Leire Esnaola, Oihana Lizarralde eta Nadia Hadi San Lazaro egoitzako erizaina, erizain laguntzailea eta harrerako langilearekin batu da BARREN, egoeraren berri izateko. Greba eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela diote, borondate politikorik ez diotelako ikusten Gipuzkoako Foru Aldundiari patronalak eta sindikatuek sinatu duten akordiorako oinarria finantzatzeko (Gipuzkoako Foru Aldunditik ez dute baloraziorik egin nahi izan). Lerro hauek idazteko unean, negoziazioak etenda zeuden, eta haserre, langileak. Gipuzkoan, 5.000 bat lagunek egiten dute lan sektore honetan eta gehienak emakumeak dira. Langileek zaintzari balioa emateko eskatu dute, eta 2017tik berritu ez zaien hitzarmena eguneratzeko.
• Iazko irailetik protestan ari zarete Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, baita San Lazaro egoitzakoak ere. Gipuzkoan 5.000 langile inguru zarete guztira; Elgoibarren, 45 bat. Zein da zuen egoera? Zer da eskatzen duzuena?
Oihana Lizarralde: Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da gaur San Lazaro egoitza eta hark zer erabaki zain gaude, bera delako auzi honetan arduradun nagusia [2015eko maiatzaren 7an sinatu zuten Elgoibarko Udalak eta Foru Aldundiak San Lazaro egoitza eskuz aldatzeko hitzarmena. Ordura arte udal egoitza zen]. Izan ere, egoitza berez azpikontratatutako enpresa batek kudeatzen badu ere (Biharko Gipuzkoa S.L.), zerbitzua Aldundiarena da. Eta zer eskatzen dugun? Gure lan hitzarmena berritzea, 2017tik ez zaigulako berritu. Labur esateko, ratio hobeak, atsedenaldi ordainduak, lan sarien igoera eta aparteko sari egokiagoak eskatzen ditugu. Gure sektorea oso sektore feminizatua da, eta soldaten arrakala oso handia da. Gu hirurok lanaldi osora ari gara lanean, eta zorionekoak gara gure lankide askoren ondoan, askok oso lanaldi laburreko kontratuak dituztelako, bi-hiru ordukoak ere bai.
Leire Esnaola: Gure lanetara ezin iritsita gaude, beti erlojuaren kontra gabiltza, egoiliarrei merezi duten besteko arreta eman ezinda. Horregatik, lehen esandako baldintzak hobetzeaz gainera, lanaldi partzialak dituztenei lanaldi osoko kontratua egitea eskatzen dugu, egoiliar bakoitzari minutu gehiagoko arreta zuzena eskaini ahal izateko. Gipuzkoako datu guztien batezbestekoa kalkulatu dute, eta batez beste, eguneko, 92 minutu eskaintzen zaizkio egoiliar bakoitzari. Eta ez dezagun ahaztu egoitzetan bakoitzak bere ahalen arabera ordaintzen duela, baina berez plazak hilean 3.000 euro inguru balio dituela, eguneko 100 euro inguru. Familiek kontuan hartu beharko lukete hori: egiten duten ahalegin ekonomikorako euren senideek eguneko 92 minutuko arreta zuzena baino ez dutela jasotzen.
• Ratioa hobetzea eskatzen duzue. Gutxieneko ratioak zenbatekoa izan beharko luke zuen ustez?
Nadia Hadi: Gutxienez bi ordukoa.
• Soldata arrakalena aipatu duzue. Sektore feminizatua da zuena. Uste duzue horrek eragina duela soldaten zenbatekoan?
