Langabeak kontratatzeko diru-laguntzak emango dizkie Elgoibarko Udalak herriko enpresei

Barren.eus 2021ko urt. 4a, 13:03

Elgoibarko Udalak 52.500 euro bideratuko ditu Elgoibarren finkatutako enpresek langabeak kontrata ditzaten. Diru-laguntzak jasotzeko eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa aurkezteko epea 2021eko martxoaren 31an bukatuko da.

Diru-laguntza Elgoibarren lantokia duten pertsona fisiko edo juridikoek, sozietate zibilek eta elkarteek jaso ahal izango dute, betiere DLOren 13.2 artikuluan ezartzen diren debekuetatik bat bera ere ez badute. Kontratuko diren pertsonek Elgoibarren erroldatuta egon beharko dute, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik, langabezian eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute.

Diruz lagunduko diren kontratuak 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak izango dira eta kontratuen gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da. Horiek dagokien sektoreko hitzarmenaren arabera egin beharko dira eta edozein kasutan, ez dira diruz lagunduko ondorengo pertsonen kontratazioak: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola dutenen edo zuzendaritzan kargua dutenen edo juridikoki sozietateak diren enpresetako administrazio organoetako kide direnen ezkontideak, ondorengoak eta odolkidetasuneko edo ezkontzako kidetasuna duten gainerako ahaideak (bigarren mailarainokoak, haiek barne).

% 50eko lanaldiko hiru hileko bost kontratu eta % 100eko lanaldiko hiru hileko hamabost kontratu lagunduko dira diruz. Halaber, soldaten eta Gizarte Segurantzaren kostuen % 75 lagunduko da gehienez ere, muga hauek izanik: 3.000 euro lanaldi osoko hiru hileko kontratuetan, eta 1.500 euro lanaldi erdiko hiru hileko kontratuetan. Kontratatutako pertsonen % 40 emakumeak direla bermatzeko, lehenik eta behin, zortzu emakume kontratatzeko diru-laguntzak emango dira, eta ondoren, gainerako eskaerak artatuko dira, sarrera hurrenkeraren arabera. Enpresek zortzi emakume kontratatzeko diru-laguntza eskatzen ez badute, diru-laguntza kopurua proportzionalki murriztuko da kontratatutakoen % 40 emakumeak izan arte. Kasu horretan, ez da erabiliko gelditzen den aurrekontuko kreditua.

Diru-laguntzak jasotzeko eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa aurkezteko epea 2021eko martxoaren 31an bukatuko da. Hauek HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzuan, Santa Ana kalea 2) edo telematikoki Elgoibarko Udaleko web orrian aurkeztu beharko dira.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratutako oinarriak -PDF-