Erein, Leader eta Itsaspen izeneko programen bidez finantzatu ditu Jaurlaritzak Debabarrena eskualdean gauzatu dituzten proiektuak, guztiak landa garapenarekin lotura dutenak, hiru milioi euro baino gehiagoko inbertsioak eginda azken bi urteetan, 2018an eta 2019an.
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak, Jone Fernandezek, Mutriku, Deba, Itziar, Mendaro, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko alkateek eta Debemen Debabarreneko Landa Garapeneko Elkarteko ordezkariek dagoeneko gauzatu diren Landa Garapeneko hainbat proiektutara egin zuten bisita, joan den otsailaren 14an, finantziazio publikoaz eskualdean garatzen ari diren proiektuak eta ekimenak bertatik bertara ezagutzeko, Txikitasunetik Handi proiektuaren inguruan.
Honako proiektuak ezagutu zituzten:
- Burugorri Eraikina eta bere taberna kooperatiboa (Itziar)
- Kirol Anitzeko Gunea (Mendaro)
- Altzolako Gizarte Zentroa (Elgoibar)
- Ixua Hotela (Eibar)
Laguntza programak landatartasun gradurik handieneko udalerrien sustapenera, garapenera eta dibertsifikazio ekonomikora zuzenduta daude, eta helburu hauek dituzte, besteak beste: enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioak egitea; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuen eraikuntza eta konponketa; turismoaren sustapena; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea.
Debemeneko ordezkari Agurtzane Etxanizek, honako hau nabarmendu zuen: “laguntza publiko horiek oso garrantzitsuak dira hainbat proiektu gauzatzea errazteko orduan, ekintzaileak pribatuak izan edo ekimen publikokoak izan, biak ere behar-beharrezkoak baitira Euskadiko landa guneen garapenerako”.
Bisitatutako proiektuen gaineko datuak ere jakinarazi dituzte sustatzaileek. Hona Mendarori eta Elgoibarri dagozkien proiektu publikoen inguruko xehetasunak:
• Kirol Anitzeko Gunea (Mendaro)
"Ikusita Mendaron ez zegoela nahiko instalazio bertako biztanleek hainbat kirol jarduera egiteko, egokitzat jo zen kirol anitzeko gune bat sortzea, bertan hainbat kirol egiteko, hala nola padela, ur zurrustak…", azaldu dute. Jarri den ekipamenduak txikienen jolaserako eta aisialdirako ur zurrusten gune bat izateaz gain, altzari osasungarriak ere baditu nagusientzat. Hori guztia lorategiz inguratuta eta mahai eta eserlekuz hornituta. "Era horretan, lortu da komunitatearentzako izaera hezitzailea duen gune bat izatea, non kirolak, jolasak eta harremanak dauden erdigunean, Mendaroko biztanleen artean interakzioa sustatuz".
• Altzolako Gizarte Zentroa (Elgoibar)
Altzolako gizarte zentroaren eraberritze lanekin auzotarren bizitza kalitatea hobetu nahi izan dute, bertan topagune bat sortuz, beharrei erantzuteko eta "gune bizi bat" izan dadin. Laster, zentroak aktibitate fisikoa egiteko gune bat izango duela jakinarazi dute, baita tailerra, ordenagailuak, gelak eta jolasak ere.
• Mendaron eta Elgoibarren gauzatutako proiektu gehiago
Debabarrena eskualdeak 363.000 euro baino gehiago eskuratu ditu guztira Leader izeneko programaren bitartez, eta diru horrekin ekimen publikoko proiektu bat eta ekimen pribatuko beste bat finantzatu dira. Proiektu horietarako aurreikusitako inbertsioak milioi bat euro ingurukoak dira. 2019 urteari dagokionean, Mendaroko Udalak bi proiektu publiko aurkeztu zituen, Ludotekan eta Zelaikua plazan hobekuntzak egiteko, guztirako inbertsioa 293.500 eurokoa delarik. Laguntza horiek ez dira oraindik ebatzi.
Erein proiektuaren bidez, berriz, 2019ko deialdian lau proiektu aurkeztu dira, bi publikoak eta beste bi pribatuak. Inbertsioak 496.000 euro baino gehiagokoak izan dira eta laguntzetan 200.000 euro baino gehiago onartu dira. Ekimen pribatukoen artean Elgoibarko Akei Landetxea ageri da, eta ekimen publikokoetan Sallobente elkartean igogailua jartzea da proiektuetako bat.
Izaera sozialeko ekitaldiei dagokienez, 2018an hiru proiektu lagundu zituzten diruz. Zehazki, Mendaroko aizkolari txapelketa, Itziarko “Udaberri udazken Kulturala” eta Debemen Debabarreneko Landa Garapeneko Elkarteak antolatutako kirol autoktonoen erakusketa. Ekitaldi guztien artean 24.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan zuten eta denek batera 12.000 euro eskuratu zituzten laguntza gisa.