Elkarretaratzea egin dute Mendaron ostalaritza babesteko eskatzeko

Barren.eus 2020ko aza. 8a, 09:02

Eusko Jaularitzak gutxienez hilabete osorako taberna eta jatetxeei ezarritako itxialdiaren harira, elkarretaratzea egin zuten zapatuan Mendaron, ostalaritzari babesa agertzeko eta ostalaritzan lanean ari direnentzako laguntzak eskatzeko instituzioei.

Sare sozialen bidez zabaldu zen deialdia barikuan. Idatziak Herriko Enparantzara deitu zituen herritarrak zapaturako, 13:00etarako. Deialdiak ez zeraman sinadurarik, baina SOS Ostalaritza plataformak hiriburuetarako deitutako mobilizazioekin bat egiten zuen, hein batean. Bilbon, Donostian eta Gasteizen milaka lagun irten ziren kalera zapatuan, baina beste hainbat herri eta hiritan ere egin zituzten mobilizazioak. Mobilizazioetan gogorarazi zuten gaueko aisialdiak hilabeteak daramatzala etenda, eta birusak, hala ere, hedatzen jarraitzen duela. Era berean ohartarazi zuten Jaurlaritzak ezarritako neurriak direla-eta establezimendu askok itxi dituztela ateak eta gehiago izango direla, laguntza zuzenik ezean. Mendaroko mobilizazioan dozena bat lagun pasatxo elkartu ziren eta batutakoen artean izan zen bezperan tabernak itxi arte herrian kalean ibili zen jendetzari dei egin zionik ere.

Herriko ostalariek kezka agertu zuten barikuan, zapatuan itxi beharko zutela jakin berritan, eta bada egoerari buelta eman nahian bere kabuz bono sistema martxan jarri duenik ere. Uztargi tabernan, esaterako, kontsumo bonoak eskuratu daitezke 20 euroan, eta horiekin 30 eurora arteko kontsumizioa ordaintzeko aukera dute bezeroek.