Mendaroko Egile Mechanics enpresak hamabi langile kaleratu dituela salatu du LAB sindikatuak

Barren.eus 2021ko urt. 20a, 15:50

Hegazkigintza sektoreko krisiak Deba eskualdea ere "kolpatu" duela azaldu du LAB sindikatuak. Salatu dutenez, Mendaroko Egile Mechanics enpresak hamabi langile kaleratu zituen 2020ko abenduaren amaieran, aldi baterako enplegu espedientea (ABEE/ERTE) aplikatu ostean.

LAB sindikatutik jakitera eman dutenez, kaleratze hauekin agerian geratu da patronalak ABEEak bezalako neurri koiunturalak zein kaleratzeak moduko tresna estrukturalak erabiliko dituela COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko, "sektoreko etorkizuneko lan baldintzak kaskartuz".

Joan den abenduaren 15ean pandemiak ekarritako egoeraren inguruan argitara eman zuten irakurketa gogora ekarri du LABek. "Irakurketan hartan salatu genuen moduan, hegazkingintza sektore estrategikotzat aurkeztu dute eta diru publiko asko inbertitu da. Hala ere, sektoreko langileak inolako babesik gabe geratu dira eta enplegua suntsitzen ari da sektorea eraldatuz eta etorkizun batean langile prekarioagoengatik ordezkatuz". Patronalari eta administrazioari urrats ezberdinak emateko eskatu zizkiotela ere nabarmendu dute, besteak beste honakoak: inbertsioak pertsonetan egitea, langileak kaleratzea ekiditen dituzten tresnak erabiltzea edo diru publikoa era arduratsu batean banatzea. "Kaleratze hauek gure eskaera indartzeko balio digute, azaldutako kontestuan argi kokatzen direlako. Langileok krisia ordaintzen ari gara eta LABetik enplegu duina defendatzeko eta langileon aktibazioa pizteko dinamikak martxan jartzen jarraituko dugu", adierazi dute.