Sonia Gomez: “Herritarren jarreraz harro gaude”

Barren.eus 2020ko api. 24a, 10:41

Oinarrizko produktuak saltzen dituzten dendak ez beste guztiak itxita daude martxoaren 14tik. Hilabete luze pasatu da ordutik, eta momentuz behintzat ez dute esan noiz irekiko dituzten berriro. Egoera horren aurrean, Txankakua merkatari elkarteko presidentea den Sonia Gomezekin berba egin dugu eta berak azaldu digu bizi duten errealitatea.

 • Hilabete pasa daramate merkataritza eta ostalaritza establezimenduek itxita. Nola ikusten duzue egoera Txankakuatik?
Egoera iluna ikusten dugu, gehienok itxita gaude eta zabalik daudenak ere tentsio puntu batekin egiten dute lan. Lehen ere egoera ez zen oso ona guretzat, eta orain gertatutakoak ez du batere laguntzen. Ezjakintasunak ere antsietate puntu bat sortzen du.

 • Jendeak erosketa ohiturak aldatu egin ditu orain, eta saltoki handietara jotzen dute askok erosketa handiagoa egiteko asmoz. Igarri al dute salmentak jaitsi direla?
Esan digute salmentak pixka bat jaitsi direla, erosketa ohiturak aldatu dituelako jendeak. Hala ere, okindegietan igarri dute lehen
ogia bakarrik erosten zutenak orain produktu gehiago erosten dituztela. Esan dutenez, asko nabaritzen dute saltoki handietan produkturen bat agortzen denean. Adibidez, irina eta legamia agortu izan direnean, jende asko joan zaie erostera.

 • Zein da langileen egoera?
Oro har, besteren kontura lan egiten duten langileak ERTEan daude, eta autonomoak, berriz, aktibitatea etenda.

 • Nola ikusten duzue etorkizuna?
Etorkizuna ziurgabetasun handiz ikusten dugu. Kostatu egingo zaigu normaltasunera bueltatzea eta ekonomia errekuperatzeko denbora asko beharko dugu. Baina guk ahal den neurrian eutsi egingo diogu, eta mantentzen saiatuko gara nahiz eta zaila izan. Espero dugu bidean ahal den eta komertzio gutxien gelditzea. Baikorrak izaten saiatu behar dugu.

 • Autonomoentzako dirulaguntzak agindu dituzte agintariek, baina autonomoen elkartekoak kritiko agertu dira laguntza horiekin. Nola ikusten duzue?
Azken hilabetean politikoek laguntza asko aipatzen dituzte, baina autonomoek ez dute askorik jasoko; laguntza urriak dira toki guztietan. Ikusi besterik ez dago Lanbideren laguntzarekin gertatu dena: mila autonomorentzako laguntza zegoen eta Euskadin 65.000 kotizatzaile daude beren kontura lan egiten dutenak, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetan, eta une honetan beren jarduerarengatik diru-sarreratik ez dutenak. Gero bakarmena eskatzearekin ez dugu ezer egiten. Udaletik, momentuz, zergen jaitsiera bakarrik iragarri dute: zabor tasarena erdira ekarri dute, terrazak jartzearen tasaren murriztu dute... Momentuz ez gara zaborrik sortzen ari eta terrazarik ere ez dugu erabiltzen, baina ez digute beste laguntzarik eskaini. Badakigu beste herri batzuetan ari direla laguntzak eskaintzen, Azpeitian eta Deban, esaterako. Ez dakigu hemen zerbait eskainiko duten.

 • Zein mezu helarazi nahi diezue herritarrei une honetan?
Komertzio txikia zaintzeko eta orain zabalik dauden denda txikietara joateko erostera, komertzio txikia beti egongo dela hor beraiei laguntzeko eta denon artean aurrera irtengo garela. Herritarren jarreraz oso harro gaude, beraien berotasuna sentitzen dugu: erosketak egiten dituzte, erreserbak edo bonoak erosten dituzte gero gastatzeko, eta, gainera, babes mezu asko bidali dizkigute. Gure herria zaindu egin behar dugu denon artean, eta horretarako elgoibartar guztiak oso garrantzitsuak dira.

 • Establezimendu batzuk Internet erabiltzen hasi dira jarduna erabat ez eteteko. Aukera ona dela uste duzue?
Gehienak sare sozialetan ari dira eta sare sozialek ematen duten aukerekin gauzatxoak egiten: produktuak erakusten, erreserbak egiteko aukera eskaintzen, saltzen... Baina ez da erraza.

  • Merkataritzari lotutako bi errealitate desberdin ere jazo ditu BARRENek aste honetako alean (1156. zenbakia), Nerea Garitagoitia, Basueta baserriko nekazariaren eta Onintza Aranburu, Aranburu bitxi-dendakoaren testigantzak, hain justu ere.

Hona Txankakuako kideek herritarrak herrian erostera animatzeko kanpainaren barruan osatu duten bideoa: