Konfinamendua arintzeko lehen fasea jarri dute martxan gaur, hilak 11, Gipuzkoan. Beste jarduera askorekin batera, tabernetako eta jatetxeetako terrazak irekitzea jasota dago fase honetako neurrien zerrendan. Elgoibarren zein Mendaron dezente izan dira irekitzea erabaki dutenak, ostalarien artean zalantzak eta ziurgabetasunak nagusi diren arren. Horietako batzuen iritziak jaso ditugu bideoan. Ezohiko egoerak baldintzatuta, irekitzearen errentagarritasuna zalantzan jartzen dute gehienek, baina pertsiana igotea erabaki dute, nolabait hasi beharra dagoela uste baitute. Egoera berrira moldatu beharko dute, eta horretarako saiakeran dabiltza. Hainbat herritar terraza gosez zegoen era berean, eta kale eta plazetan aspaldi entzuten ez ziren soinuak itzuli dira beraiekin herriko hainbat txokotara, kafe bat hartzen edo trago bat hartzen daudenen elkarrizketak, hain zuzen ere.
Taberna eta jatetxeak ireki daitezke?
- Terrazak bakarrik.
- Mahai bakoitzean 10 pertsona gehienez.
- Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
- Eguneko edozein ordutan, 6:00etatik 23:00etara.
- Ahalmenaren %50era mugatuta
- Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu behar da.
- Txartelarekin ordaintzea eta datafonoa desinfektatzea lehenetsiko da.
Lagunekin eta senideekin elkartu naiteke?
- EAEren kasuan, soilik kalean edo terrazetan.
- Gehienez 10 pertsona.
- Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
- Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen azken irizpideen arabera, ez dago baimenduta talde txikiak etxean elkartzea.