Hazinnova zerbitzua SPRI Taldeak eta Innobasque, Berrikuntzako Euskal Agentziak abiatu dute, eta Debabarrena eta Debagoieneko enpresa txiki eta ertainetako (ETE) ordezkariei Hazinnova zerbitzua ezagutzera emateko aurkezpen jardunaldia egin zuten, aurreko barikuan, Eibarko Debegesaren egoitzan, Debegesa-k eta Debagoieneko Garapen Agentziak antolatuta.
“Guretzat oso pozgarria da halako ekimenak inguruko ETEei azaltzea. Enpresei eskaintzen zaien laguntza guztiak dira garrantzitsuak. Debegesa enpresei aholkatzeko eta laguntzeko prest dago beti, eta datorren urtean zehazki sektore ezberdinetako 20 enpresei lagunduko diegu proiektu ezberdinak aurrera ateratzen”, adierazi zuen aurkezpenean ebegesako zuzendari orokor Juan Ángel Balbásek.
SPRI Taldeko Berrikuntza Saileko zuzendari Josu Ocarizek Hazinnova zer den azaldu eta ETE bati zein onura eskaintzen dizkion gaineratu zuen. “Hazinnovako agenteek enpresei hasieratik laguntzeko prest daude, enpresa bakoitzak errealitate ezberdinak ditu, baina guztietan daude berrikuntza proiektu ezberdinak txertatzea”, esan zuen Ocarizek.
Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendari Alaitz Landaluzek zerbitzuaren testuingurua zein den agertu eta Euskadin berrikuntzak bizi duen egoeraren diagnostikoaren berri eman zuen. Birritan aipatu zuen enpresa batean proiektu berritzaileak eta oro har, izaera berritzaileak garatzea ezinbestekoa dela.
• Manufacturas Resort enpresakoen bizipenak
Malguki teknikoak neurrira egiten dituen Eibarko Manufacturas Resort, S. L. enpresako gerenteak, Miguel Ángel Arenasek, bere esperientziaren berri eman zuen, berrikuntza ez teknologikoaren arloan egindakoaz, zehazki: “19 langile eta 50 urteko esperientzia duen enpresa da gurea, alegia gure bailaran gurea bezalako enpresa asko daude. Ni duela 16 hilabete sartu nintzen enpresan, eta denbora labur honetan denon artean hainbat proiektu jarri ditugu martxan, bakoitza helburu eta dinamika ezberdinetakoak, esaterako: komertzialak, industrialak ala lan-taldeari dagozkionak”. Arenasek behin baino gehiagotan errepikatu zuen sekula ez dela momentu ona proiektu berriak martxan jartzeko, baina, aldi berean hobe dela "gaur hastea bihar baino". Ez dela bide erraza aitortu zuen arren, "behin hasita egiteko eta hobetzeko dagoen guztiaz jabetetzen zara, eta hori da bidea”, esan zen. Era berean, gauzak ondo ateratzen ez direnean ere asko ikasten dela esan zuen aurrean zituen gainerako ETEetako ordezkariei, "eta nik hori ere aukera bezala ulertzen dut, hobetzen joateko aukera gisa”.
• Hazinnova zer den azaltzeko jardunaldiak
Debabarrenako eta Debagoienako 20 ETEetako ordezkarik hartu zuten parte barikuan Debegesaren egoitzan egin zuten jardunaldian. Eibarren egin zuten aurkezpenaz gainera, eskualdez eskualde eman dute ezagutzera Hazinnova zerbitzua: Tolosan, Irunen eta Azpeitian izan dira aurkezpenak. Orain Bizkaira itzuliko dira (bertan, Durangon abiatu ziren irailaren 19an). Ondoren Araban izango dira. Guztira 10 jardunaldi izango dira modu zehatzean eta ahalik eta euskal ETEen kopuru zabalenari Hazinnova helarazi eta zer den azaltzeko.