Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, gaurko Gobernu kontseiluak honakoa onartu du: Lanbidek martxan duen Covid-19aren ondoriozko osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu izanaren ondorioz jarduerak eten dituzten norberaren konturako langileentzako edo autonomoentzako aparteko laguntzetarako partida areagotzea. Hala, hasieran iragarritako 3 milioi euroei beste 13 gehitu zaizkio; beraz, amaierako partida 16 milioi eurokoa izango da. Eusko Jaurlaritzak guztira 35,5 milioi euro bideratuko ditu pandemiak eragindako kalteak pairatu behar dituzten autonomo eta mikroenpresentzat.
Artolazabalek adierazi du diru laguntza handituta, jasotako "eskabide kopuru handiari" erantzuteko gai izango dela Lanbide.
Eskaerak aurkezteko epea irekita dago. Laguntzak, ordea, eskabideak aurkeztutako ordena berean emango dituzte, aurrekontua agortu arte. Bakoitzak gehienez 3.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du.
• Lanbidek ia 13.000 eskabide jaso ditu
Lanbidek 12.428 eskabide jaso ditu deialdi honetan, eta jakinarazi dutenez, dagoeneko 8.822 espedienteri eman die hasiera; horietatik, 453 espedientek dagoeneko badute azterlan tekniko osoa; haietatik, 258 (% 57) aldekoak dira eta 195 atzera botatakoak. Gainera, beste 1.754 osatuta daude espediente teknikoaren zain.
Hori horrela, sailburuak azaldu duenez, 4.143 interesdun errepikatu detektatu dituzte, eta horrek zaildu egiten du Lanbide gauzatzen ari tramitea. Gainera, dagoeneko ebatzi diren espedienteen % 43,05ek ez ditu eskakizun guztiak betetzen. “Kontrako ebazpena duten espedienteek zenbait motiborengatik dute kontrako ebazpena: haietako askok ez dute errentamendurik ordaintzen, eta hori zen eskakizunetako bat, edo ez dute jarduera etenda izan, eta hori zen beste eskakizunetako bat”, esan du. “Horrek guztiak moteldu egiten du Lanbideko teknikarien ebazpen-lana; hala ere, dagoeneko, 9.000 espediente inguru dituzte martxan”.
Lanbidek emandako laguntzak maiatzean bertan ordaintzen hastea aurreikusten du. Halaber, Euskal Enplegu Zerbitzuak ekainean ebatziko ditu eskaera guztiak.
Informazio osoa: www.lanbide.euskadi.eus
∞Lotura duten albisteak: