Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Plana aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, 28 milioi euroko aurrekontua duena. COVID-19ak ekonomia-eta enpresa- sarean duen eragina arintzeko, sare hori suspertzeko bitartekoak ezartzeko eta bere etorkizuna bermatzeko oinarriak finkatze dela planaren helburua azaldu du Markel Olano ahaldun nagusiak.
Nahi zutena baino aurrekontu txikiagoa izango duela planak aitortu du Olanok, Gipuzkoako aurrekontuak 85 milioi euro murriztu izanaren ondorioz, eta Espainiako Gobernuak debekatu egiten dielako zor gehiago hartzea. Honela banatu dute 28 milioi euroko aurrekontua:
Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Plana
- Ekintza ardatzak 4,8 milioi
- Kalitatezko enplegua sortu eta finkatu 4,8 milioi
- Enpresei sostengua emateko baliabide ekonomikoak 2,6 milioi
- Etorkizuneko enpresa proiektuen finkatzea babestea 14 milioi
- Sektore estrategikoen errotze prozesuan sakondu 2,1 milioi
- Tokiko kontsumoa bultzatzeko mekanismoak 3 milioi
- Enpresa garapeneko ekosistemaren papera indartu 1,5 milioi
• Barne kontumoa sustatzeko laguntza
Barne kontsumoa sustatzeko bideratuko duten hiru milioi euroko laguntza da berritasunetako bat. Besteak beste, kontsumo bonuak bultzatuko dituzte udalekin batera, eta laguntzak emango dizkiete dendei eta ostatuei beren lokalak eta lan egiteko moduak segurtasun neurri berrietara egokitu ditzaten, "arreta- eta osasun-protokoloak eta negozio- eta merkaturatze-eredu berriak sustatzeko". Ildo berean, bertako produktuak kontsumitzera dei egin du Markel Olanok, ostalaritza eta merkataritza babesteko.
Era berean, 2,1 milioi aurreikusten dira lurraldearen etorkizunerako estrategikoak diren sektoreak sustatzeko, hala nola mugikortasun elektrikoa, 4.0 industria edo zahartze osasungarria. Horrez gain, dinamika berriak diseinatzen dira jarduera ekonomikoan oinarrizko hornidura batzuk bermatzeko, pandemiaren ondorioz azaleratutako beste beharrizan bat.
Imanol Lasa Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak adierazi du lehentasuna oraingoz egoerari eustea dela, eta ondorengo pausua "susperraldiari ekitea" izango dela. Aurkeztu duten planak epe laburreko beharrei erantzuten diela zehaztu dute agintariek, eta etorkizuneko pausuak adosterako orduan "estrategikoak" izango diren ildoak hartuko dituztela kontuan; 4-0 industria, ekintzailetza eta ikerketa, besteak beste.
- Informazio osoagoa: www.gipuzkoa.eus