Langabe kopuruak gora egin du Elgoibarren urtarrilean, azken hilabeteetako joera hautsiz

Barren.eus 2021ko ots. 2a, 16:26

Joan den irailean hasitako beherako joera eten eta langabezia igo egin da Elgoibarren urteko lehen hilabetean. Hori bai, kontuan izan behar da langabeziaren joera handitzekoa izaten dela urtarrilean, eta Debabarrenean gertatu den moduan, aurtengo urtarrilean ere gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian.

Urtarrilaren amaieran 529 langabe zeuden Elgoibarren, abenduan baino 19 gehiago. Aurtengo urtarrilean erregistratutako langabezia-tasa (%9,57) iazko urtarrilekoa baino 0,35 puntu altuagoa da. Debabarreneko herri gehienetan handitu da langabezia, Deban eta Mendaron izan ezik. Mendaron 81 langabe erregistratuta zeuden enplegu bulegoetan, aurreko hilean baino bat gutxiago.

Hona hemen Debabarreneko abenduko datuak, herriz herri:

  • Eibar 1.696   (%13,31)
  • Elgoibar 529   (%9,57)
  • Mendaro 81    (%8,19)
  • Deba 209    (%7,84)
  • Soraluze 271    (%14,46)
  • Debabarrena 3.014    (%11,39)

2020ko abenduko datuak Debabarrenean:

  • Eibar 1.662 (%13,05)
  • Elgoibar 510 (%9,22)
  • Soraluze 259 (%13,82)
  • Mutriku 254 (%9,35)
  • Deba 211 (%7,92)
  • Mendaro 82 (%8,29)
  • Debabarrena 2.978 (%11,26)

 • Hego Euskal Herrian langabezia gora
Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 2.578 langabe gehiago erregistratu dira urtarrilean, 172.455 langabe daude guztira. Horietatik 130.730 dira EAEkoak eta, hain zuzen ere, horien gaineko balorazioa egin du goizean Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde Alfonso Gurpegik, datuak txarrak direla onartuz, zerbitzuetan eta ostalaritzan batez ere.
Hala ere, zortzi hamarkadetako krisirik handiena bizitzen ari garela eta urtarrila beti hilabete txarra dela kontuan hartuta, "ez dira duela hamarkada bateko krisian ikusitako suntsipen mailetara iristen" adierazi du Gurpegik. "Zalantzarik gabe, ERTEak izaten ari dira tresnarik eraginkorrena lanpostuak babesteko, guztiz kanpokoa den faktore batek (koronabirusa) eragiten dituen arriskuei eusten zaien bitartean. Baina ERTE horiek konpromiso garbia dira, Gobernuei dagokien enplegua ez suntsitzeko ", adierazi du.

Urtarrilean ohikoa izaten den beste mugimendu bat da milaka afiliatu galtzen dituela Gizarte Segurantzak. LANBIDEn erregistratutako datuen arabera; afiliazioa 8.248 pertsonatan jaitsi da, Gizarte Segurantzaren datuen arabera. Urte batean 21.593 kotizatzaile galdu ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian.