Debabarreneko artzainentzako artile bilketa antolatu du Debemenek

Barren.eus 2020ko uzt. 14a, 12:12

Elgoibarko zein Mendaroko artzainek Azpeitiko Lapatx zabortegira eraman beharko dute artilea, uztailaren 22an.

Debemen, Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartetik jakitera eman dutenez, Gipuzkoan uztailaren bigarren hamabostaldian egingo dute artile bilketa. Mutriku, Itziar, Deba, Mendaro eta Elgoibarko artzainek Azpeitiako Lapatx zabortegira eraman beharko dute artilea, eta Soraluze eta Eibarreko artzainek, berriz, Bergararako Epele zabortegira.

Zerbitzua erabili nahi dutenek aldez aurretik deitu eta txanda eskatu beharko dute, 696 43 36 02 telefono zenbakian. Bertan azalduko zaizkie entregatzeko eguna, ordua eta tokia.

Zerbitzuaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko duela azaldu dute, baina gainontzekoa artzainek ordaindu beharko dute. “Egindako proposamenak sektorearen inplikazio zuzenagoa dakar, eta iaz bezala artilea konpost bihurtzera bidaliko da Nafarroara, ekonomia zirkularra sustatuz”.

Debemeneko arduradunen berbetan, etorkizunean artilea “baliozkoa izango den baserriko produktua” izan dadin lanean jarraitzen dute. “Proiektu ezberdinetan hainbat enpresa eta eragile artilea balorizatzeko irtenbideak aztertzen gabiltza”. Proiektu horiek gauzatzen diren bitartean, Gipuzkoan artile bilketa modu antolatu batean egiteko hainbat eragile batu dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, ardi sektoreko elkarteak, gestio etxeak, nekazaritzako sindikatuak eta Landa Garapenerako elkarteak. “Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dugu”.

2020 07 14 2016 04 12 mausitxa ardiak