World Cheese Awards lehiaketan saritutako gaztagileak omendu dituzte, tartean Mausitxa

Barren.eus 2019ko abe. 5a, 17:45

Eusko Jaurlaritzak eta Hazi Fundazioak euskal artzaien lana aitortu eta omentzeko ekitaldia antolatu zuen, abenduaren 2an Bilbon, eta World Cheese Awards nazioarteko gazta lehiaketan saritu zituzten 22 euskal gaztagileak omendu zituzten, tartean Elgoibarko Mausitxa.

Gaztaren inguruan munduan egiten den lehiaketarik garrantzitsuena da World Cheese Awards. Aurten, lehiaketaren 31. ekitaldia egin da, italiako Bergamo hirian. Guztira 3.800 gazta marka baino gehiagok hartu zuten parte, eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko eta Artzai Gaztako 22 euskal gaztandegik lortu zuten sari bat edo gehiago. Guztira 42 sari eskuratu zituzten euskal artzainek lehiaketara aurkeztutako gaztek. Elgoibarko Mausitxa gaztandegiak brontzezko bi domina irabazi zituen Bergamon.

WCA lehiaketako azken edizioan, 35 herrialdetako 260 epailek hartu zuten parte, launa pertsonako taldetan banatuta, 85 gazta dastatzeko. Gazta kopuru horretatik 16 aukeratzen dituzte, eta horiek hurrengo errondara igarotzen dira. Ondoren, epaileek brontzezko, zilarrezko eta urrezko dominak ematen dituzte, beren irizpideen arabera. Gainera, epaimahaikideek gazta bat aukeratzen dute mahaiko, eta gazta horri “Super Urrea” saria ematen diote. Aukeratutako “Super Urre” guztietatik, beste aukeraketa bat egiten da eta 16 hoberenak aukeratzen dira berriro, eta 16 horietatik ateratzen da Munduko Txapelduna. Saritutako euskal gazten artean, Azkarra (Donemiliaga) gaztandegiak lortu zuen "Super Urrea" sarietako bat.

Eusko Jaurlaritzak eta Hazi Fundazioak gaztagileok omentzeko Bilbon antolatu zuten ekitaldian euskal gastronomiako eta kiroleko hainbat aurpegi ezagunek hartu zuten parte, eta horien eskutik jaso zituzten gaztagileek aitortzaren diplomak. Besteak beste, Eneko Atxa, Fernando Canales, Dani Garcia, Zuriñe García, Ander Unda eta Mari Asun Ibarrondo, Sergio Ortiz de Zarate edo Ricardo Perez sukaldariak eta, kirolarien artean, Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola pilotariak, Aitor Atutxa aizkolaria, Bilbao Basketeko zuzendari nagusi eta jokalari ohi Predrag Savovic eta Eusko Label Ligako arraunlariak.

*Argazkiak: irekia.euskadi.eus

2019 12 02 gaztagileei omenaldia jaurlaritza irekia danak