Aitz Beltz tabernak irabazi du Mendaroko pintxo lehiaketa

Barren.eus 2019ko mai. 8a, 13:17

Bederatzi tabernak hartu zuten parte Mendaroko VIII. Pintxo Lehiaketan, joan den larunbatean eta igandean, eta Aitz Beltz tabernak irabazi du epaimahaiaren saria Broxeta izeneko pntxoarekin.

Epaimahaiak jakinarazi duenez, Txirristaka tabernak lehiaketara aurkeztutako Ukondo pintxoak eta Menditxok aurkeztutako Mendi8 pintxoak puntu kopuru bera lortu dute eta bientzat izan da bigarren postua. Uztargik lortu du hirugarren saria Uztargi izeneko pintxoarekin.
Herritarrek aldiz, Menditxo tabernako pintxoari eman zioten boto gehien. Botoa eman zuten herritarren artean, Irati Alkortari tokatu zitzaion Aitz Beltz tabernan gastatzeko 50 euroko bonoa, eta Rosa Babarrori Menditxo tabernan gastatzekoa.
Giro onean joan zen aurtengo lehiaketa ere, eta jende askok hartu zuen parte. Zapatuan Bizi Poza txarangak alaitu zuen giroa, eta domekan, aldiz, Trapu Zaharra taldeak kale antzerkia egin zuen.

Aitz Beltz tabernak 2017ko lehiaketa ere irabazi zuen. Txirristaka tabernak irabazi zuen estreinako edizioa, 2012an. Uztargik jarraian irabazi zituen 2013. eta 2014. urtekoak eta beste horrenbeste egin zuen Menditxo tabernak, 2015 eta 2016 urteetako lehiaketak bata bestearen jarraian irabazita. Menditxok hirgarren garaipen bat ere lortu zuen, iaz, eta bera da Mendaroko pintxo lehiaketako epaimahaiaren saria gehienetan irabazi duena, hirutan gailendu baita.

∞Lotura duten albisteak:

*Argazkia: Aitor Buendia.