Izaskun Sudupe: “Pentsatu nahi dut zulo honetatik ere irtengo garela”

Barren.eus 2020ko mai. 29a, 07:20

Koronabirusak esparru eta sektore desberdinetako enpresetan izan du eragina, baina bere ondorioak oso bestelakoak izan dira batean zein bestean. Batzuk lanik gabe geratu dira, eta beste batzuk, lanez gainezka. Orriotan batu ditugu bi adibide, Dario Bus enpresako Izaskun Suduperena eta Goar aholkularitzako Judith Loiolarena.

Urteko sasoirik onenean harrapatu du koronabirusak Dario Bus autobusen enpresa. Aste Santutik aurrera izaten dute lan gehien enpresan, baina martxoaren 14tik ez dute apenas lanik egin. Hilabete gogorrak bizitzen ari dira, eta etorkizunari ere kezkaz begiratzen diote. Izaskun Sudupe enpresako arduradunak hitz egin digu bizi duten egoerari buruz.

 • Martxoaren 14an ezarri zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera. Nola eragin dizue?
Guk ikastetxeekin lan asko egiten dugu, ikasleak eskoletara eramaten eta bueltan jasotzen, eta martxoaren 12an deitu ziguten ikastetxeetatik esaten hurrengo egunerako ez zutela zerbitzurik behar, aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu zirelako. Hori izan zen lehenengo kolpea. Handik egun gutxira enpresetatik deitu ziguten, gauza bera esateko. Langileei ere ematen diegu zerbitzua lantegietara joateko, baina gomendatu zieten bakarka eta bakoitza bere autoan joateko, autobusean kutsatzeko arrisku handiagoa zegoelako. Azken enpresa martxoaren 26an galdu genuen. Garai honetan sagardotegietarako ere jende askok kontratatzen ditu gure zerbitzuak, eta baita Errioxako ardandegiak bisitatzeko ere, eta horiek guztiak ere bertan behera utzi dizkigute. Ezkontzarik eta jaunartzerik ere ez denez egon, horiek guztiak ere galdu ditugu, eta Aste Santuko eta udako oporrak ere bai. Une honetan bi autobus txiki bakarrik dauzkagu martxan, Deba eta Zumaia arteko linea egiten. Guretzako sasoirik garrantzitsuena izaten da hau, Aste Santutik ikasturte amaierara artekoa, baina egoera honekin ikasturte amaierako txangoak ere ez dira egingo. Beraz, martxoaren 13tik ia-ia lanik egin gabe gaude, eta hori oso gogorra da, ez daukagulako diru-sarrerarik eta, aldiz, gastuak betikoak direlako.

 • Udan badirudi bidaiatu ahal izango dela. Horrek lagunduko dizue?
Udan Europarako bidaiak egiten ditugu batez ere, eta oraindik ez dakigu mugak irekiko dituzten, baina irekitzen badituzte ere, ez dut uste jendea berehalakoan hasiko denik Europara bidaiatzen. Jendeak bidaiatzeko konfiantza berreskuratu beharko du, eta hori ez da egun batetik bestera etorriko. Guk galdutzat ematen dugu udako lana.

 • Zein egoeratan daude zuen langileak?
12 langile gara, eta egoera normalean sasoi honetarako beste pare bat kontratatzen ditugu lanari aurre egin ahal izateko. Une honetan lineako autobus txiki horietan dabiltzan langileak bakarrik daude lanean; beste guztiak aldi baterako enplegurako erregulazio espedientean sartuta daude. Eta gu bulegoko lanak egiten ari gara apur bat.

 • Aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteak ekainaren 30ean amaituko direla iragarri du Gobernuak. Hortik aurrera, zer?
Ez dakit, baina laguntzarik ezean ezin izango diogu lantalde guztiari eutsi. Autobus enpresek, gainera, inbertsio handiak egin behar izaten ditugu merkatuko azken autobusak edukitzeko, eta ez badaukagu sarrerarik, ezin izango ditugu leasing-eko kuotak ordaindu, ez digutelako moratoriarik eman. Modu honetan hilabete batzuk iraun ditzakegu, baina luzaroan ez, eta gure aurreikuspenen arabera, irailera arte ez gara hasiko lanean, eta irailean ere ikusi beharko dugu zein den egoera. Gainera, esaten ari dira udazkenean izango dugula kasuen beste gorakada bat, baina nik ez dut horretan pentsatu ere egin nahi.

