Elgoibarko Udalak eta Debemenek antolatuta, otsaileko azken zapatuko feria egingo dute hilaren 29an. Gaztetxoenek Elgoibarko baserrietako ardien esnearekin mamia egiten ikasteko aukera izango dute, 12:00etatik 14:00etara bitartean, Kalebarren plazan.
Ohi duten legez, Elgoibarko hainbat baserritarrek eta ekoizlek saltokiak jarriko dituzte Kalebarren plazan (9:00etatik 14:00etara).
Jan edanerako aukera ere izango da ferian. Elgoibarko Danborrada Atabal Elkarteko kideek prestatuko dituzte Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak. 11:00etatik aurrera ipiniko dituzte salgai.
Feria eguna osatzeko, ganadu erakusketa egingo da, eguerditik aurrera, Aita Agirre plazan.