'On Egin' bonoetan eragina izango du Jaurlaritzak ostalaritza ixteko emandako aginduak

Barren.eus 2020ko aza. 6a, 16:41

Atzo bertan iragarri eta hurrengo astean hastekoa zen ostalaritza bultzatzeko 'On Egin' bonuen kanpaina berria bertan behera gelditu dela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Era berean, azken kanpainan, joan den urrian, salgai jarri zituzten bonoengan ere eragina izango du Jaurlaritzaren azken erabakiak.

 LABIko (Euskadiko Babes Zibileko Plana) aholkularitza-batzordeak atzo eginiko batzarraren ostean, ostalaritza ixtea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Elgoibarko Udalak jakinarazi du neurri honek ostalaritzako “On Egin” bonuen bi kanpainei eragingo diela bete betean.
Alde batetik, urrian salmentan jarri ziren 3.250 bonoak trukatzeko epea (printzipioz, abenduaren 1era artekoa zena) luzatu egingo da, itxierak iraun bezain beste egun. Bonoa erosita dutenek etxez etxeko bidalketa duten eta kanpainarekin bat egin duten taberna eta jatetxeetan trukatu ditzaketeela gogorarazi dute Udaletik. Halere, ostalaritzaren irekiera erabakitzen denean, urriko bono horien iraungintzearen data zehatzaren berri emango dutela aurreratu dute.

Bestalde, atzo bertan iragarritako eta hurrengo astean abiaraztekoa zen bigarren 'On Egin' bonoen kanpaina bertan behera geratzen da, momentuz. Udalak ekimenari berriro heldu nahi dio taberna zein jatetxeek ateak berriro ireki bezain laster.

∞Lotura duten albisteak: