Hona hemen:

 • Zer zegoen jokoan AVSrentzat?
Azken zazpi minutu horiek tentsio handiko uneak izan ziren, jaurtiketakoak izan ziren moduan. Suziria hegan ikusi arte ez ginen lasaitu. Eta Perseverance dagoeneko Marteko gainazalean badago ere, tentsio handiko beste une bat bizitzea gelditzen zaigu guri. Izan ere, gure sistemetako bat zabaldu eta itxi egiten da. Egun gutxi barru zabaldu beharko da, eta hor bai tokatuko zaigula izerdia ateratzea. Dena ondo joan dadila espero dugu eta NASAtik deirik ez jasotzea.

 • Planeta Gorrira bidali izan diren ibilgailuetatik %40k lortu dute orain arte arrakasta izatea. Alegia, arrakasta izatea ez zegoela ziurtatuta, ezta?
Estatistiketan dioten moduan, N=1 aukera geneuzkan. Hau da, behin irtenda ondo, nahikoa da, baina, ez, arrakasta ez zegoen ziurtatuta, inolaz ere ez. Oso oso gauza zaila da. Horregatik ez zait justua iruditzen jendeak bidegabe epaitzea ondo irteten ez diren espazioko misioak. Adibidez, puskatu zen Europako espazio-zundak kritika handiak jaso zituen. Izugarrizko lorpena da era honetako misioak ondo irtetea, mila gauza irten daitezkeelako gaizki, eta gainera ez daudelako gure esku horietako asko. Errudunak bilatzeko joera daukagu, baina horren urrun iristea ekintza gogoangarria da, balentria bat. Horrelakoetan beti aipatzen diot jendeari honakoa: duela bi belaunaldi nire amonak ez zeukan argindarrik edo txorrotako urik etxean, eta orain bere ilobak egindako gauza bat Marteko gainazaleraino ailegatu da. Izugarria da.

 • Zer sentitzen da norberak diseinatu eta egindako tresna bat, eskuartean erabili duena, horren urrun ailegatu dela jakitean?
Ikaragarria da. Ez dakit sentitzen dena hitzez azaltzeko gai naizen ere. Betetasun sentimendu bat daukat, gure hondar aletxoa jarri dugulako gizateriak aurrera jarrai dezan abiatutako esplorazio bidai amaigabe honetan. Antzinatik datorren gizakiaren esploraziorako eta mugak gainditzeko bulkada horri pastelaren ginda jartzea modukoa izan da. Sekulakoa da esplorazio horren puntaren puntan parte hartzeko aukera izatea.

 • Gurpildun laborategi bat da ‘Perseverance’, eta puntako teknologia duten hainbat tresnez hornitua dago, arroka edo hauts lagin txikienetan bizitza arrastoak aurkitu ahal izateko. AVSn egindako ze tresna ditu? Zertarako balio dute?
Tresna horietako batzuei ekarpena egin diegu guk. SuperCam deiturikoak arrokak eta lurra aztertuko ditu laser baten bidez, eta mineralez osatutako erretilu moduko bat diseinatu eta egin dugu guk. Txikia da, eskuan sartzeko modukoa, eta kamera kalibratzeko balio du. Erreferentzia ezagun batzuetan oinarrituta aztertuko ditu Marteko gainazalean topatuko dituen arrokak. Horien konposizio kimikoa, atomikoa eta molekularra aztertuko ditu SuperCam laserrak. Azterketa horiek egin ahal izateko sarritan kalibratu beharko da laserra.

2021 02 25 perseverance marte AVS barren NASA paleta ona 2021 02 25 perseverance marte AVS barren NASA SuperCam Calibration Target

Ibilgailuak daraman Meda eguraldi estazioko parte bat ere garatu dugu, Marteko haizea neurtzeko sentsore mekanikoak egin ditugu, hain zuzen ere. NASAk Martera bidali zuen aurreko misioak, Curiosityak, (2012an ailegatu zen Martera), bazuen horrelako tresna bat, baina arazoak eduki zituzten haizea neurtzeko sentsoreekin. Marteratzerakoan kaltetu zirela uste dute. Hori dela-eta, ezin izan dituzte haizeari buruzko datuak jaso. Sistema horiek hobetu eta indartsuagoak egitea nahi izan dute Mars 2020 misioan, eta horixe izan da jarri ziguten erronka. Horregatik egin dugu tolestuta, sentsoreak babestuago joan zitezen marteratzeko operazioan. Horrez gainera, badu beste abantaila bat ere, tresna zabaltzerakoan robotaren lepotik gehiago urrunduko da eta zehatzagoa izango da haizearen neurketa, perturbazio gutxiago jasoko dutelako sentsoreek. Haizea neurtzeko sentsore horiek hobetu dituzten arren, filamentu oso meheak dituzte eta tentu handiz egin behar da lan beraiekin. Eskatu ziguten tresnak ezaugarri jakin batzuk eduki behar zituen, baina erronka izan da ezaugarri horien arteko oreka bilatzea. Batetik, Marteraino ailegatzeko sendotasuna eduki behar zuen, eta edozein baldintzapean zabaltzeko gaitasuna. Baina, bestetik, zabaldu eta tolesteko prozesu horretan ezin dira horren sentikorrak diren sentsoreak kaltetu. Erronka handia, alajaina, baina aldi berean dibertigarria izan da oreka hori bilatzeko diseinu prozesu guztia.

