“Ziurgabetasun handiko uneak dira Elgoibarko enpresentzat eta uste dugu, inoiz baino beharrezkoagoa dela beraien ondoan egotea, baita negozio bat sortzera ausartuko diren pertsonen alboan ere” adierazi du Ane Beitia alkateak.
Era berean, krisiak negozien digitalizazio prozesua azkartu egin duela adierazi du. “merkataritzako sektoretik eskatu digutenari jarraituta, aldatu egin dugu enpresak sendotzeko ildoa, eta arlo digitala sendotzeko eta eguneratzeko lerro bihurtu dugu. Bonuen kanpainarekin, ikusi dugu saltoki, zerbitzu eta ostalaritzako establezimendu askok egiten dituzten fakturak aldatu egin beharko dituztela. Gainera, produktuak merkaturatzeko modu berriak ezartzen ari dira, digitalagoak. Horrek marketing digitala gehiago erabiltzera bulltzatuko gaitu” azpimarratu du Beitiak.
Hala, Elgoibarko Udalak guztira, 30.000 euro bideratuko ditu enpresa jarduera berrien ekimena sustatzeko, enpresak sendotzeko eta negozio bideragarriak dituztenak mantentzeko laguntzetara.
Hiru laguntza mota emango dituzte:
- Jarduera ekonomikoa sortzeko diru-laguntza: enplegua sortzen duten enpresa jarduera berriei laguntzea. Diru-laguntza: Elgoibarren bertan, instalazioak lekualdatzen edo handitzen dituzten enpresei laguntzea.
- Arlo digitala sendotzeko eta eguneratzeko dirulaguntza: enpresentzako diru-laguntzak, inguru digitalak eguneratzen laguntzeko eta TicketBai ezartzeko.
- Jarduera ekonomikoen ondorengotzarako dirulaguntza: pertsona fisiko edo juridikoek egindako enpresa-ondorengotza/erreleboa.
Sorrerarako eta ondorengotzarako dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen %90ekoa izango da, eta gehienez ere, 5.000 eurokoa izango da industria sektoreko enpresentzat, eta 2.500 eurokoa beste sektoreetakoentzat. Bestalde, arlo digitala sendotzeko eta eguneratzeko dirulaguntzei dagokionez ere, zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen %90ekoa izango da, gehienez ere, 1.000 eurokoa. Gastu hauek 2020ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
Dirulaguntza hauek elektronikoki eskatu daitezke www.elgoibar.eus webguneko egoitza elektronikoan, edota aurrez aurre Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana, 2 - 943 741 050). Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.