 • Eskolara itzulerak eragin zuzena dauka, beraz, zuenean?
Bai, bai, irailean ez badira eskolak zabaltzen egoera larrian egongo gara benetan. Irailean berriz lehen bezala hasten bagara lanean eta fakturatzen, aurrera egiteko moduan egongo gara, baina bestela ez dakigu zer gertatuko den. Eskoletarako eta enpresetarako zerbitzuak martxan jartzea klabea da guretzako.

 • Familia-enpresa da zuena. Nola bizi duzue hau guztia?
Niri galdetzen didatenean zer moduz nagoen, beti erantzuten dut osasunez ondo nagoela, baina bestela, lan aldetik, oso gaizki. Baina jende asko dago gure egoera berean eta ez dut pena eman nahi, beraz, aurrera begiratu behar dugu. Gure kasuan, bakoitzaren izaeraren arabera, desberdin bizi dugu egoera, baina denok gaude kezkatuta, guregatik eta baita gure langileengatik, azken batean familia asko daudelako inplikatuta honetan. Ni hasieratik ibili naiz bankuekin harremanetan, eta Elkargiren bitartez dirulaguntza interesgarri bat lortu dugu. Horri esker hilabete batzuetarako finantzazioa daukagu, baina diru hori bost urtetan bueltatu behar dugu. Interes oso apalean eman digute, baina horrek beste karga bat sortuko digu aurrera begira. Sei bat hilabeteko egoera honek bost urterako karga ekarriko digu. Alde batetik, lasaitasuna ematen dizu dirulaguntza horrek, fakturaziorik gabeko hilabeteetan bizirauten lagunduko digulako, baina gero hori ere ordaindu beharko dugu. Egia esanda, lo asko galtzen ari gara.

 • Zein koloretakoa ikusten duzu etorkizuna?
Une honetan iluna, baina uste dut irtengo garela. Azken krisialdia oraintxe hasiak ginen gainditzen eta hau etorri zaigu batbatean, baina pentsatu nahi dut zulo honetatik ere irtengo garela. Ez da erraza izango, mundu mailakoa delako hau eta gainera, sektore guztiei eragin dielako, eta horri buelta ematea zaila izango da. Ez dut ezkorra izan nahi, baina gauzak zail ikusten ditut. Kontsumoan eragin handia izango du honek, familia asko egoera ekonomiko larrian egongo dira, eta euren lehentasuna oinarrizko beharrak asetzea izango da. Autobusen kontratazioa ez da oinarrizko beharra, beraz, gu apur bat atzetik joango gara. Hala ere, pentsatu nahi dut irtengo garela zulo honetatik ere. 53 urte ditu enpresak eta ibilbide horretan tokatu izan zaizkigu krisialdi gogorrak eta lortu dugu aurrera egitea. Espero dut hau ere gainditzea, eta ea hemendik bi urtera 55. urteurrena ospatzeko moduan gauden.

2020 05 29 judith loiola goar aholkularitza elgoibar 

“Aste gogorrak pasatu ditugu, baina hasi gara lasaitzen”

Judith Loiola, Goar aholkularitzakoa
Koronabirusaren krisiak lan jarduna eten egin du enpresa askotan, eta langile asko lanik gabe geratu dira.Enpresa gehienek aldi baterako enplegurako erregulazio espedienteak eskatu dituzte, eta zenbait lantegik beraien aholkularitza propioa duten arren, enpresa txiki askok jotzen dute horrelakoetan aholkularitza-etxeetara. Egoera berria eta ezezaguna da hau guztiontzat, eta aholkularitza-etxeetan lanez gainezka dabiltza pandemia honek sortu duena ulertu nahian. Judith Loiola Goar aholkularitzakoak eman dizkigu azalpenak

 • Nola harrapatu zintuzten alarma egoerak Goar aholkularitzan?
Burura etorri zitzaidan lehenengo gauza gure bezeroak izan ziren. Gure bezero gehienak enpresa txikiak eta herriko dendak dira, eta haiek ixteak guri ere zuzenean eragiten digu. Berehala hasi zitzaizkigun denak deika, zer egin behar zuten galdezka, eta momentu hartan guk ere ez geneukan informaziorik. Egoera hau denontzat da berria, eta guk geuk ere egunetik egunera ikasi behar izan ditugu gauzak. Gainera, informazioa egun batetik bestera aldatzen da, beraz, egun batean bezeroari gauza bat esaten diogu eta hurrengo egunerako ez du balio. Hasierako asteak benetan gogorrak izan ziren, eta oso galduta ibili ginen. Ezjakintasunak ezinegona sortzen du, bai guri eta baita bezeroei ere.

 • Enpresa askotan lana gutxitu egin da, baina zuen kasuan lan gehiago izan duzue pandemiaren eraginez.
Bai, lana bikoiztu zaigu, baina fakturazioa ez. Gure bezeroek hilero kuota finko bat ordaintzen digute, eta egia da egoera honetan egin behar izan ditugun lan berezi hauengatik kuota apur bat igo diegula, baina ez da asko izan, eta batzuk kexatu zaizkigu. Baina lanez gainezka ibili gara, ohiko lanekin batera koronabirusaren gaia kudeatu behar izan dugulako. Administraziotik epeak luzatu dituzten arren, lan batzuk betiko epeetan egiteko eskatu digute bezeroek, eta dena pilatu zaigu. Partikular batzuek ere errenta aitorpena egiteko eskatu digute, eta kobratzera tokatzen zaienek bereziki, lehenbailehen egiteko eskatu digute, nahiz eta Ogasun Sailak epea luzatu duen. Aste gogorrak izan ditugu, koronabirusaren kontu honekin informazioa topatu eta ondo ulertu behar genuelako, eta gero, gainera, gure bezero bakoitzaren egoerara moldatu behar genuelako guztia. Azken batean enpresa bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak dituen beharrak desberdinak dira. Informazio asko eman dute, informazio oso aldakorra, eta horrek asko konplikatu du gure lana. Guk bereziki dokumentazio prestaketa lanak egiten dizkiegu bezeroei: publikatzen diren dirulaguntzetarako dokumentazioa prestatzea, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak bideratzea, autonomoei lan jardunaren eteteak kudeatzea mutuaren bidez, erreklamazioak egin... Partikular batzuek errenta aitorpena egiteko ere eskatzen digute, eta etxeko langileentzako kontratuak ere bidera tzen ditugu. Egia esan, denetik egiten dugu.


 • Mutuak eta SEPE bera kolapsatuta egon dira eta jende askok atzerapen handiz kobratu ditu laguntzak. Atzerapen horiek kudeatzeko ere eskatu dizue bezeroek?
Bai, guri deitzen digute bezeroek jakiteko euren espedientearekin zer gertatu den eta guk deitzen dugu SEPEra galdetzeko, baina askotan ez digute telefonorik hartzen, hango langileak ere lanez gainezka daudelako. Azkenean denek kobratuko dute, baina ez dakigu noiz, eta familia asko diru-sarrerarik gabe daude, oso gaizki pasatzen. Baina hori azkartzea ez dago gure esku, eta batzuek ez dute ulertzen. Aholkularitzari hilero kuota ordaintzen dietenez, bezeroek uste dute edozer eskatu eta eman egingo diegula, baina guk ezin dugu dena soluzionatu. Fase bakoitzean zer egin daitekeen ere guri galdetzen digute, guk dena jakingo bagenu moduan. Gure lana askotan konplikatu egiten da, adibide bat ipiniko dizut: Lanbidek hiru milioi euroko dirulaguntza bat iragarri zuen lokalen alokairuetarako, jarduera etenda zuten enpresentzat. Bakoitzari gehienez 3.000 euroko laguntza emango zietela esan zuten, beraz, mila lagunentzako laguntza zegoen, gutxi gorabehera. Lanbidek esan zuen dirulaguntza horiek banatuko zituela eskatzen ziren ordenaren arabera, eta eskaera egiteko epea gaueko hamabietan hasten zen. Gure aholkularitzako hiru langileak goizeko 2:00ak arte egon ginen lanean, eskaera horiek bideratzen, eta gainera, guk ere ez genekien gure bezeroen artean zein ordena jarraitu. Eta, gu bezala ibiliko ziren gainerako guztiak ere, bost minutuan Lanbideko wegbunea kolapsatu egin zen-eta. Hurrengo egunean barkamena eskatzen irten zen Lanbideko zuzendaria, esanez ez zuela uste horrelakorik gertatuko zenik. Baina, nola ez zen ba hori pasatuko? Aste gogorrak pasatu ditugu, baina orain hasi gara lasaitzen, eta eskerrak!