O.L.: Zalantzarik gabe, bai. Bide garbiketa sektorekoek dituzten soldatekin alderatzen baditugu gureak, guk %30 gutxiago kobratzen dugu. Baina bide garbiketa sektorea gizonena da gaur ia oso osoan, eta gurea, aldiz, emakumeena. Hor dago aldea. Gure lana ez da baloratzen. Ahoa betetzen zaie denei zaintzaren kontuarekin, zaintzari duen balioa aitortu beharrarekin eta zaintzailea zaindu beharrarekin, baina gero, hau da duguna. Kea saltzen ari zaizkigu. Batzar Nagusietan gure lau patronaletako presidente batek esan ere egin zuen berak ez zuela hemen arazorik ikusten, sektore honetan langileen gehienak emakumeak zirelako eta hala izango zelako beti, edadetuek ez dituztelako ustez zaintzaile gizonezkoak nahi eta guk geuk, emakumeok, oso barneratuta dugulako zaintzalanak gure ardura direla. Hori bota arren, batzarrean zeudenetako inork ez zuen erreakzionatu biharamunera arte. Biharamunean konturatu ziren handitxoa bota zuela. Atera kontuak!
• Zer sentitzen duzue instituzioetatik eta abarretatik zaintza-lanak ikusgarri egin behar direla esaten dutenean?
L.E.: Amorrarazi egiten naiz, esaten dutena ez delako ezkontzen egiten dutenarekin. Zaintza urte osoko lana da. 365 egun urtean, 24 ordu egunean. Hemen ez dago jai-egunik; zaintzan ez dago etenik, ezin du egon; denon eskubidea da gure bizitzako azken urteetan ere merezi dugun zaintza jasotzea.
O.L.: Horregatik gure lanari duen balioa aitortzeko eskatzen dugu, eta horri lotuta, jai-egunetan egiten dugun lanak ordain hobea izatea. Era berean, eguneko atsedenaldiak ordainduak izatea ere eskatzen dugu. Guk hori badugu Elgoibarren, ekin eta ekin lortu genuelako zorionez, baina Gipuzkoan, oro har, zazpi orduko lanaldian hamar minutuko atsedenaldi ordainduak dituzte, eta atsedenaldi horiek gutxienez hogei minutukoak izatea eskatzen dugu. Zentro askotan hogei minutuko atsedenaldiak egiten dituzte, baina hamar minutu bakarrik ordaintzen dizkiete langileei eta beste hamar minutuak itzuli egin behar izaten dituzte. Eta lau urteko hitzarmenean, KPIa + %8a eskatzen dugu, lau urtetan banatuta. Horrekin soldata arrakala txikitu nahi dugu. Badakigu golpetik ezingo dela arrakala hori amaitu, baina amaitzera egin behar dugu.
• Hirugarren greba aldia duzue apirilaz geroztik. Aurreneko deialdia apirilaren 1etik 12rakoa izan zen, hilaren 26tik 30erakoa gero, eta maiatzaren 1ean hasi zenuten gaur bukatzekoa duzuen hau. Nola zaudete?
O.L.:Gaur gaurkoz, ez dugu grebei eutsi beste irtenbiderik ikusten. Aurreko etapan, greba mugagabe bat egin genuen, baina psikologikoki oso gogorra izan zen. Egia da beste egoera bat zela ordukoa, Foru Aldundian EHBilduk agintzen zuelako eta gure alde zegoelako, eta dirua mahai gainean zegoenez, bagenekielako lehenago edo beranduago konponduko zela, baina oraingo egoera oso ezberdina da, eta argirik ikusten ez dugunez, ez gara ausartzen greba mugagabea hastera.
L.E.:Eta horri gehitu zaila dela greba egitea erabakitzea. Ez da makina batzuk gelditzea. Guk pertsonekin egiten dugu lan, ahalmenak murriztuak dituzten pertsonekin, ezinbestean behar gaituztenekin. Grebari bai esatea ez da erabaki erraza, eta buelta asko eman dizkiogu denok ere, baina ez daukagu beste biderik. Guk 24 ordu pasatzen ditugu egoiliarrekin eta inork baino hobeto ezagutzen ditugu haien beharrak. Parte emozionala ere hor dago. Kaltetuak egoiliarrak dira, jakina, baina inork ez dezala pentsatu guri ez zaizkigunik inporta. Presio psikologiko handia sentitzen dugu. Greba egin ahal izateko ere, hemen ari gara eginahalak egiten dena ondo lotuta uzteko, eurei ahalik eta gutxien eragiteko. Pentsa zer den hori! Gure protesta ikusgarri egin nahi dugu, baina gu geu ari gara aurrez dena lotzen, kaltea minimizatzeko.
