Antonio Iparragirre: “1.300 bat gramoko madari-aleak ere eramango ditugu Elgoibarrera, Gabon Zahar feriara

Barren.eus 2019ko abe. 20a, 08:19

Ezagunak dira Elgoibarren Sagarmiña baserrikoak, bai eta kilotik gorako haien fruta-aleak ere. Urte askoan hutsik egin gabe etorri dira Gabon Zahar feriara, eta sariarekin itzuli dira beti etxera. Aurten ere hemen izango dira, etxeko jenero onenarekin.


• 30 bat urtean fruta posturik onenaren saria jaso duzue Elgoibarko Gabon Zahar ferian. Ez da edozelako marka.
Pakita Urbieta: Ez da, ez. 1985. urtean izango zen estreinako aldia. Elgoibarrera joaten hasi aurretik bi-hiru urtean Eibarko sanandresetako azokara ere joan izan ginen, eta sariren batekin bueltatu ginen beti. Probatze aldera joan ginen estreinako aldian Eibarrera, erdi tuntun. Frutak ere fruta-kaxetatik atera gabe eduki genituen mahaian, pentsa!  Geroago hasi ginen mahaia dotoretzen-eta. Geuk ere ikasi egin dugu urteekin.

 • Horrenbeste urtean irabazita, pentsatzekoa da urtetik urtera gehiago eskatuko diozuela zeuen buruei. Ohitu ere egingo zineten, akaso, irabaztera.
Antonio Iparragirre: Ohitu ez da behin ere egiten. Hemen lanik gabe ez dago ezer. Guk lehenago Golden sagarra hartzen genuen asko. 400-500 bat arbola izan genituen asko ematen zutenak eta orduan hasi ginen azoketara joaten. Kiwi arbolak jarri genituen geroxeago. Orduan, orain 35 bat urte, ez zen kiwirik ikusten hemen bueltan eta dirua ematen zuen. 500 bat pezeta, bai, kiloak! Aleko saltzen genituen kiwiak.

 • Zein da zuen sekretua?

Antonio: Lana da hemen sekretua. Hauxe gustatzen zaigu guri, arbolak zaintzea. Nik neuk pasiaran ibiltzea baino mila bider nahiago dut fruta-arbolak zaintzea. 14 urte nituela hasi nintzen igeltseritzan lanean, eta bitarte guztietan, hemen ibili naiz beti, fruta-jiran. Mintegietara joaten gara ez daukagunaren bila eta  zer dagoen ona ikustera, eta handik ekartzen ditugu landareak. Eta etxean ere txertatzen ditugu. Landare baten adarrean fruta ona ematen duen beste arbola baten adartxoa itsasteari esaten zaio txertatzea. Urtero egiten dut nik hori. Orain ere badauzkat hamabost bat txertatzeko.  Jenero ona daukagu. Aurten ere kiloko sagar eta madariak edozenbat eramango ditugu Elgoibarrera eta 1.200-1.300 gramoko madariak ere  bai tartean.

 • Famili oso batek jan dezake halako batekin. Nola lortzen dituzue halakoak?
Antonio: Batetik, landarea da ona, eta bestetik, urte guztiko zaintza dago honen atzean. Bakantzea da horretarako garrantzitsua. Maiatzean, pipitta txikiak hasteaz bat hasi behar da bakantzen, onenak apartatzen, fruta-alea haziko bada. Astean bi-hiru bider egiten dugu lan hori. Hazi ahala ere, ikusten da zeintzuk datozen hobeak eta zeintzuk eskasagoak. Txorta bakoitzean bi-hiru ale nahikoa dira, bestela ez dira hazten. Begira, aurten sagar urtea izan da, baina normalean, sagar urteetan, aleak txikiagoak izaten dira. Ugari dagoenean, aleak beti dira txikiagoak.
Pakita: Nik esan ere egiten diot sarri honi: ‘Kontuz gero, azkenerako sagar gabe utzi behar duzu arbola-eta!’. Sagardoa egiteko erabiltzen dituzten tamainako sagarrak ere kentzen ditu honek. Arbola-ondoa estalita lagatzen du tamaina horretako sagarrekin. Pena ere ematen dit neri, baina...

 • Sagar asko galduko da ba alferrik, ala?
Antonio: Bai, bertan lagatzen ditugu usteltzen. Ongarria da hori arbolarentzat. Inguruan ebagitzen dugun belarra ere botatzen diogu arbolari ondora. Bestela, ongarririk apenas erabiltzen dugun. Lau urtean behin-edo apurren bat, baina aspaldian hori ere ez.

 • Gaur egunean zenbat fruta klase hartzen dituzue?
Pakita: 45 bat barietate. Orain hiru-lau bat urte arbola batzuk kendu egin genituen mahatsondoak sartzeko, baina orain ere, Elgoibarrera 43 bat barietate eramango ditugu. Sagardo-sagar arbolak eta jan-sagar arbola batzuk kendu ditugu, baina barietateari eusten diogu. Sagarretan, esaterako, hamabost bat klase izango ditugu, eta madarietan beste hamar bat-edo. Sagarrak, madariak, kiwiak, kakiak, feijoak, naranjak, limoiak, mahatsa... aukera zabala daukagu. Granada arbolak ere izan genituen eta ale ederrak eman zizkiguten, baina kendu genituen gero. Eta intxaurrondoak eta hurrondoak ere izan ditugu, baina hemen halakoei sarri gorrinak jotzen die, eta kendu genituen, fruta gehiago ematen dutenak sartzeko. Egia esan, zortea izan dugu guk, sekula ez garelako gelditu frutarik hartu gabe. Urte onak eta eskasagoak izan dira, baina urte txarra esaten denik ez.
Antonio: Naranjak eta limoiak ere urte guztian hartzen ditugu.

2019 12 19 sagarmina mutriku frutak elgoibar gabonzahar v1

2019 12 19 sagarmina mutriku frutak elgoibar gabonzahar txarmenak

2019 12 18 sagarmina mutriku frutak

2019 12 20 elkarrizketa sagarmina 2017 12 30 gabon zahar feria elgoibar sagarmina frutak 1saria