Autonomoentzako eta enpresa txikientzako aholkularitza zerbitzua jarri du martxan Debegesak

Barren.eus 2021ko urt. 22a, 11:33

COVID-19ak eragindako zailtasun ekonomikoak dituzten enpresei zuzenduta dago Debabarreneko Garapen Agentziak abian jarri duen aholkularitza zerbitzua.

Autonomoei eta enpresa txikiei laguntzeko aholkularitza-zerbitzua jarri du martxan Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. COVID-19ak eragindako zailtasun ekonomikoak dituzten enpresei zuzenduta dago zerbitzua, eta garapen agentziatik jakinarazi dutenez, modu pertsonalizatuan emango diete arreta. Enpresen egungo egoera aztertzea, negozioaren diagnostikoa egitea, etorkizuneko urratsak finkatzea eta diru-laguntzen/laguntza- programen berri ematea da programa honen helburua. 

Aholkularitza programa honen lehen urratsa autonomoen edo enpresa txikien COVID-19aren ondorengoko egoera aztertzea izango da. Ebaluazioa egin ondoren, hobetzeko ekintza zehatzak identifikatuko dituzte, funtsezko atalak kontuan hartuta: besteak beste, finantzaketa edo bezero berriak topatzeko prozesua. Bestalde, etorkizuneko beharrak asetzeko eskuragai dauden dirulaguntzen eta laguntza programen inguruan informazioa emango dute. Zerbitzua doan emango dute.

  • Interesa dutenek Debegesako enpresa eta berrikuntza teknikariarekin jarri behar dira harremanetan, Ane Iturzetarekin. Bi bide daude horretarako: posta elektronikoz (ekintzaile@debegesa.eus) edota telefonoz (943 820 110). Apirila baino lehen egin behar da kontaktua.