 • Dekretuak, boletin ofizialak, dirulaguntzen txostenak... dokumentu astunak izaten dira eta ulertzeko zailak. Nola moldatzen zarete hori guztia barneratzeko?
Dena ondo irakurri behar izan dugu, eta gauzak egunetik egunera ikasten joan gara. Baina txarrena izan da informazioa asko aldatu dutela egun batetik bestera. Espainiako Gobernuak berak ere ez dauzka gauzak batere argi, eta ezjakintasun egoera horretan bezeroei informazioa ematerakoan kontu handiz ibili behar gara. Horrez gain, zapatu iluntzean Pedro Sanchez presidentea irteten zen informazio berri bat emanez, eta bezero batzuk momentu horretan bertan hasten zitzaizkigun deika. Zoratzekoa! Bulegoko telefonoa mugikorrera desbideratuta daukagu eta edozein ordutan izaten ditugu deiak. Herritarrekin harreman gutxiago izateko, arratsaldeetan etxetik lan egitea erabaki genuen, eta ez dakit ez ote den okerragoa izan, telelanak ez daukalako amaierarik. Dena dela, orain etxetik lan egiteko prestatuta harrapatu gaitu honek guztiak. Iaz, Kalegoen Plazako etxea erori zenean okerrago geunden, baina orduan prestatu ginen etxetik lan egin ahal izateko. Baina orain, guraso, irakasle, etxekoandre eta aholkulari lanak betetzen ari gara, eta ez da erraza.

 • Espainiako Gobernuak esan du ekainaren 30era arte baimenduko dituela enpleguaren aldi baterako erregulazio espedienteak. Zer gertatuko da horren ondoren?
Une honetan indarrean dagoen legearen arabera, alarma egoera bukatu eta enpleguaren aldi baterako erregulazio espedientea bukatzen denean, langile horiek sei hilabetez gutxienez kontratatuta eduki behar ditu enpresak. Espainiako Gobernuak baldintza hori jarri zuen erregulazio espedienteak onartzeko, eta hori betetzen ez duen enpresak jaso duen dirulaguntza bueltatu beharko du. Ezinbesteko arrazoiengatik eskatutako erregulazio espedienteak irauten duen bitartean enpresak ez du ordaintzen langilearen soldata eta ezta langileari dagokion gizarte segurantzako kuota ere. Gobernuak jarri duen baldintza hori arazo bilakatu daiteke enpresa askorentzat, agian lanik ez dutelako edukiko, baina une honetan horrela dago egoera; bihar, agian, beste zerbait aterako dute. Egia da baldintza hori erregulazio espedienteak aurkeztu ondoren jakin genuela. Hasieran erregulazio espedienteak aurkezteko prisa zeukaten enpresa gehienek, itxieraren aurrean dirulaguntzaren bat behar zutelako berehala, eta gerora baldintza horren berri izan genuen. Segituan konturatu ziren batzuk horrek arazoak ekarriko zizkiela, baina momentu hartan dirua behar zuten, eta momentukoari eustea erabaki zuten askok. Kontua da orain jarduera batzuk martxan jarri direla: merkatariak eta ostalariak, esaterako, mugekin izan arren, lanean ari dira, eta zenbait jabek langile batzuk lanean jarri behar izan dituzte. Kontua da ezinbesteko arrazoiengatik itxita egon diren negozioetan langile bat erregulazio espedientetik ateratzen badute, gero ezin dutela berriz sartu. Horregatik asko ez dira ausartzen langileak berriz lanean jartzen, eta jabeak bakarrik dabiltza lanean, iritsi ezinda.

 • Nola ikusten duzu etorkizuna?
Gogorra. Koronabirusak sektore guztietan eragin du eta krisia orokorra da. Egoera honetan, kontsumoa asko jaitsiko da eta jendeak oinarrizko beharrak asetzeari emango dio lehentasuna. Egoera honetan nork erosiko du etxe bat edo auto bat? Benetako beharra duenak bakarrik erosiko du! Inork ez daki hau zenbat luzatuko den, eta egoera honen aurrean jendeak tentuz jokatuko du, inbertsio handiak gerorako utziz. Mundu mailako krisia da, ez da Espainia bakarrik dagoela kaltetuta, eta horrek agian eragin dezake errekuperazioa azkarragoa izatea, denok batera irtengo garelako krisialditik, baina ezin da jakin. Eta udazkenean birusak berriz indarra hartzen badu, auskalo! Berriz etor daiteke alarma
egoera eta atzera egiteko aukera egon daiteke. Guri horrek berriz lan karga handituko liguke, dokumentazio guztia prestatu beharko genukeelako berriro, eta seguruenik orain zabalik dauden enpresa batzuk gero itxita egongo direlako. Espero dut hau dena lehenbailehen bukatzea, eta hemendik ere, zerbait ikastea. Ikasiko dugulakoan nago.