Tecman enpresak greba eskubidea urratu zuela ebatzi du Eibarko auzitegiaren epaiak

Barren.eus 2019ko urr. 22a, 10:55

105 eguneko grebari amaiera eman zioten Tecman enpresako beharginek, joan den urriaren 14an. Greba egiten ari zirela LAB sindikatuak enpresaren aurkako salaketa jarri zuen greba eskubidea urratu eta “jarrera antisindikala” izateagatik, eta orain aldeko epaia jaso du.

Osakidetzan eta Mendaroko ospitalean mantenimendu lana egiten duen Tecman SVA SL enpresako zuzendaritzak eta LAB sindikatuak lan akordioa sinatuta amaitu zuten Tecmaneko beharginek 105 eguneko greba, industria sektorean indarrean zegoen lan gatazka luzeena konponduz. Alabaina, gauza bat argitzea falta zen. Izan ere, LABek enpresa zein osakidetzaren aurkako salaketa bat jarri zuen, irailaren 20an, Eibarko Auzitegian. Greba deialdiak "hainbat oztopo bidegabe" izan zituela ohartarazi dute LAB sindikatuko arduradunek, besteak beste, greba egiteko eskubidea urratu izana leporatu zion zuzendaritzari, eta epaitegietara jo zuten. Sindikatuak jakinarazi duenez, auzitegiak ebatzi duen epaiak frogatutzat eman du enpresak mugagabe egiteko eskaintza egin ziola aldi baterako kontratua zuen langile bati, greba uztearen truke; eta, era berean, epaiak jasotzen du Tecmaneko enkargatuek ezarritako "zerbitzu minimoak gainditu" egin zituztela.

 • Sindikatuak gertakari ' oso larritzat' jo du
LAB sindikatutik oso larritzat jo dute Tecman auzian gertatutako guztia eta adierazi dute epaiak argi uzten duela auzi honen atzean ezkutatzen dena: “Osakidetzak jarrera antisindikalak eta greba eskubidearen urraketa onartzea bere lantokietan”. 
Era berean, epai honek sinatutako akordioari balioa ematen diola uste du sindikatuak, langileen eskaera guztiak jasotzen zituela-eta: KPItik gorako soldata igoerak, guardiak borondatezkoak izatea, hiru kontratu mugagabe bihurtzea eta aldi baterako ezintasunak %100raino osagarritzea.
Greba eskubidearen urraketari aurre egin zioten Tecmaneko langileen "105 eguneko borroka" zoriondu du LAB sindikatuak, "borrokak fruituak ematen dituela erakutsi dutelako".

∞Lotura duten albisteak: