2021erako udal zergak eta tasak izoztea proposatuko du EAJk osoko bilkuran

Barren.eus 2020ko ira. 16a, 14:10

Elgoibarko EAJk 2021erako udal zergak eta tasak izoztea proposatuko du irailaren 30eko osoko bilkuran. Presio fiskala lasaitzeko unea dela adierazi dute jeltzaleek.

“Covid-19ak sortutako osasun eta ekonomia-krisiak zailtasunak eragin badizkigu ere, elgoibartarrak beren zerga-betebeharrak era eredugarrian betetzen ari dira, eta uste dugu presio fiskal hori lasaitzeko unea dela, elgoibartarrei karga gehiago ez gehitzeko, harik eta egoera normalizatu eta herritarrek erosteko ahalmena berreskuratzen duten arte”, adierazi dute EAJko arduradun Maialen Gurrutxagak eta Atsegin Uzuriagak. Neurri honekin elgoibartarrei eta tokiko enpresa-sareari laguntzen jarraitu nahi diete, baina, era berean, aitortu dute zergak izoztuta lagatzeko erabakiak ahalegin handia ekarriko diola Udalari.

EAJk esan du osasunaren eta ekonomiaren alde lan egiteko unea dela, okerren dauden pertsonen alde. Hori dela eta, elkarlanerako borondatea erakutsi dute, eta alderdi politiko guztiekin negoziatzeko prest agertu dira “salbuespenik gabe”. “Kontua batzea da, ez oztopatzea. Zalantza- eta zailtasun-uneetan, EAJ-PNVren udal-taldeak ituna, elkarrizketa zintzoa akordioetara iristeko, esfortzua eta lana, azken batean, eskuzabaltasuna eta eskua luzatuta, betiere aurrera egiteko borondate zintzoa erakusten duten taldeekin”. Era berean, azaldu dute azken legegintzaldietan egin duten “kudeaketa arduratsu eta eraginkorrari esker”, Udalaren finantza-egoera osasuntsua dela, eta orain, krisi-egoeran, gerrikoa estutu ahal izango dutela elgoibartarren interesen alde: “beti bezala egingo dugu, gastuaren eta diru-sarreren kontrol zehatza eginez; izan ere, baliabide publikoak, batzueri hala iruditu ez arren, mugatuak dira, eta zorroztasun osoz kudeatu behar dira, are gehiago, krisi-garaian”.