• Sekula ikusi gabea genuen Mendaron leku honetan izozki saltzailea. Ipuinetakoa dirudi zure izenak ere: Harindondin. Nondik datorkizu izen hau?
Gure aitak jarri zion izena, Emiliano Bitoriano Martinezek. 1929an hasi zen gure aita izozkigintzan eta haren ondorengoa naiz ni. Begira, erretratu zahar hau 1930ekoa da, Bergarakoa, eta argazkikoa gure aita da. Beste erretratu hau Eibarren egindakoa da, 40ko hamarkada hasieran, eta gure aita eta izeba ageri dira. Badut Elgoibarko Lopez izozki saltzailearekin batera ageri den beste argazki bat ere [Furgonetatik Harindondinen historia biltzen duten dozena bat argazki zahar atera ditu, eta errepasoa eginez hasi da, izozki zain zituen ume guztiei eskatutakoa eman ostean]. Hasieran Farindondin geneukan izena, izozki markaren izen bera, baina gero izen hori erregistratu egin zuten Palentzian eta izena aldatu behar izan genuen. Farin berez irinetik dator, eta barkilloari egiten zion erreferentzia, eta dondin, berriz, izozki saltzaileak bezeroei deitzeko erabiltzen zuten kanpaitxotik dator. Baina esan bezala, Farindondin marka gisa erregistratu zutenean, guk izena aldatu behar izan genion gureari eta geroztik Harindondin gara.
• Estreinakoz aurten etorri zara Mendarora, Presapera. Nola topatu duzu leku hau?
Joan zen astelehenean eman zidan leku honen berri Mendaroko gizon batek eta ikustera etortzea erabaki nuen.
• Bergararra zara izatez. Nondik nora ibiltzen zara furgonetarekin?
Bergarako plazan postu bat daukat, baina herriz herri ere ibiltzen naiz furgonetarekin. Esango nuke Euskal Herriko festa gehienetan egon naizela, baina festez gain, kirol ekitaldi askotara ere joaten naiz. Frantziako Tourrera ere joan nintzen urte batean eta egia esan oso oroitzapen onak dauzkat. Denbora asko egon behar izaten da zain halakoetan, errepideak goiz ixten dituztenez goizean goiz igo behar izaten delako eta gero orduak egin behar izaten direlako han zain, baina merezi du.
• Karakatetik ezagutzen zintugun. Iazko Karakateko Igoeran ere han zinen, 0 azpitik bi gradu egin arren. Izozkirik ez zenuen salduko ba, ala?
Jajajaja. Ez, ez. Salda eta kafesnea bai, baina. Izozkiekin bakarrik jai dago hemen. Dagoenera egokitzen ikasi dugu. Ura, edariak, goxokiak, izozkiak... ditut orain, eta neguan, edari beroak ere bai.
• Aurtengo urtea berezia izango da zuentzat ere. Nola eragin dizu pandemiaren kontu honek zuri?
Kalte handia egin dit, bistan da. Jaiak bertan behera laga dituzte herri askotan, eta gauza bera gertatu da kirol ekitaldiekin ere. Diru-sarrerak nabarmen gutxitu zaizkigu beraz, eta derrigor eragin behar buruari! Astean zehar putzurik putzu nabil orain. Eguraldi onarekin ura dagoen lekuetara batzen da jendea, eta diru pixkat egiteko aukera ezin ba galdu! Mendarora etorri nintzen estreinako aldian jendea topatu nuen hemen, eta biharamunean etorriko ote nintzen galdetu zidaten hemen zeuden ume eta gurasoek. Baietz agindu nien, eta gaur dut hirugarren eguna. 17:30erako etorriko nintzela esan nien, eta bihar ere, eguraldi ona eginez gero, hemen izango naiz. Hemendik Bergarako errekasto batera noa gero. Berandutxo nabil gaur, baina hangoei ere agindu nien, eta banoa arrapaladan.
• Izozkiak zeuek egiten dituzue?
Lehen bai, baina orain erosi egiten ditugu.
• Zeren arabera aukeratzen duzu nora joan?
Faktore asko hartzen ditut kontuan. Festaren tamaina, herritik festa dagoen lekura daukadan distantzia, jaiak edo dena delako ekitaldiak izango duen iraupena, eta jakina, eguraldia. Eguraldia niretzako oso faktore garrantzitsua da. Nahiz eta festa handi bat antolatu, eguraldiak laguntzen ez badu... alferrik da. Denok esango dugu gauza bera, baina izozki saltzaile batentzat eguraldia da lagunik onena.
• Eta, ondorenik izango al du Harindondinek?
Ez dut uste. Ez daukat seme-alabarik, baina izango banitu, beste zerbaitetan saiatzeko esango nieke. Hau oso lotua da, eta ez du merezi, ez duelako etekin handirik ematen.