Espainiako Gobernuak maiatzaren 4tik aurrera konfinamendua arintzeko indarrean izango diren neurri berriak eta aldaketak argitaratu zituen maiatzaren 3an (hona xehetasunak Espainiako Aldizkari Ofizialean -PDF-). Neurri horietako bat da denda eta negozio txikiek ateak zabaldu ahal izango dituztela gaurtik aurrera, murrizketekin bada ere. Gaurko aginduak ez du eraginik alarma egoera hasi zenetik martxan jarraitzen duten saltokiengan; horiek orain arteko neurriak eta baldintzak betetzen jarraitu beharko dute. Elgoibarren zein Mendaron negozio askok erabaki dute gaur ateak zabaltzea, eta nola moldatzen diharduten jakin nahi izan du BARRENek horietako batzuen iritziak bilduz: Ainhoa Garate (G & M jantzi-denda), Miriam Iriondo (Iriondo Kirolak), Azibar Iraolagoitia (arotza), Amaia Amasorrain (Uzuri Optika), Leire Pagei eta Alicia Modrego (Alire Estetika).
• Baldintza zorrotzak
400 metro koadrotik beherako lokalak dituzten eta larrialdi egoera ezarri zenetik itxita egon diren dendak eta zerbitzuak dira berriro ateak irekitzeko aukera dutenak, baina baldintza zorrotzak beteta. Horien artean aipagarriena da bezeroek saltokira joan aurretik txanda eskatu behar dutela. Saltoki barruan, langile adina bezero egon ahalko dira une berean (bezero bat, langile bat). Langileen artean zein horien eta bezeroen artean bi metroko segurtasun distantzia gorde beharko dute, elkarrengandik bereizteko manpara edo salmahairik ezean; hori posible ez den kasuetan (ile-apaindegietan, esaterako), babes pertsonalerako neurriak hartzea ezinbestekoa izango da, maskarak erabilita, besteak beste.
• Desinfekzioa derrigorrezkoa
Arropa edo zapata dendetan produktuak dendan bertan probatzeko aukera izango dute bezeroek; probatutako jantzi edota oinetako guztiak desinfektatu beharko dituzte ondoren, baita probagela ere. Saltokietako komunak ezingo dituzte erabili bezeroek eta gel hidroalkoholikoa erabiltzeko banagailuak izan beharko dituzte dendan. Lokalak egunero bitan desinfektatu beharko dituzte. Dendetako beharginek lanean erabilitako arropa egunero garbitu beharko dute, ura 60 gradutik gora dela.
Gaurtik aurrera negozioa irekitzea erabaki duten dendek eta zerbitzuek lehentasuna eman beharko diete 65 urtetik gorako bezeroei, txanda bidez, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
• Jatetxeak eramateko janaria prestatzeko bakarrik
Etxera eramateko janaria prestatzeko bakarrik ireki daitezke jatetxeak eta kafetegiak. Orain arte ere, etxez etxe banatzeko aukera izan dute ostalaritza zerbitzu batzuek baina gaurtik aurrera gaineratu dutena da bezeroen enkarguak jaso, horiek prestatu eta bezeroei bila noiz eta nola pasatu behar duten esan ahal dietela.
Erosketak udalerrian bertan egin behar direla gogorarazi dute. Hala ere, produktu bat lortzea ezinezkoa denean, inguruko beste udalerri txiki batera joateko baimena dago.
Etxebizitetan zein lokaletan eraberritze lanak egitea ere baimenduta dago, betiere etxekoak ez daudenean bakarrik, edo obrak egin behar diren eraikineko gunea hutsik dagoenetan (hona Espainiako Aldizkari Ofizialean -PDF-)