Tecman enpresako beharginek greba eskubidea urratu dela salatu dute

Barren.eus 2019ko uzt. 16a, 11:08

Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen Tecman SVA SL enpresako langileek hamalau egun daramatzate greban, eta salatu dute Tecman enpresak eta Osakidetzak ez dutela akordiorik nahi, eta horrez gainera, langileen greba eskubidea urratu dela ere salatu dute sindikatuek.

 

Tecman SVA S.L. enpresako beharginek greba mugagabea hasi zuten uztailaren 2an, prekarietate laboralarekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko helburuarekin, LAB sindikatuak jakinarazi zuenez.
Orain, LABek salatu du langileon greba eskubidea urratzen ari direla. "Osakidetzak eta herritarron diruarekin kontrataturiko Tecman enpresa, langileon greba egiteko eskubidea urratzen ari dira", adierazi dute zabaldu duten prentsa oharrean. Osakidetzak Mendaroko ospitaleko sukaldeko arazoak konpontzeko beste enpresa bat azpikontratatu duela diote zabaldu duten prentsa oharrean. Horrez gainera, langile baten egutegia unilateralki aldatu dutela salatzen dute, "grebaren ondorioak murrizteko", eta baita enkargatuak teknikarien lana egiten ari direla ere, "zerbitzu minimoen arauetan hori erabat debekatuta dagoenean". Azkenik, behin behineko langileei xantaia egiten ari direla dio LABek: “greba egiteari uzten badiozue kontratu finkoa egingo dizuegu”.
Greba eta gatazka hau "oso erraz" konpondu daitekeen arren, Tecman eta Osakidetzaren konponbiderako borondate eza da arazo nagusia LABek jakinarazi duenez. Honela arrazoitu dute: "Eskatzen ditugun soldata igoerak, oinarrizkoak dira, KPI-arekin loturiko igoerak, alegia. Eta, zaintza txandekin, lan berdina egiten duten Osakidetzako mantenimenduko langileek kobratzen dutenarekin ekiparatzea eskatzen dugu. Gainera, langileok zuzendaritzari eginiko eskaintzan, lan baldintzen berdintze hau, lau urtetan progresiboki egiteko aukera eskaini diogu, baina alferrik".
Hau guztia gertatzen ari den bitartean, Osakidetza beste aldera begira dagoela eta hori erabat onartezina dela ere salatu dute. "Lotsagarria da guztion zergekin jasotako dirua hain bidegabeki eta axolagabeki kudeatzea. Tecman-eko langileok, zerbitzu publiko bat ematen dugu dugu jendartearentzat, baina Osakidetzak baimendutako lan baldintza kaxkar hauekin ezinezkoa da herritarrek merezi duten kalitatezko zerbitzu publiko bat ematea. Hau da, gure borroka, gure lan baldintzak duintzearen aldekoa izateaz ez ezik, kalitatezko zerbitzu publikoaren aldekoa ere bada. Osakidetzak, lan baldintzak externalizatu eta Tecmanek, langileen lan baldintzen kontura, poltsikoak betetzen ditu. Bien bitartean, langileontzako miseria eta herritarrentzako kaltea".
Honako hauek dira Tecman enpresako beharginen eskaera nagusiak:

  1. KPI-arekin loturiko soldata igoerak. Azkenengo Gipuzkoako metaleko herrialdeko hitzarmena sinatu zenetik soldatak izoztuta ditugu, 2011. urtetik, hain zuzen. Badakigu, ordundik gaur egundaino galdu dugun eros ahalmena ez dugula berreskuratuko baina... horrenbeste al da eskatzen duguna? Gure soldatak oso baxuak dira eta denok dakigu bizimodua geroz eta garestiagoa dela. Tecman-eko eta Osakidetzako zuzendaritzako arduradunak, konforme egongo al lirateke 1200 eurotako soldatarekin?Argi daukagu, ezetz.
  2. Zaintza edo “guardia” deituriko txandak: eginkizun honek, Mendaroko Ospitalean gerta litekeen edozein matxura edo ezuztekoen aurrean, adi eta prest egotean datza. Hau da, telefono dei bat jasoz gero, ordu erdiko epean, ospitalean bertan egoteko betebeharra, hain zuzen. Bederatzi ordutan “stand-by” egon behar izate hau 11 euro ordaintzen du Tecmman-ek (soldata gordinaz ari gara hitz egiten). Lan berbera egiten duen Osakidetzako mantenimenduko langile batek, zaintza txanda egun bakoitzeko 43 € kobratzen ditu (ondo merezia, noski). Tecmaneko langileok, ordea, esan bezala, 11 euro. Bidezkoa al da diskriminazio hau? Gure ustez ez.

2019 07 05 auto karabana protesta tecman greba mendaro

2019 07 05 auto karabana protesta tecman greba mendaro altzolan arg lab deba

2019 07 15 tecman greba mendaro jon baranguan 1