18 tabernak hartuko dute parte Elgoibarko VII. Pintxo Lehiaketan, iaz baino hamalau gutxiagok

Barren.eus 2015ko eka. 9a, 12:33

Ekainaren 16tik 19ra egingo da Elgoibarko zazpigarren pintxo lehiaketa. Iaz parte hartze marka ezarri zuen lehiaketak, 32 partaiderekin. Aurten, aldiz, 18 izango dira parte hartuko duten tabernariak. Horien artean ez daude orain arteko sei edizioetan epaimahaiaren saria irabazi duten hiru tabernak: (Txarriduna (3), Gabi (2) eta King-Kong (1). Pintxoen prezioa izango da beste berrikuntzetako bat.

Elgoibarko zazpigarren pintxo lehiaketa aurkeztu dute, gaur goizean, udaletxean egin duten agerraldian. Elgoibarko Udalak antolatzen duen lehiaketaren helburu nagusia da ostalaritzako sektorean euskararen erabilera sustatzea. Aurten, ekainaren 16tik 19ra egingo dute lehiaketa, eta 18 tabernarik eman dute izena. 

• Prezioak tabernarien esku

Antolatzaileek jakinarazitakoaren arabera, bi berrikuntza nagusi izango ditu aurtengo lehiaketak. Batetik, ‘Baserrikoa’ pintxoaren saria bertan behera lagatzea erabaki dute, antolatu duten aurreko bi edizioetan “arrakasta gutxi” izan duela-eta. Bestetik, pintxoen prezioa ezartzeko irizpidea aldatu dute. Orain arte euro bat eta hamar zentimoan saldu behar zituzten, baina aurten taberna edo jatetxe bakoitzak erabaki du pintxoaren salmenta prezioa. Dena dela, orain arteko prezioari eustea erabaki dute gehienek, 11 tabernek, hain justu ere. Lau parte hartzailek 1,20 euroko prezioa jarri diote pintxoei eta hiru pintxok euro eta erdiko kostua izango dute. 

• 2015ko lehiaketaren egunak eta ordutegia:

  • Ekainak 16, 17 eta 18 (martitzena, eguaztena eta eguena), 19:00etatik 22:00etara.
  • Ekainak 19 (barixakua) 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara.

• Bi sari banatuko dira

  • Elgoibarko pintxo onenaren saria. Epaimahai tekniko batek aukeratuko du pintxo onena zein den. Pintxoaren itxura eta aurkezpena; zaporea eta testura, eta originaltasuna hartuko dituzte kontutan. 
  • Herritarren saria, berriz, pintxoa dastatzen duen jendearen botoen bitartez aukeratuko da. Botoa eman ahal izateko 600 balorazio-kupoi izango ditu parte hartzaile bakoitzak. Gainera, botoa ematen duten guztien artean, Belaustegi Jatetxeak eskainitako dastaketa menu bat zozketatuko da.

∞Lotura duten albisteak: