LABek "jazarpen sindikala" salatu du Elgoibarko Hansa-Flex enpresan eta mobilizazioak iragarri ditu

Barren.eus 2021ko ots. 25a, 14:43

Albitsuriko industriagunean dagoen Hansa Flex enpresan "jazarpen sindikala" egon dela salatu du LAB sindikatuak, eta lantegiaren aurrean elkarretaratzea egingo dutela aurreratu dute.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, joan den otsailaren 19an, Hansa Flex lantegiko zuzendaritzari jakin arazi zioten aipaturiko enpresan hauteskunde sindikalak sustatzeko aurreabisua eman zutela Lan Delegaritzan, eta hauteskunde prozesua hasiko zutela martxoaren 18an, hau da, mahaien osaketa egingo zutela. "Bide batez, LAB sindikatuaren izenean aurkeztuko zen hautagaiaren dokumentua eman genion enpresari, Lan Delegaritzaren zigiluarekin, non gure hautagaiaren datuak agertzen ziren", zehaztu dute. Hautagaitzarako dokumentu hori, euren hautagaiaren kontrako "zuzendaritzaren balizko erasoetatik" babesteko aurkeztu zutela diote LABetik.

Enpresaren erantzuna otsailaren 21ean jaso zutela gaineratu dute. "Mugikortasun geofrafikoa aplikatu zioten, traslado bat, alegia. Horrelakorik berarekin aurrez inoiz ez bazuten egin ere. Hala, martxoaren 24tik aurrera, enpresak Manresan (Katalunia) duen lan zentrora bidaliko dutela jakinarazi zioten. Jarrera anker eta koldar hau, askatasun sindikalen urraketa larri bat da. Gogoratu dezagun, legearen arabera, askatasun sindikala, oinarrizko eskubide bat dela, Konstituzio espainiarraren 28. artikuluan jasoa dagoena. Beraz, argi eta garbi esan dezakegu, Hansa Flex-eko zuzendaritza, Thomas Hurst Shiborn jauna, zehazki, oinarrizko eskubideen aurka ari den pertsona bat dela. Ez dauka errespeturik duela hamarkada batzuk konkistatu ziren eskubide sindikalekiko, eta are gutxiago bere langileekiko. Horrez gain, LAB sindikatuko komunitatea osatzen dugun gizon eta emakumeekiko eraso larritzat ere jotzen dugu gertatzen ari dena, eta noski, juridikoki zein ekintza sindikalaren bitartez eraso hau gelditzeko gure esku dagoen guztia egingo dugu. Bere 'ereduaren' arabera, errespetuz eta laguntasunez jokatzen omen du Hansa Flex-ek, eta bere 'barne araudiak' dio ez duela inor diskriminatzen arrazoi politikoengatik, baina argi dago ez dela hori benetan egiten duena. Ez du onartzen, beretzat lanean ari diren langileak antolatzea. Langile desantolatuak eta otzanak nahi ditu, berak nahi duen guztia egiten jarraitzeko", azaldu eta salatu dute sindikatuko arduradunek.

"Erasoen" aurrean, euren hautagaia babestuko dutela diote, eta elkarretaratzea bat ere antolatu dute martxoaren 5erako. LABeko delegatuen elkarretaratzea egingo dute, 11:00etan hasita, lantegiaren aurrean. Ekitaldi horretan, "injustizia honi aurka" egiteko prest dagoen pertsona oro ongi hartuko dutela jakinarazi dute.