Jaime Comesek irabazi du Tkgune ideia industrialen lehiaketa

Barren.eus 2019ko uzt. 4a, 13:29

Enpresa industrial onena saritzen duen TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen seigarren ideia lehiaketak badauka irabazlea. Usurbilen bizi den Jaime Comes madrildarrak aurkeztutako ideia saritu dute. Ingurune birtualetan fisikoki ibiltzea ahalbidetzen duen plataforma bat sortzeko ideia aurkeztu du irabazleak.

IMHko Asmaola lantegian egin dute, gaur eguerdian, enpresa industrialen ideia lehiaketaren seigarren edizioko sari banaketa ekitaldia. "Nomada Omnimotion" izeneko proiektu edo ideia saritu dute aurtengoan. Lau ideia aurkeztu zituzten lehiaketara, hiru onenak aztertu zituzten epaimahikideek eta Jaime Comesek aurkeztutako proiektua saritzea erabaki zuten.
Jaime Comesek 28 urte ditu eta Lanbide Heziketatik pasa ostean, industri diseinu ikasketak egin zituen, besteak beste, arkitektura ikasi zuen gero. Lagun baten bidez jakin zuen Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Degebesak eta EHUko unibertsitateak, beste hainbat eragileren babesarekin, antolatzen duten lehiaketaren berri. "Lanean hasita nengoen proiektu honetan, eta lehiaketara aurkezteko ezin egokiagoa zela iruditu zitzaidan", adierazi du IMHko arduradunek eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak parte hartu duten sari banaketa ekitaldian.

 • "Nomada Omnimotion" proieku irabazlea
Ingurune birtualetan fisikoki ibiltzea ahalbidetzen duen plataforma edo makina bat sortzeko ideia da "Nomada Omnimotion". Plataforma horren bitartez, erabiltzaileak edozein norabideetan ibil daitezke -plataformaren gainazaletik irten gabe- eta aginte kontrolik erabili gabe, gorputzaren mugimenduak baitira ingurune birtualean eragina dutenak. 

"Arkitektua naiz eta ingeniarien munduan arrotz xamar sentitzen naiz. Arkitekturako proiektuak diseinatzeko, baina, errealitate birtuala erabiltzen dugu, 3D animaziozko irudiak eta sortzeko. Sortzen ditugun mundu birtual horietan, eraikinen barruan-eta, mugitzeko, oinez ibiltzeko beharra sentitu nuen eta esperientzia hori errealagoa izango litzateke nire plataforma edo makina gainean ibilita". Inguru birtual hori kasko betaurrekoekin edo errealitate birtualeko kasko baten bidez ikusiko luke plataforma gainean ibiltzen ari den bitartean. Arkitekturaz gainera, bere makina beste alor askotarako erabilgarria izango litzatekela dio Comesek, "fitness-a egiteko edo industrian", esaterako.

Saria jasotzeagatik pozik dagoela esan du sarituak. 2.500 euro jaso ditu eskudirutan, 100 orduko aholkularitza teknikoa eta kudeaketaren ingurukoa eta IMHko eta Tkgune sareko baliabide industrialak, proiektua martxan jarri ahal izateko. Aholkularitza teknikoaren gaia eta IMHtik emango dioten babesa eta jarraipena nabarmendu ditu Comesek.

2019 07 04 jaime comes irabazlea tkgune ideia industrial lehiaketa 2

 Lotura duten albisteak: