Artaziak hartu eta oihalak moztea zen umetan Alba Esnalen (Elgoibar, 1990) jolas gustukuena. Edozein oihal hartzen zuen, eta behin baino gehiagotan hondatu izan zizkion amari arropak. Nagusitu ahala, liburu artean ezkutatzen zituen oihalak, eta eskolarako ikasten ari zen bitartean ere, eskuartean erabiltzen zituen artaziak. Batxilergoa bukatu zuenean Arte Ederrak ikasten hasi zen Leioan, baina, aldi berean frantsesa eta jostungintza eskolak jasotzen hasi zen. Bere buruan Parisera joatea zegoen, goi mailako jostungintza ikastera. Eta halaxe egin zuen. Channel edo Loius Vuitton bezalako etxeetan jardun zuen lanean, eta han erabaki zuen egunen batean bere negozio propioa jarriko zuela. Miquele mertzeria da amets horren emaitza.
• Nolatan erabaki zenuen joskintza munduan bidea urratzea?
Ez nuen nire burua beste inon imaginatzen. 10 bat urte nituela amari hartzen nizkion oihalak eta arropak, eta moztu egiten nituen. Amak bere arropen armairua giltzapetu behar izan zuen, denak hondatzen nizkiolako. Beti nenbilen oihal eta artaziekin jolasean. Argi neukan sormenarekin zerikusia zeukan zerbait ikasi nahi nuela, eta Arte Ederrak ikasten hasi nintzen Leioako Unibertsitatean, eskultura alorrean. Oso gustura egin nituen ikasketak eta pila bat ikasi nuen, baina lan mundurako aukera handirik ez nion ikusten hari, eta beste zerbait bilatu behar nuela erabaki nuen. Ebaketa eta prestaketa ikasten hasi nintzen, eta frantses eskoletan eman nuen izena. Parisera joatea zen nire nahia, Goi Mailako Joskintza ikastera.
• Paris da Goi Mailako Joskintzaren hiriburua. Zer ikasi zenuen han?
Goi Mailako Joskintza irakasten zuten eskola batean egon nintzen, teoria eta praktika uztartuz. Lau egunetan lan egiten genuen, eta egun baten formazioa jasotzen genuen eskolan. Maila handiko jendeak ikasten du han, eta nolabait esateko, profesionalizaziorako azken pausoa da, lan mundurako sarbidea. Ez da erraza izaten han sartzea. Ezinbestekoa izaten da praktikak egiteko enpresa bat aurkitzea, eta eskolak zerbait laguntzen duen arren, praktiketako enpresa norberak aurkitu behar du. Nik ehun bat enpresatara bidali nuen eskaera, eta batetik bakarrik erantzun zidaten. Channel etxea zen, eta oso pozik hartu nuen.
• Zelakoa da Channel bezalako etxe batean lan egitea?
Oso interesgarria. Nik pila bat ikasi nuen. Ofizioa oinarri-oinarritik ikasteko aukera ematen dute, eta joskintzako postu guztiak probatzen dira. Postu bakoitzean bi-hiru aste egin nituen, nire mailari zegokion postura iritsi arte. Garrantzi handia ematen diote joskintzako katean parte hartzen duten postu guztietako lana
ezagutzeari. Espainian ere badaude joskintza eskola onak, baina gehiago daude diseinura bideratuta. Hau da, arropak diseinatzen dituzte, baina gero, kanpoan josten dira. Baina nik ez nuen diseinua landu nahi. Goi Mailako Joskintza ikasi nahi nuen, eta hori, gaur gaurkoz, Parisen bakarrik dago. Parisko industria nagusia moda da.
• Zenbat denbora egin zenuen Parisen?
Ia lau urte! Mundu gogorra iruditu zitzaidan modarena. Konpententzia handia dago, etxe handiak bata bestearen beldur dira, eta jendea ez da asko fidatzen. Lehenengo, Channelen egon nintzen, eta gero, Louis Vuittonen. Bizitzaz ere asko ikasi nuen Parisen, pertsona moduan garatzeko balio izan zidan, eta umea ere han izan nuen. Ez nekien noiz itzuliko nintzen, baina han nengoela erabaki nuen egunen batean nire negozio propioa izango nuela, eta une hori iristen zenean itzuliko nintzela.
Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariaren 1141. zenbakian -PDF-
• Itzuli zinen, eta Miquele zabaldu zenuen. Zein da dendaren oinarria?
Miquele nire bigarren abizena da, amaren abizena. Aittitta zen Miquele, eta bera izan zen gauza hauetan hastera gehien animatu ninduena. Umea nintzela artilea erostera eramaten ninduen, eta iruditzen zitzaion bere bilobak ezin hobeto josten zuela. Horrelakoak dira aittitta guztiak! Parisera joan aurretxoan hil zen.
Berak ez zuen nahi ni kanpora joatea, pena ematen ziola esaten zidan, eta bere omenez jarri nion dendari izen hau. Mertzeria bat da, eta horrez gain, umeentzako arropak saltzen ditugu, batzuk guk eskuz eginikoak. Opariak egiteko produktu egokiak direla iruditzen zait. Puntua egiten eta josten ikasteko klaseak ere ematen
ditut, eta esan behar dut klase horiei esker eusten diodala negozioari. Gaur egun Internetek eta saltoki handiek min handia egin diote merkataritza txikiari eta horiekin lehiatzea oso zaila da. Lan bikoitza egin behar dugu, gutxieneko etekina lortzeko. Dendaz gain, eskolak eman behar ditut, sare sozialetan argazkiak jarri eta produktuak erakutsi, Internetez saldu... Merkataritza txikia egoera oso larrian dago.
• Nolako lan baldintzak daude joskintzan?
Joskintzak ordu asko eskatzen ditu, eta hori ez dago ordainduta. Lanbide honetan ezin da produktu baten prezioa orduka kobratu. Niri hau da munduan gehien gustatzen zaidana, nire pasioa jostea da, eta produktu bat kobratzen dudanean ez dut pentsatzen zenbat ordu pasatu ditudan lanean. Azken batean, nire zaletasun bat lanbide bilakatu dut eta nire ametsa betetzen ari naiz. Gaur egun arropa oso merke erosteko aukera ere badago, eta ni ez naiz inor esateko ez dela arropa hori erosi behar, baina nik ez dut erosten. Uste dut jende askok erosten duela merkeak direlako, eta ez behar duelako, eta luzera arropa horiek ez gaituztela asetzen. Modarena munduan gehien kutsatzen duen bigarren industria da. Gainera, jendea oso baldintza txarretan ari da lanean, eta ekoizten den arroparen zati handi batek zakarrontzian bukatzen du bi urteko epean, edo askotan, saldu aurretik. Arduraz erostearen aldekoa naiz, benetan behar duguna bakarrik erostearen aldekoa. Ulertzen dut, hala ere, gaur egungo soldatekin jendeak gauza merkeak erostea, baina batzuetan hobe da zapata pare on bat erostea, lau merke baino. Erosteko ohiturak asko aldatu dira: gure aiton-amonen garaian ez zegoen Internet, eta autorik ere ez zeukaten, orduan dena herrian erosten zuten. Ez ziren oporretan joaten, ez zeukaten gimnasioko kuota ordaindu beharrik... Gaur egun dena nahi dugu, eta soldatak ez du denerako ematen. Horregatik, merke erostera jotzen dugu, horren atzean dagoen guztia kontuan hartu gabe.