2021 02 25 perseverance marte AVS barren NASA MEDAWindSensor

 • Nola jarri zen harremanetan Elgoibarko enpresa bat NASArekin?
NASAk Marterako misio honetarako sentsoreak hobetzeko beharra zuela jakin zuen Madrilen dagoen astrofisika institutuak, eta gure berri eman zien aurreko instrumentua egin zuten kideei, Madrileko "Centro de Astrobiologia" (CAB) taldekoei. Horiek, arazoari konponbidea emateko gai izan gintezkeela esan zieten amerikarrei, gure dinamikotasuna dela-eta. Izan ere, txikia izateak badu bere abantaila alor honetan. Freskotasuna edo lotsagabekeria dugu erronkei aurre egiteko. Dezente hazi garen arren, oraindik mantentzen ditugun ezaugarriak dira, eta izen bat eman digu horrek, erreputazioa: Beste inork egin nahi ez dituen gauzak, gauza zailak, egiten ditugula. Erronka teknikoei irtenbideak emateko bokazioa daukagu. Enpresa handi bat zarenean, duzun lan bolumen handi horri eusteko irabaziak behar dituzu, eta horrek arrisku gutxiagoko lanak onartzera eramaten zaitu, konplexutasun tekniko txikiagoko lanak onartzera, emaitza ziurragoa delako. Gu, aldiz, suhiltzaileak modukoak gara, jendeak suari ihes egiten dionean sutara gerturatzen dira beraiek eta berdin egiten dugu guk zailtasun teknikoak planteatzen dizkigutenean. Eta beti lokatzetan sartzeko gogo horrek eraman gaitu gauden lekura eta daukagun erreputazioa izatera. Hala ere, NASAkoak konbentzitzea ez zen lan erraza izan. Hegan egiten zuen ezertan lan egin gabekoak ginelako ordura arte eta, jakina, oztopo handia zen hori espazioaren alorrean. Horregatik zaindu gaituzte luparekin, baina erakutsi diegu ez zeudela oker gugan sinistu zutenean.

 • Zer esan dizuete NASAkoek zuek egindako lanaz?
Gu oso pozik gaude egin dugun lanarekin eta NASAkoak ere oso pozik daude gure lanarekin, eta gauza handia da hori. Esan behar da elkarlan erraldoi baten fruitua dela Mars 2020 misioa. Jende, laborategi, enpresa eta erakunde mordoa aritu gara lanean. NASA bera ere hainbat laborategiren batura da. Zientzian, esploratu gabeko alorretan bereziki, ezinbestekoa da elkarlana. Elkarte handiak sortu behar dira eta bakoitzak bere ekarpena egin behar du. Azken finean, ingeniari moduan egiten duguna da arazo teknikoei konponbidea eman, komunitate zientifikoak aurrera egin dezan.

 • NASAk Kalifornia hegoaldean duen Jet Propulsion Laboratory (JPL) laborategian elkartu zituzten ‘Perseverance’ osatzen duten pieza guztiak. Nolako esperientzia izan zen?
Nire lankide Arkaitz Larman, diseinu arduraduna, izan zen guk eginiko piezak ibilgailuan gaineratzeko lanean aritu zenetariko bat. Eta JCLkoak poz-pozik gelditu ziren gure lanarekin, eta liruratuta Arkaitzenarekin. Gutxi behar izan zuten gure lankidea eurentzat geratzeko (barrez). Neuk eginiko kalkulu txosten bat inoiz jaso zuten onenetarikoa zela ere jakinarazi ziguten birritan, eta zoriondu egin gintuzten. Harro sentitzekoa da esperientzia handia duen jendearengandik halako laudorioak entzutea. Gauzak ondo egiten ari garen seinalea da, eta errekonozimendu bat gure lanari. Hala ere, estutu behar denean estutu ere egiten zaituzte NASAkoek, hala egin behar dutela uste badute. Arazoak konpondu behar dira eta kitto! Ez da ezer pertsonala. Gauzak ondo daudenean ondo daude, eta gaizki daudenean, gaizki. Berba egin eta arazoei konponbidea eman behar zaie, erruduna topatzen denbora galdu beharrean. Oso profesionalak eta efizienteak dira. Gustua ematen du NASAkoekin lan egiteak. Esperientzia oso aberasgarria izan da gure arteko hartu-emana. Asko ikasi dugu bost urteotan.