O.L.: Egoitzan egunero-egunero egin beharrekoak daude, eta gero badaude beste lan batzuk, atzazkalak moztea izan daitekeena adibidez, aldi batez laga daitezkeenak egin gabe, baina greba bukatzen denerako pilatzen direnak. Lan estra izaten dugu gero. Tailerrean, makina gelditu eta produkzioa eteten denean, kaltea ekonomikoa izaten da huts-hutsean, baina gurean, ez. Kuantifikatu ez daitezkeen minutu asko daude gure lanean. Askotan gertatzen zaigu ikustea egoiliar bat triste antzean. Halakoetan badakigu behar duena bere ondoan jarri eta entzutea dela, baina guk astirik ez dugu horretarako. Gaitasunak murriztuta dituzten pertsonak dira, eta guk ezin diegu esan bi minutu dituztela janzteko, baina ezin diegu ezta ere hogei minutu eman, guk ez daukagulako denborarik. Eta gero entzuten dituzu erakundeetatik esanez arreta pertsonalizatua eskaintzen zaiela, euren autonomia lantzen dela.... Nola, baina! Ezin da barren!. Begira, etxetik datozenean bakarrik jateko gai direla esaten digute senideek, eta izaten dira, baina ordubete behar izan dute, eta jakina, guk ezin diegu behar duten denbora hori eman, bazkaltzen ordubete ematen badute, gero ezingo dutelako bazkalosteko lorik egin, ezingo dielako inork lagundu oheratzen. Saltzen dutena ez da egingarri, eta badakite. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu izarra dena (Adinberri) finantzatzeko behar den dirua da gure lau urterako hitzarmena berritzeko beharko litzatekeena, eta jakina, Adinberrirako badute, baina guretzat ez. Nola nahi dute gauzatu proiektu izar hori langileak egoera prekario honetan gaudela? Greban bakarrik ez, zahar etxeetan urte osoan gaude zerbitzu minimoetan.
• Martxoaren 8ko grebaren harira emakume askori entzun geniena entzun dugu zuen ahotan. Greba egin ahal izateko aurrez lanik handienak eginda utzi behar hori.
L.E.:Hala da-eta. Martxoaren 8an grebarako arrazoiekin bat egin zuten emakume askok ikusiko zuten euren burua egoera horretan. Greba egin ahal izateko, euren arduran gelditzen diren zaintza-kontuak aurrez lotzen.
• Zer diote egoiliarrek eta haien senideek auzi honetaz?
L.E.: Egoiliarrak dira gure babesik handiena Elgoibarren. Gipuzkoan, bai, zahar etxeen erabiltzaileen senide talde bat elkartu da eta agertu du bere haserrea. Pertsonala falta dela salatu dute eta lan-karga gehiegizkoa dela. Elgoibarko kasuan, baina, ez da mugimendu handirik izan, hein handi batean Eusko Jaurlaritzak zehazten dituen gutxieneko zerbitzuek estali dutelako greba. %80ko zerbitzu minimoa ezarria du Jaurlaritzak, eta senideek esaten digute konturatu ere ez direla egin greban gaudela. Eta hein batean, normala da, mugimendu handieneko orduetan denok gaudelako lanean. Egoiliarrek eta guk igartzen dugu grebaren eragina, egin beharrekoak egiteko denbora gutxiago daukagulako langileok eta horrek eskaini beharreko arretan eragin zuzena duelako, baina, jakina, oinarrizko betebeharrak betetzen dira.
