Mausitxak hirugarren postua eskuratu du Ordiziako Gazta Txapelketan

Barren.eus 2020ko ira. 11a, 13:24

Koronabirusaren pandemiagatik neurri bereziekin eta ateak itxita jokatu dute Ordiziako 47. gazta txapelketa prestigiotsua, Beti Alai pilotalekuan. Arabako gaztagile Patxi Lopez de Uraldek irabazi du lehiaketa eta hirugarren postua lortu du Elgoibarko Mausitxak.

Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Gazten XLVII. Lehiaketa entzutetsua izan da aurten Ordiziako Euskal Jaietako ekintza bakarra, pandemiaren eraginez, eta gaur goizean jokatu dute. Guztira 43 gazta lehiatu dira eta Arabako gaztek lortu dituzte aurreneko postuak. Larreako gaztagile Patxi Lopez de Uralde Fernandezek aurkeztutako gaztari eman diote lehen saria, eta Araiako Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak eskuratu du bigarrena. Elgoibarko Mausitxak jaso du hirugarren saria. Txapelketa irabazi duen gazta erdiagatik 9.200 euro ordaindu ditu Tecnomotoko Alberto Fernandezek.

2020 09 11 mausitxa hirugarren ordizia udala

Ezohiko irudiak laga ditu Beti Alai pilotalekuak Ordiziako 47. gazta txapelketan. Ateak itxita eta segurtasun neurriak hartuta jokatu dute. Bizi dugun egoeran horrelako lehiaketa bat antolatzea zaila izan dela adierazi du Ordiziako alkate Adur Ezenarrok, baina, era berean, ahalegina egitea "beharrezkoa" izan dela azaldu du, “gure artzainen eta baserritarren lana lau haizeetara zabaltzeko". Era berean lehen sektorearen aldeko apustua egitea garrantzitsua dela gaineratu du, "eta kasu honetan, gure baserritar eta artzainak babestea. Bertakoaren aldeko hautua egiten dugu".

2020 09 11 ordizia gazta elgoibar goierriko hitza

∞Lotura duten albisteak: