Elgoibarko ostalariek udal ordezkariei jakinarazi dizkiete dituzten beharrak eta eskaerak

Barren.eus 2021ko urt. 27a, 21:49

Herriko ostalariak kalera irten dira berriro ere protesta egitera, baina oraingoan udalbatzarrera ere eraman dituzte euren eskaerak. Pandemiaren ondorioz bizi duten egoera "kritikoa" dela azaldu dute ostalarien ordezkariek udal ordezkari guztien aurrean, gainerako ostalariek plazan lapiko jotzea egiten zuten bitartean.

Elgoibarko ostalarien sektoreak bat eginda protesta egin zuen joan den azaroaren 13an, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ixteko agindua jarri baitzuen indarrean azaroaren 7an. Orain, berriro ere aukera handiak daude Elgoibarko ostalaritza ixteko, eremu gorrian baidago Elgoibar. Ostalaritza ixtea eta Eskola Kirola etetea eguenean dauden datuen arabera erabakiko ditu Jaurlaritzak, eta hurrengo egunean, barikuan, jarriko lirateke indarrean.

Datorkienaren aurrean, berriro ere kalera irten dira ostalariak, haserre. Elgoibarko Udalaren Osoko Bilkurak 2021erako udal aurrekontuak eztabaidatu behar zituela probestuz, ostalariak Kalegoen plazan batu dira 18:00ak inguruan, bilkura hasi baino orduerdi lehenago, 'SOS ostalaritza'idatzita zuten pankartak eskuetan, eta protesta zaratatsua egin dute. Lapiko jotzea egin dute udalbatzarrak iraun duen bi ordutan. Ostalarien bi ordezkarik, Eneritz Burunzak eta Manu Reyk, pleno aretotik jarraitu dute bilkura eta berba egiteko aukera izan dute amaieran.

Ostalaritza eta merkataritza sektorearentzako laguntzak hizpide izan dituzte 2021erako udal aurrekontuak onartu dituzten plenoan, eta EAJko bozeramaile Maialen Gurrutxagak aurreratu duenez, 180.000 euroko partida bat egongo da ostalaritzako eta merkataritzarako bono kanpaina berrietarako, eta partida hori handitzeko beharra ikusten bada aztertuko dutela zehaztu du. Gogora ekarri du 2020an 200.000 euro bideratu dituela Udalak bono kanpainetara. Diru partida horiez gainera, beste modu batzuetan ere lagundu dietela sektore horiei gaineratu du Gurrutxagak, eta Elgoibarklik plataforma digitala sortu izana aipatu du. "Pandemia honek erakutsi digu beste modu batean egin behar direla gauzak. Ulertzen dugu ostalarien haserrea eta beti aurkituko gaiztuzte berba egiteko eta irtenbideak emateko prest. Alabaina, arduraz eta zuhurtziaz jokatzea tokatzen zaigu. Errealitatera egokitutako laguntzak izan behar dira eta teknikarien txostenetan oinarritutakoak".

"Egoera kritikoa"
"Egoera kritikoan gaudela ikus dezazuela nahi dugu. Ikusten eta entzuten duzuen moduan jendea etsita dago", esan du Manu Reyk pandemiaren ondorioz bizi duten egoeraz, Kalegoen plazan protesta egiten ari ziren kideak aipatuz. Konfinamenduagatik eta ostalaritzaren itxialdiagatik 2020. urteko laurden bat lanik egin ezinda pasa dutela azaldu die udal ordezkariei, eta hori sostengatu ezina dela. Horrekin batera ordutegiak murriztu izana ostalarien lana galzorian jartzen ari dela azaldu du, lanik handiena "asteburuetan eta 20:00etatik 23:00etara bitartean" edukitzen dutela-eta. 
"Denon artean saiatu behar dugu egoera hau ez dadin izan izaten ari den bezain larria", esan die Reyk, eta egoerari buelta emateko lan egitea eskatu die. Iaz Udalak ostalaritzari laguntzeko bono kanpainak ez zituela guztiz asetu azaldu du gero. "Iaz bonoenak ideia ona ematen zuen, baina gero bezeroentzat onuragarriagoa izan da ostalarientzat baino. Lan gehiago egin behar izan dugu guk eta gainera dirua aurreratu, eta batzuetan hogei egun ere itxaron behar izan dugu aurreratutako diru hori bueltan jasotzeko".
Bonoak baino zuzeneko laguntzak eraginkorragoak izan daitezkela uste dute. "Badakigu beste udal batzuk, besteak beste, Mendaron, Durangon eta Azpeitian zuzeneko laguntzak eman dizkietela ostalariei. Ez dakigu zehatz mehatz zertan datzan, astirik ere ez dugulako izan ondo aztertzeko, baina aukera hori kontuan izateko eskatu nahi diogu Udalari".
Lanik egin ezin dutenean zergak eta tasak ordaintzeari eteteko aukera izatea ere eskatu dute, zaborren eta terrazen gaineko zergak esaterako. "Hori ere kontuan hartzea eta aztertzea eskatzen dizuegu".

Eneritz Burunzak ostalaritza ixteko erabakia zertan oinarrituta dagoen argitzea ere eskatu du, eta merkataritza sektorearentzat ere ez dela ona ostalaritza itxita egotea nabarmendu du. Erabakiren bat hartzea premiazkoa dela esan die agintariei. "Ez dakit zer erabaki hartu behar duzuten, baina oraintxe hartu behar dituzue, ez gaudelako zain egoteko egoeran. Ia urtebete daramagu horrela, eta laguntzak oraintxe behar ditugu, zuloa gero eta handiagoa baita, eta batzuk euren negozioak ixtekotan daude".

Ane Beitia alkateak eskerrak eman dizkie bi ordezkariei euren azalpenak ematera udaletxera joatearren eta esan die eginiko eskaerak jaso dituela. Horrez gain, eurekin batzeko konpromisoa adierazi die.

2021 01 27 ostalariak elgoibar protesta udalbatzarrean mikrofonoa alkatea

2021 01 27 ostalariak elgoibar protesta udalbatzarrean eneritzburuinza manurey

2021 01 27 ostalariak elgoibar protesta udalbatzarrean kalegoen

2021 01 27 ostalariak elgoibar protesta udalbatzarrean umea

2021 01 27 ostalariak elgoibar protesta udalbatzarrean kalegoen1

2021 01 27 ostalariak elgoibar protesta udalbatzarrean b1