O.L.: Ikusten duguna da herritarrek ez dutela gure egoeraren berri, eta batzuetan iruditzen zaigu jendeari ezer gutxi inporta diola zahar etxeetako gatazkak. Greba hasi genuenetik ostegunero egin dugu elkarretaratzea egoitza aurrean, eta inoiz ez da inor etorri guri babesa agertzera. Ezta feministak ere. Elgoibarren senideek idatzi bat bidali dute Gipuzkoako Foru Aldundira diru-kontuak argitzeko eskatzen, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Ez delako broma diru-kontuena. Begira, enpresek %100 kobratzen dute Gipuzkoako Foru Aldunditik gu greban gauden bitartean ere, baina guri %80 ordaintzen digute, eta egoiliarrek %100 ordaintzen dute. Enpresak, beraz, oso eroso daude. Greba zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta gehiago irabazten dute. Horregatik, gure egoiliarren senideek %20ko diferentzia hori ez ordaintzea eskatzen dute, egoitzan dituzten senideek ez dutelako diru horri dagokion zerbitzua jasotzen.
• Zer diote Foru Aldunditik?
O.L.: Ezin direla enpresen eta langileen arteko negoziazioetan sartu. Esan hori esaten digute, baina zerbitzua eurena da! Kontua da negoziazioetan ari diren bi aldeek, enpresen gehiengoak eta sindikatuen gehiengoak, adostu zutela akordiorako oinarria, baina Aldundiak atzera bota zuela, ez zegoelako prest akordio hori gauzatzeko behar zen dirua jartzera. Baina dirua jartzeko obligazioa daukana ez baldin bada negoziatzera jartzen, zer etorkizun daukagu guk? Borondate politikoa falta da, ez dago besterik hemen. Sektore hau horren feminizatua ez balitz, jarriko lukete dirua, kontua ez delako dirurik ez dagoela, dirua beste gauza batzuetara bideratzen dutela baizik. Eta egoera horretan, negoziazioak etenda daude gaur gaurkoz.
L.E.: Negoziatzeko orduan ez gaituzte kontuan hartzen. Gu geu ere ez gara oso berandura arte mobilizatu. 2013ra arte sekula ez ginen pankarta baten atzera bildu. Gure lanari sekula ez zaio baliorik eman. Askok uste dute edozeinek balio duela gure lana egiteko, emakumea izanez gero behintzat. Inork ez du pentsatzen lan hau ere profesionaltasunez egin behar dela, eta horrek dakar gure lanak behar besteko aitortzarik ez izatea. “Ez daukazu lanik? Ba zaindu adinekoak!, horretarako edozein andrak balio du-eta”. Uste hori oso zabalduta dago. Eta horrenbestekoa da eskaria eta horrenbestekoa eskaintza, lau euroren truke egiteko lana dela sinistuta dagoela jendea. Denok elikatzen dugu prekarietate hori. Gu 45 langile gara San Lazaron, eta sukaldari bat, mantentze zerbitzuetako bat eta harrerako beste bat kenduta, denok gara emakumeak.
• Adierazgarria da emakume kopurua eta adierazgarria gizonak zertan ari diren ere.
O.L.: Bai, bai. Zaintza-lanak emakumeenak dira ia esklusiboki.
• Argirik ikusi ez arren, borrokan jarraitzeko asmoa duzuela diozue. Nola bizi duzue egoera hau zuen lantaldean?
O.L.:Karga psikologiko handia dugu. Gizarteak oso barneratuta dauka adibidez irakasleek merezita dituztela dituzten oporraldiak, baina inork ez du pentsatzen gugan. Zaintzaileak inork ez ditu zaintzen hemen. Gure lantokietan ezegonkortasun handia dago. Aukera izan bezain laster, alde egiten dute gurera iristen diren langile berriek eta arazoak dauzkagu oporraldietako txandak betetzeko ere. Eta pentsa zein garrantzitsua den gurean talde egonkor bat izatea! Adinekoentzat oso garrantzitsua da erreferentziazko pertsona bat izatea zaintzen, baina inork ez dio horri erreparatzen.