2021 02 25 perseverance marte AVS barren NASA muntaketa

2021 02 25 perseverance marte AVS barren NASA 2 ingeniari windsensors JPLn muntaia ekaina 2019

 • Elgoibar Makina Erremintaren hiriburua moduan ezagutzen da, baina zuen enpresak Silicon Valley baterako aproposagoa dirudi. Hala, bertako industriak izan duen bilakaeraren adibidea zarete?
AVS enpresa sortu zuten hiru bazkideetako bat den Miguel Angel Carrerak beti aipatzen du zerbaitegatik dagoela AVS Elgoibarren, ez dela kasualitatea, kausalitatea baizik. Erdi txantxetan esan ohi dugu hemen harri bati ostikada bat eman eta taladrina ateratzen dela azpitik. Egia da ehun industrial honetaz inguratuta egotea abantaila handia dela. Edozein arazo dugunean bertatik bertara ditugu gure hornitzaileak eta era askotariko enpresa ugari. Ekintzailetasun kultura hori eta hor bildukako jakituria guztia izan zen 2006. urtean AVS hemen sortzeko arrazoietako bat. Ordura arte pilatutako jakituria hori, zehaztasun handiko gauzak egiten eta mugitzen jakitea, eta ingurune konplexuetan egiteko gai izatea, horra hor AVSren arima, izateko funtsa. Horixe da egiten duguna. Hasieran guk garatutako zientzia lurrean erabiltzekoa zen, baina denborarekin espaziorantz begira jarri eta hazi egin gara. Eta begira nola diren gauzak: urte gutxitan Marten gaude. Duela zortzi urte iritsi nintzen ni AVSra eta espazioarekin zerikusia zuten pare bat proiektu bakarrik zeuden martxan. ESA Europako Espazio Agentziarentzat garapen teknologikoak egiten genituen, hasita geunden sektore horretan murgiltzen, oso ondo ezagutzen eta menperatzen genuelako huts teknologia eta baita erradiazioaren ingurukoak ere, instalazio zientifikoetan lan egin izanagatik. Pauso naturala izan zen guretzat, konplexutasuna handitzen duen pausoa izan zen arren. Orain, Martekoaz gainera, espazioarekin zerikusia duten proiektu ugaritan ari gara lanean; eskuak bete lan daukagu egia esan. Dagoeneko hasita gaude lanean Perseverance-k Marten jasoko dituen laginen bila 2026an joango den misiorako.

 • Ilargiarekin zerikusia duten proiektuetan ere bazabiltzate lanean?
Bai, hainbat proiektutan sartuta gaude. Europako Espazio Agentziarekin, esaterako, Ilargira joateko teknologia garatzen ari gara. Orain dela gutxi irten da hedabideetan prototipo bat Tecnaliarekin elkarlanean garatu dena. Ilargian dauden osagaiekin etxeak eraikitzea da asmoa, 3Dko inpresorak erraldoiak erabilita. Lanean ari garen beste proiektu batean, Ilargiko errekurtsoak aprobetxatu ahal izateko teknologia garatzen ari gara. Ilargiko hautsa hartu, hein handi batean oxidoz eta burdinez osatua dagoena, eta material horiek banatzea da ideia, oxigenoa eta burdina eskuratzeko, arnasteko lehena eta gauzak eraiki ahal izateko bigarrena. Lagatzen diguten saltsa guztietan sartuta gaude.

 • Izen bat egina duzuela diozu. Ingeniari gazteentzat erakargarria izango da zuekin lan egitea?
Marteko misio honen aurretik ere igartzen genuen hori. Fusioaren alorrean ere hazkunde handia izan dugu eta hor ere eskabide handia dugu gurekin lan egiteko. Esperientzia askotariko jendeak batu nahi du gure proiektuetara. Dezente hasi gara azken aldian eta 100 bat langile ditugu Elgoibar, Erresuma Batuan eta Sevillan banatuta. Eta orain baita Ameriketako Estatu Batuetan ere, hango enpresa bat erosi eta gero. Bitxia da AEBtako enpresa horrekin dugun istorioa. AVS sortu zutenean, enpresa hori erreferente bat zen bazkide fundatzaileentzat, edozeri heltzeko gaitasuna zutelako, inork egin nahi ez zituen gauzak egiten zituzten, baita aldrebesenak ziruditenak ere. Hamahiru urte beranduago AVSk erosi du. Nola diren gauzak, maisua gainditzen bukatzen dugu.

 • Lanera gogoarekin joaten zaren sentsazioa daukat?
Ni oso gustura joaten naiz bai, asko gustatzen zait nire lana, ongi pasatzen dudalako. Horretarako asko laguntzen du AVSn dugun lan giroak ere. Luxu bat da AVSn lan egitea.

2021 02 25 perseverance marte AVS barren NASA Iñigo Sard at ESMATS2019 presenting MEDA WindSensordeploymentmechanism MARS2020

∞ Lotura duten albisteak:

  AVSri buruzko erreportajea BARREN aldizkariaren 994. zenbakian (PDF)