Mausitxak irabazi du Gipuzkoako Artzai Gaztaren 35. gazta lehiaketa Legazpin

Barren.eus 2019ko ira. 2a, 12:32

Mausitxak bi gazta lehiaketa irabazi ditu bi egunetan. Herrian profeta izatea lortu zuen lehenik, San Bartolomeetako Gazta Lehiaketa irabazi baitzuen joan den zapatuan. Atzo, berriz, Gipuzkoako Artzai Gaztaren 35. gazta lehiaketa irabazi zuen Legazpin.

Iraileko lehendabiziko domekan ospatzen dute Legazpin Gipuzkoako Artzain Eguna, non ardiak eta gazta izaten diren protagonista nagusiak. Artzain Egunaren barruan antolatu zuten Gipuzkoako Artzai Gaztaren 35. gazta lehiaketa eta Elgoibarko Mausitxa Gaztandegiak aurkeztutako gaztak jaso zuen lehen saria. Mutrikuko Goienetxe baserriak lortu zuen bigarren saria eta Legazpiko Makatza gaztandegiko Aitor Mantxolek lortu zuen hirugarren postua. Lehenengo hamarrak Euskal Herriko txapelketarako sailkatu dira.

Mausitxak sei alditan irabazi du Gipuzkoako Artzain Gazta txapelketa, atzokoa kontuan hartuta. Aurrez, 2005ean, 2007an, 2009an, 2013an eta 2015ean lortu zuen lehen saria. Iaz, 2018koan, txapeldunorde izan zen.

Aurki, irailaren 11n, jokatuko da Ordiziako Gazta Lehiaketa, Euskal Herriko gazta lehiaketa ospetsuena.

*Argazkia: Goierriko Hitza.