Herriko Enparantzan izango da bitxien erakusketa, 19:00etatik 22:00etara. Bitxiak Galdakaon sortzen dituzte eskuz, eta herriz herri ez ezik, Internet bidez ere saltzen dituzte, maiatzaren 22an zabaldu zuten on-line dendan: https://www.sinunjewels.com.
30 urte bete zutenean ordura arteko lanak laga, eta bitxigintzan hastea erabaki zuten. Sormena, estetika eta moda zituzten pasio eta hiru pasioak uztartzen zituen proiektua gauzatu zuten hala. Apirilean sortu zuten proiektua bi emakume ekintzaile hauek, Bilbon. Geroztik, hiru bilduma kaleratu dituzte: Maia (naturan oinarritutakoa), Izar (casual estilokoa) eta Aiza (bilduma udatiarra eta jubenilagoa). Hiru bildumotan 72 bitxi baino gehiago sortu dituzte, Sinum Jewels markapean, baina bitxi bakoitzak emakume izen bat du. "Gure bizitzetan esanguratsuak izan diren emakumeen izenak jarri dizkiegu denei", zehaztu du Zubiaurrek.
Markari berari ere esangura handiko izena eman nahi izan diote. "Garbi geneukan 'zurea' hitza izan behar zuela eta dena delako izenak soinu berezia izan behar zuela. Hala, Finlandiako hezkuntza sistemaren onurez berbetan ari ginen egun batean, bururatu zitzaigun 'zurea' finaldierara itzultzea. Eta hortik dator Sinum", gehitu du. Lau hilabete eskas dira proiektua sortu zutenetik, baina lanez lepo dabiltzala aitortu du Zubiaurrek, bereziki prentsa euren berri ematen hasi denetik. Interneteko salmentak "izugarri" hasi direla esan dute, eta hori izugarrizko bultzada izan dutela nabarmendu. Ostiralean Mendaron izango dira, Nerea Zubiaurreren jaioterrian, eta ordurako laugarren bilduma aurkezteko moduan izango direla aurreratu dute. Sare izango du izena bilduma berriak.