Autonomoentzako eta banakako enpresaburuentzako laguntza berriak emango ditu Lanbidek

Barren.eus 2020ko api. 16a, 13:19

Negozioak aldi baterako ixteak eragindako galera ekonomiko zuzenari aurre egiteko laguntzak emango ditu Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak. 10.000 eskaera baino gehiago jaso dituzte ordu gutxitan, eta kolapsatu egin da webgunea.

Lanbideko Administrazio Kontseiluak apirilaren 7an onartu zuen laguntza berrien deialdia, eta indarrean da apirilaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ostean.

Laguntza horrek diruz lagunduko ditu Gizarte Segurantzako kotizazio-gastuak eta alokairu-errentak, gehienez 3.000 euro pertsonako. Deialdi honi buruzko kontsultak personas.emprendedoras@lanbide.eus posta elektronikoan egin daitezke.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak formulario bat ere prestatuko du, eskabidea eta nahitaezko dokumentazioa (inprimaki horri erantsi beharko zaizkio) egoitza elektronikoaren bidez aurkezteko behar diren bitarteko elektronikorik ez duten pertsonei aurkezteko. Web-formulario honetarako sarbidea laguntza-lerro honetako "tramitazioa" atalean egongo da eskuragarri, gaurtik aurrera, gaur bertan ireki baitute eskabideak aurkezteko epea.
 • Webgunea kolapsatuta
Lanbideko arduradunek jakinarazi dutenez, 10.000 eskaera baino gehiago jaso zituzten atzo gauerditik aurrera webgunean, eta kolapsatu egin zen. Horren ondorioz, 04:00ak arte ez zen martxan egon. Orain, jasotako eskaera horiek denak aztertuko dituzte, laguntzak baldintzak betetzen dituzten ala ez jakiteko.
Aurreikusitako hiru milioi euroko partida azkar banatuko dela iruditzen zaio Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiari, eta, hortaz, "beste sail batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak zein diren aztertu behar dugu, partida hori handitzea eta pertsona gehiagorengana iristea posible ote den jakiteko. Zenbat eskaera iristen diren ikusi behar dugu, eta gure ondorioak atera".