Honenbestez, enpresa-jarduera berehala etetea "ezinezkoa" zaienek, gaur, martxoak 30, lana egin ahalko dute. Besteak beste, "baimen ordaindu berreskuragarria gauzatzeko ezinbestekoak diren zereginak egiteko, enpresa-jarduerari berrekitea ezinbestean edo neurriz kanpo kaltetu gabe".
Espainiako Gobernuak 10/2020 dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean -PDF- argitaratu zituen, martxoaren 28an, konfinamendu osoan indarrean egongo diren neurriak. Pedro Sanchezen gobernuak. Bi astetan lanera joatea galarazita izango dutenentzako "ordainpeko baimen berreskuragarria" bideratuko dute. Horren arabera, beharginek lanera joan gabe kobratzen jarraituko dute eta zortzi lanegun horiek 2020ko abenduaren 31 baino lehen berreskuratu beharko dituzte; enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean negoziatuko da horretarako modua. Neurria ez zaie aplikatuko aldi baterako lan erregulazio espediente baten (ERTE) dauden langileei, bajan daudenei, aitatasun eta amatasun baimena dutenei eta telelanean ari direnei.
Funtsezkok diren 25 jarduera zehaztu dituzte dekretuan:
- Alarma egoera arautzen zuen martxoaren 14ko 463/2020 dekretuan jasotakoak: garraioa, aduanak, energia, petrolio eta gas hornidura bermatzeko beharrezkoak diren lanpostuak eta azpiegitura kritikoetakoak.
- Premiazko ondasun eta zerbitzuen ekoizpenean eta banaketan lan egiten dutenak, hala nola: jakiak, edariak, animalientzako jana, garbiketa produktuak, botikak eta osasun produktuak.
- Janaria etxera eramateko zerbitzua eskaintzen duten ostalaritza saltokiak eta jatetxeak.
- Osasun-teknologia, material medikoa, babes-ekipoak, osasun eta ospitaleko ekipamendua eta osasun-zerbitzuen ekoizpen katean eta banaketan lan egiten dutenak.
- Funtsezkotzat jotako jarduerek egoki funtzionatu dezaten beharrezkoak diren hornidura eta materialak eskaintzen dituen manufaktura industriaren jarduera produktiboari eusteko ezinbestekoak direnak.
- Pertsonen zein merkantzien garraioan lan egiten dutenak.
- Espetxe Instituzioetan, babes zibilean, itsas salbamenduan, suteetan, meatzeen segurtasunean eta bide segurtasunean lan egiten duten pertsonak. Era berean, segurtasun-garraioko, alarmen aurreko erantzuneko, txandakako edo aldizkako zaintzako zerbitzuak ematen dituzten segurtasun pribatuko enpresetan lan egiten dutenak, eta segurtasun-zerbitzuak emateko erabili behar direnak, herritarrei funtsezko zerbitzuak eta hornidura bermatzeko.
- Indar armatuen materiala eta ekipoak mantentzeko ezinbestekoak direnak.
- Osasun zentroetako beharginak nahiz adinekoak, adingabeak, mendekotasunak edo ezgaitasunak dituzten pertsonak artatzen dituzten zentroetakoak; baita COVID-19ri lotutako enpresetan, Ikerkuntza eta garapen zentroetan eta bioteknologikoetan lan egiten duten pertsonenak, eta horiei zerbitzuak ematen dizkieten enpresen gutxieneko zerbitzuak. Baita ere, hileta zerbitzuetako langileak.
- Animaliei osasun-arreta emateko zentro, zerbitzu eta establezimenduenak.
- Prentsako salmenta-puntuetan eta komunikabideetan edo titulartasun publiko zein pribatuko albiste-agentzietan zerbitzuak ematen dituztenak, bai eta inprimatzean edo banatzean ere.
- Finantza zerbitzuak; bankuak, aseguruak eta inbertsioak barne, ezinbestekoak diren zerbitzuak emateko soilik.
- Telekomunikazio eta ikus-entzunezko nahiz beharrezko informatika zerbitzuetako enpresak, eta horiek ahalbidetzen dituzten sare eta instalazioetan nahiz horien funtzionamendu egokia ziurtatzen dihardutenak, bereziki zerbitzu publikoak eskaintzeko beharrezkoak diren kasuetan.
- Genero-indarkeriaren biktimen babesarekin eta arretarekin lotutako zerbitzuak ematen dituztenak.
- Bertan behera geratu ez diren jarduketa prozesaletan parte hartzen duten abokatuak, prokuradoreak, gizarte langileak, itzultzaileak eta psikologoak.
- Lege aholkularitzan, gestoria administratiboetan eta lan arriskuen prebentzioan lan egiten dutenak, soilik premiazko kasuetan.
- Notariotzan eta erregistroetan lan egiten dutenak, soilik Segurtasun Juridikoko Zuzendaritzak ezinbestekotzat jotako zerbitzuak betetzeko denean.
- Garbiketako, mantentze-lanetako, premiazko matxurak konpontzeko eta zaintzako zerbitzuak ematen dituztenak. Bai eta honako arlo hauetan zerbitzuak ematen dituztenak ere: hondakin arriskutsuak, hiri hondakinak eta ur hondakinak jasotzen, kudeatzen eta tratatzen dituztenak, deskontaminazio jardueretako langileak eta hondakinen kudeaketan, azpiproduktuak garraioan eta kentzeko beste zerbitzu batzuetan ari direnak.
- Errefuxiatuen Harrera Zentroetan eta Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroetan eta Migrazioen Estatu Idazkaritzak diruz lagundutako kudeaketa pribatuko erakunde publikoetan lan egiten dutenak eta nazioarteko babesaren eta arreta humanitarioaren esparruan jarduten dutenak.
- Ur horniduran, depurazioan, garraioan, arazketan eta saneamenduan lan egiten dutenak.
- Meteorologia zerbitzuak emateko beharrezkoak diren zereginetakoak; mantentze, zaintza eta kontrol-prozesuak hornitzeko ezinbestekoak direnak.
- Estatuak izendatutako operadoreak emandako posta zerbitzuko langileak.
- Osasun-materialaren inportazioan eta horniduran parte hartzen duten sektoreetan edo azpisektoreetan zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola logistika, garraioa, biltegiratzea, aduana-zirkulazioa eta, oro har, osasun-korridoreetan parte hartzen duten guztiak.
- Internet, telefono edo korrespondentzia bidez erositako produktuak banatzen eta entregatzen lan egiten dutenak.
- Premiazkotzat jotako zerbitzuetan lan egiten duten beste edozein sektoretakoak.