Elgoibarko AVS enpresaren ibilbidea "enpresen berrikuntzan ahalegin irmoa eta etengabearen" erakusle dela nabarmendu du Markel Olanok

Barren.eus 2021ko urt. 18a, 13:45

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek lan bilera bat eduki dute gaur goizean Added Value Systems (AVS) enpresako arduradunekin. Markel Olano diputatu nagusiak enpresa elgoibartarren ibilbidea goraipatu du, AVS enpresa nazioarteko erreferentzia bat baita espazioaren eta instalazio zientifiko handien sektorerako maila teknologiko handiko proiektuen garapenean. Besteak beste, NASAren M2020 misioan parte hartzen ari dira.

AVS-k Elgoibarren dituen instalazioetara eginiko bisitan, Miguel Angel Carrera kontseilari delegatuak azaldu dizkie foru arduradunei, Olano bera eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañaga, konpainiak lantzen dituen proiektuak. NASAren M2020 misioan duten parte-hartzea da nabarmenetariko bat. Aurreikuspenen arabera, Martera bidean den misioa otsailaren 18an lurreratuko da planeta gorrian, iraganeko bizitzaren aztarnak bilatzeko eta planetaren klima eta geologia aztertzeko.

AVS-k "Perseverance" izena duen Rober esplorazio espazialeko ibilgailuaren zazpi zatietatik bi diseinatu, probatu eta eraiki ditu: MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer) tresnaren sentsoreak, horien bidez haizearen abiadura eta norabidea, presio atmosferikoa, hezetasun erlatiboa, giro tenperatura eta eguzki erradiazioa neurtuko dituztenak, eta baita SuperCam kalibrazio sistema ere, kamera, laserra eta espektrometro bat erabiliz Marteko arroken kimika urrunetik aztertzen duen instrumentua. Ustekaberik ezean, robotak V-541 Atlas suziritik askatu ondoren ekingo dio lanari. Suziri hori handienetariko bat da planeta arteko hegaldietan erabiltzen direnen artean. Jezero kraterraren hondoan egingo du. Leku horretan bertan laku bat egon zen eta aberatsa da sedimentuetan.

2021 01 18 markel olano Gipuzkoa avs perseverance elgoibar GFA
 • Martetik laginak ekartzeko hurrengo misioan posizionatuta
NASA espazio agentziaren misio horretan parte hartzeari esker, planeta gorrira egingo duten hurrengo misiorako -MSR (Mars Sample Return)- "ondo posizionatuta" dagoela jakitera eman dute aldundiko eta enpresako arduradunek.
2026an aireratuko den misio horretan, laginak bilduko dituzte Marten, eta, historian lehen aldiz, Lurrera ekarriko dituzte, sakon aztertzeko. AVS fidagarritasun oso handiko sistema mekatronikoen garapenean espezializatuta dago. Sistema horiek muturreko baldintzetan –huts giroan, muturreko tenperaturetan edo erradiazioarekin– funtzionatzen dute, eta, horren ondorioz, "NASAk konfiantza izan du" eurengangan tresna horiek diseinatzea eskatzeko. Misioa behar bezala egiteko funtsezko tresnak dira; izan ere, huts eginez gero, hondatzeko arriskua legoke. Ibilgailuak oso baldintza gogorretan egin beharko du lan: lurraren idorrean, hauts ekaitzekin edo -80 gradura arteko tenperaturetan.
 • Europako Espazio Agentziarekin lankidetza oparoa
Era berean, misio horiei esker, indartu egingo da AVS enpresak Europako Espazio Agentziak datozen urteetan Ilargia esploratzeko dituen proiektuetan izango duen posizionamendua, agentzia horrek ere Marte planetako laginak Lurrera bueltan ekartzeko misioan parte hartuko baitu. Elgoibarko enpresaren eta ESAren arteko lankidetza duela urte batzuk hasi zen, asteroideen laginak biltzeko sistema diseinatu zutenean. Harrezgero, 20 kontratu baino gehiago sinatu ditu erakunde horrekin. Besteak beste, COPERNICUS Lurra behatzeko asmo handiko programarako sistemak ematea, sateliteentzako gailuak garatuz, horien bizitza baliagarria amaitu delako eta desintegratzeko orbita seguruetara eraman behar direlako, edo bizitza erabilgarria handituko duten zerbitzuak behar dituztelako, hala nola sistemak gehitzea edo ordeztea, konpontzea edo erregaiz hornitzea. India ISRO agentzia espazialarekin ere lan egiten dute.
 • Olano: "Enpresen berrikuntzan erakusle"
Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du AVSren ibilbidea "enpresen berrikuntzan ahalegin irmoa eta etengabearen" erakusle dela; izan ere, urtero fakturazioaren % 30 bideratzen du zeregin horretara, eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei "I+G+Bren aldeko apustua areagotzeko" deia egin die, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko eta, horrela, euren merkatuetan "aukera berriak" sortzeko. "Gure industriaren eta lurraldearen potentzial berritzailea Gipuzkoako ehun ekonomikoaren DNAren parte da. Balio hori indartu eta maximizatu egin behar dugu egungo testuinguruan, gure enpresen lehiakortasunari eusteko, hori beharrezkoa baita industria bezalako funtsezko sektore batean jarduera eta enplegua mantentzeko ", adierazi du Olanok, eta 2021eko aurrekontuetan berrikuntza eta ikerketa sustatzeko ildoak "kuantitatiboki eta kualitatiboki" indartuko direla iragarri du.
Olanok enpresa elgoibartarren ibilbidea goraipatu du, Gipuzkoako talentuarekin eta industriarekin duen konpromisoagatik, inguruko enpresei eta bertan lan egiten duten pertsonei "ezagutza aurreratua eta berrikuntza teknologikoak sortzen eta irradiatzen" dizkien konpainia delako. "AVS bezalako ibilbidea duten enpresak izatea funtsezkoa eta ilusionagarria da Gipuzkoa bezalako lurralde txiki batentzat", adierazi du diputatu nagusiak, izan ere, Europarentzat "etorkizuneko erronka garrantzitsuenetako" batzuetan "lan egiteko bideak irekitzea eta parte hartzea" suposatzen du, ikerketa aeroespaziala eta eraldaketa bezalako jarduera estrategikoetan. "Balio horiek guztiek argi eta garbi erakusten dute AVS Gipuzkoako enpresa berritzaile, lehiakor eta lurraldearekin konprometituaren eredua dela. Eredu hori indartzen jarraitu behar dugu, pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko", gaineratu du.
 • Carrera: "Eraginkorrak, fidagarriak, lehiakorrak eta oso iraunkorrak gara"
Bestalde, Miguel Angel Carrerak adierazi duenez, euren jarduera-eremu guztietan kontratu garrantzitsuak behin eta berriz irabaztea lortzen duen munduko enpresa bakarra dira: "Astrofisika, laserra, neutroiak, espazioa, azeleragailuak, sinkrotroiak eta fusioa. Zalantzarik gabe, erreferentzia bikainak lortu ditugu, eta, aldi berean, balio teknologiko handiko kontratu berriak irabazteko aukera eman digute". Kontseilari delegatuaren arabera, ezaugarri askok definitzen dute AVS: "Eraginkorrak, fidagarriak, lehiakorrak eta oso iraunkorrak gara. Aurrekaririk ez duten tresnak eta mekanismoak sortzeko eta lizitazio bakoitzaren zehaztapenetara hobekien egokitzen diren eskaintzak diseinatzeko gaitasun handia dugu. Horrek guztiak lehiatzeko aukera eman digu, eta gainditzeko zailak diren oztopo asko gainditu ditugu".

2021 01 18 markel olano Gipuzkoa avs elgoibar GFA
 • Sorrera eta garapena
AVS 2006an hasi zen lanean, hiru ingeniari gaztek bultzatuta: Carrerak berak, Jon Osorok eta Ricardo Diegok. 15 urte hauetan hazten joan da, eta, gaur egun, hainbat arlo teknologikotako 100 ingeniari, teknikari eta espezialista baino gehiago biltzen ditu. 2014an hasi zen nazioartean hedatzen, eta AVS UK sortu zuen Oxforden. Ondoren, beste egoitza batzuk ireki zituzten New Yorken eta Frantzian. (*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia)

∞ Lotura duten albisteak:

  AVSri buruzko erreportajea BARREN aldizkariaren 994. zenbakian (PDF)