Brotxetak egiten ikasteko tailerra egingo dute hileko azken zapatuko azokan

Barren.eus 2019ko ira. 26a, 11:20

Iraileko azken zapatuko nekazaritza eta abeltzaintza ferian brotxetak egiten ikasteko tailerrean parte hartu ahal izango dute ume eta gaztetxoek. Hilabete honetan C.D. Elgoibar kirol taldeak kudeatuko du txosna.

Hileko azken zapatuko feriak Elgoibarko Udalak antolatzen ditu Debemen elkartearekin elkarlanean. Ekimen hau Debemen elkarteak bertako baserritarrek ekoizturiko produktuen kontsumoa bultzatzeko “Baserrikoa” ekimenaren parte da. 

Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera egongo da 9:00etatik aurrera, Kalebarren plazan. 11:00etatik aurrera, pintxoak dastatu ahal izango dira Club Deportivo Elgoibarrek jarriko duen txosnan. Bertan, herriko baserrietan ekoiztu eta harategietako produktuekin eginiko pintxoak salduko dituzte.
Brotxeta tailerra 12:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute Kalebarrenen. Atxutxiamaika aisialdi taldearen laguntzarekin, baserrietako baratzetako garaian garaiko barazki eta Elgoibarko harategietako kalitatezko produktuekin brotxetak nola egin irakatsiko diete gaztetxoei.
Feria eguna osatzeko, ganadu erakusketa eta salmenta egingo da, eguerditik aurrera, Aita Agirre plazan.

Kale kantariek ere hartuko dute parte ferian eta berezia izango da zapatuan emango duten saioa, aste honetan zendu den Koldo Lizarralderi eskainia izango baita.

2019 09 26 elgoibar hilbukaer feria