Gasteizen egingo den elkarretaratzera joateko autobusa antolatu dute Elgoibarko pentsiodunek

Barren.eus 2019ko abe. 4a, 11:02

Pentsiodunen elkarretaratzea dago deituta abenduaren 12rako Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Elgoibarko pentsiodunek Gasteizko mobilizaziora joateko autobusa antolatu dute.

Elgoibartik Gasteizera joango den autobusa 9:00etan irtengo da Txankakoatik. Gasteizko elkarretaratzea 11:00etan hasiko da.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoako pentsiodunen plataformek antolatu dute elkarretaratzea. Antolatzaileek jakitera eman dute euskal pentsiodunek aldarrikapen zehatzak eramango dituztela Gasteizko Legebiltzarraren atarian egingo duten protesta ekitaldira. Alde batetik, pentsiorik txikienak 1.080 eurora osatzeko eskaera egingo diote Eusko Jaurlaritzari, eta 14 ordainketa egitea. "Beste alde batetik, eta aurrera begira dauden arriskuak ikusita, pentsio sistema publikoa izatea bermatzea eskatuko diogu Espainiako Gobernuari, eta horretarako beharrezkoa da Pentsio Publikoen Legea egitea", adierazi dute. Pentsio baxuenak osatzea eta pentsio sistema publikoa izatea bermatzea ezinbestekoa ikusten dute euskal pentsiodunek, "soilik horrela bermatu ahal delako gure herriko pentsiodunek bizi proiektu duinak izatea". Era berean, genero arrakala amaitzea, eta osasun zerbitzu publiko eta doakoa ziurtatuko dituen sare unibertsala eratzea ere eskatuko dituzte.