Herriko merkataritza suspertzeko indarrak batu dituzte Txankakuak eta Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2020ko aza. 17a, 17:05

Elgoibarko Udalak eta Txankakua merkatarien elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute merkataritza dinamizatzeko hainbat ekintza bultzatzeko. Horien artean, 'ElgoibarKlik' izeneko plataforma digitala garatu eta ezarriko dute. Udalak 40.700 euroko diru laguntza emango dio Txankakuari.

Merkataritzaren sustapenarekin zerikusia duten hainbat jarduera diruz laguntzeko hitzarmena sinatu dute, gaur, Ane Beitia alkateak eta Txankakua elkarteko lehendakari Ruth Garatek. Era berean, hitzarmen "garrantzitsu" honen sinaketaren lekuko izan dira Lourdes Lazaro eta Xabier Aldalur Dendartean (Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkura), elkarteko proiektuetako teknikariak, Atzegin Uzuriaga Ekonomia Sustapenerako zinegotzia eta Txankakuako kudeatzaile Nerea Erkiaga.

2020 11 17 hitzarmena txankakua elgoibar udala
Merkataritza txikia suspertzeko eta koronabirusaren pandemiak sektorean sortutako kalteak arintzeko bat egin dutela azaldu dute hitzarmenaren sinatzaileek. Horretarako, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismo eta Landa Inguruneko Departamenduaren laguntzarekin (34.333 euro), 40.700 euroko dirulaguntza emango dio Txankakuari, elkarteak merkataritza dinamizatzeko hainbat ekintza egin ditzan. Besteak beste, udalerriko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu-sektoreko negozioei ikusgarritasuna emango dien 'ElgoibarKlik' on-line salmentarako plataforma digitala.

"Gure dendarien ondoan egoteko unea da. Udaletik euren negozioak suspertzen laguntzeko irtenbide bila jarraitzen dugu. Hitzarmen hau pandemia hasi zenetik merkataritza edo ostalaritza bezalako sektoreak suspertzeko egiten ari garen ahaleginaren eta konpromisoaren beste adibide bat besterik ez da. Aurten, 200.000 euro baino gehiago inbertitu ditugu bonuak martxan jartzeko, adibidez, eta, hitzarmen honetarako, beste 40.000 euro erabiliko ditugu, zeintzuen bitartez tokiko ekonomia suspertzea espero dugun", adierazi du Ane Beitiak. Halaber, Beitiak herrian merkataritzak eta ostalaritzak duten garrantzia nabarmendu du, eta elgoibartarrak hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzera eta tokiko komertzioetan kontsumitzera animatu ditu. "Elgoibarko establezimenduetan erosketak eginez, jarduera dinamizatzen dugu, kaleei bizia ematen diegu, gure auzoei bizia ematen diegu, Elgoibarko familiei bizia ematen diegu", esan du.
Ildo beretik, Txankakuako presidente Ruth Garatek azpimarratu du "une dramatiko hauetan", elgoibartar guztien batasuna inoiz baino garrantzitsuagoa dela Elgoibar bizirik mantentzeko. "Erakunde, elkarte eta herritarren arteko lankidetza eta konpromisoa funtsezkoak dira egoera zail honetatik elkarrekin eta lehenbailehen atera gaitezen", esan du.

 • Dinamizazio komertzialeko ekintzak eta 'ElgoibarKlik' abian jartzea
Gaur goizean sinatutako hitzarmenak bi akordio jasotzen ditu. Alde batetik, Udalak 4.400 euroko dirulaguntza emango dio Txankakuari, merkataritza dinamizatzeko ekintzak abian jartzeko. Zentzu horretan, merkatarien elkarteak lan egingo du formazio, komunikazioa, animazioa eta komertzio sektorearen eta aisialdi-sektorearen sustapena helburu duten ekintzak gauzatzeko. Besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

  • Elkartegintza sustatu.
  • Hiri merkataritzaren ikuspegi bateratua eta erakargarria sustatu eta sendotu.
  • Bezeroaren leialtasuna bultzatu kanpainen, deskontuen, berehalako sarien, puntu katalogoen eta zozketen bitartez.
  • Inguruko herrietako bezeroak erakartzeko ahalegina egingo du, bezeroak azalera handietara joan ez daitezen.

Eta beste alde batetik, Elkarteak “ElgoibarKlik” izeneko plataforma digital bat jarriko du abian, Elgoibarko saltokiei ikusgarritasuna emateko, horien digitalizazio maila edozelakoa dela ere. Horrela, tokiko eskaintza anitza zabaltzea nahi dute, gune bakar batean kontzentratuko dena.
Merkataritzako direktorio bat egingo dute parte hartu nahi duten dendekin. Plataforma sektoreka antolatuko da eta honako hauek bereiziko dira: Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu enpresak. Direktorioa osatzen duten enpresen informazio zehatza eskainiko dutela jakinarazi dute.

Halaber, Market Place izeneko atal bat izango du beraien plataformen bidez, on-line saltzen duten udalerriko enpresa guztiak bilduko dituena. Whatsapp bidez saltzen duten elikagaien saltokiak elkartuko dituen bestelako atal bat ere egongo da. Plataformak erosketak etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dituzten enpresen direktorioa izango du.

Plataformarekin bat egiten duten establezimenduek digitalizazio kit oso bat izango dute. Horretan, partaide bakoitzak ordainketa-pasabide bat izango, du banketxeekin negoziatzeko, beste pasabide batzuen komisioak negoziatzeko… beharrik gabe eta plataforma logistiko bat ere egongo da, saltokiak etxera eramateko zerbitzua eskaini ahal izateko. Hitzarmenak on-line formazio ikastaroak hartuko ditu beregain.
Laburbilduz, behin digitalizazio prozesu guztia eginda, plataformak honela funtzionatu beharko du:

  • Saltokia erregistratu egingo da, eta informazioa jasoko du plataformako gestore gisa.
  • Establezimenduan bertan lehenengo laguntza eskainiko da plataforma erabiltzeko informazioa zabaltzeko.
  • Formazio moduluak egingo dira, bai on-line, bai parte-hartzailearen dendan bertan.
  • Establezimenduak gune propioa sortuko du plataforman.
  • Gunea sortzeko eta kudeatzeko, laguntza eta jarraipena izango dute prozesu guztiaren baitan.
  • Paketeria-zerbitzua kudeatzen irakatsiko da.

Zentzu horretan, Udalak zein Txankakuak baterako deia egin diete udalerriko establezimenduei, proiektuarekin bat egin eta plataforma horretan parte har dezaten. Horretarako, interesa duten negozioak Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu sailera edota merkatarien elkartera jo dezakete, etorkizunean abiaraziko den web orrian agertzeko.
Proiektu pilotua denez, Udalak haren ezarpena, garapena eta sendotzea babestuko ditu. Horretarako, 4 urterako tutoretza aldi bat ezarri da, zeinetan Udalak proiektuaren kostua bere gain hartuko duen. Laugarren urtetik aurrera, onuradunek plataformaren mantentze-kostua ordainduko dute, hileko kuotak ordainduz.
Hasierako fase honetan parte hartu nahi duten negozioek 2009ko JESN jardueren zerrendan egon beharko dute. Gero, Udalak dirulaguntza justifikatzeko ebazpena tramitatu eta plataforma bere gain hartzen duenean, baldintza hori ez da nahitaezkoa izango.

2020 11 17 Hitzarmenarena udala txankakua elgoibar dendartean