Orain dela gutxi Mendaron egin zuten moduan, gazta dastaketa egingo dute Elgoibarren ere. Elgoibarko Mausitxa gaztandegiko ardi gazta eta Mallabiko Axelekuk eginiko behi gazta dastatzeko aukera izango da, debalde. Gazta dastaketa Mutrikuko Sagarmiña baserriko txakolinarekin lagunduko dute. Gaztagileek gainera, gaztagintzari buruzko azalpenak emango dituzte.
Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, barikuan (azaroak 8), 19:00etatik aurrera.
• Radio Euskadiko irratsaio berezia Mausitxa baserritik
Mausitxa baserrian zortzigarren belaunaldiak dihardu gaztagintzan, eta munduko ardi gazta onenetarikoa egiten dute gaur egun. Halaxe dela erakusten du Euskal Herrian zein nazioartean irabazi dituzten dozenaka sarik. Hain justu ere, garaikur guzti horiek gordeta dituzten gelatik egin zuten Radio Euskadiko Boulevard saioko irratsaio berezia, zuzenean, joan den urriaren 30ean. Mausitxako gaztagile Iñaki eta Jesus Mari Ansola eta Rosa Mari Salegirekin egin zuen berba Dani Alvarez saioko aurkezleak, eta, beste hainbat gonbidatu ere igo ziren Mausitxa baserriraino, tartean elgoibartarrak eta mendaroarrak: Markel Olano ahaldun nagusia, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusia, Txillarre Ekodendako Argiñe Rubio, Juanjo Álvarez, Leire Egaña ehiztaria, Ernezto Ezpeleta Bihurri aizkolaria, Alex Txikon, e.a.