Herriko bederatzi tabernak parte hartuko dute Mendaroko VIII. Pintxo Lehiaketan

Barren.eus 2019ko api. 30a, 19:32

Datorren asteburuan, maiatzaren 4an eta 5ean, izango da Mendaroko Pintxo Lehiaketa. Pintxo lehiaketa egingo den bi egunak girotzeko, Bizipoza txarangaren kalejira eta kaleko antzerkia ere lotu dituzte.

Maiatzaren lehenengo astebururako (4-5 egunetarako) pintxo lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak, herriko ostalaritzari laguntzeko. 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 21:00etara egingo da lehiaketa, eta bi sari banatuko dituzte: pintxo onenaren saria eta epaimahai herrikoiaren saria. Bigarren saria erabakitzeko, Udalak tabernetan lagako dituen papertxoak bete beharko dituzte herritarrek (Parte hartzen duten guztien artean 50 euroko bi sari banatuko dituzte gero).
Aurtengo lehiaketan herriko bederatzi tabernak parte hartuko dute, eta pintxoak 1,20 euroan salduko dituzte. Pintxo lehiaketa egingo den bi egunak girotzeko, Bizipoza txarangaren kalejira eta kaleko antzerkia ere lotu dituzte. Zapatuan irtengo dira kalejiran txarangakoak, 19:30ean hasita, eta iganderako iragarri dute antzerkia. Trapu Zaharrak konpainiakoak etorriko dira Mendarora Turistreatzen antzezlanarekin. Emanaldia Herriko Enparantzan izango da, 18:30ean hasita.

∞Lotura duten albisteak: