Enpresa arloko ekimenak bultzatu eta enpresa berriak sortzeko diru laguntzak emango ditu Udalak

Barren.eus 2019ko api. 8a, 12:12

Elgoibar Ekinean-Autoenplegua izeneko programaren bitartez, Elgoibarko Udalak diru funts bat sortu du enpresei laguntza ekonomikoa emateko; hartara, enpresa jarduera berrien ekimena sustatzeko, enpresak sendotzeko eta negozio bideragarriak dituztenak mantentzeko.


Elgoibarko Udalak diru laguntzak emango dizkie abian dauden enpresei edo enpresa berriei, baldin eta udalerrian kokatutako enpresa proiekturen bat badute. Udalak 30.000 euro bideratu ditu “Elgoibar Ekinean-Autoenplegua” laguntza-programara. Diru horrekin enpresa arloko ekimenak bultzatzea da Udalaren asmoa, eta, horrekin batera, herrigunean hutsik dauden lokalen erabilera sustatzea edota jardueraren belaunaldi aldaketa eman dadin laguntzea. Lokalei dagokionez, Herrigune Historikoaren barruan, San Frantzisko, Errosario eta Santa Ana kaleetan dauden lokalak bakarrik izango dira diru-laguntza gai, "negozioa lekualdatzeko edo handitzeko orduan", Udalak zehaztu duenez.

Diru-laguntza lerro honen baitan, hiru diru-laguntza mota bideratuko ditu Udalak:

  • Diru-laguntza: enplegua sortzen duten enpresa ekimen berriei laguntzea.
  • Diru-laguntza: Elgoibarren bertan, instalazioak lekualdatzen edo handitzen dituzten enpresei laguntzea.
  • Diru-laguntza: pertsona fisiko edo juridikoei enpresarekin jarraitzen / enpresen erreleboa egiten laguntzea.

Diru-laguntzak bateraezinak dira elkarren artean. Hau da, diru-laguntza lerro bat baino ezin izango da eskatu. Laguntza hauen onuradunak izango dira edozein jarduera ekonomikotan enpresa gisa eratzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta honako baldintzak betetzen badituzte:

  • Langabezian dauden pertsonak: pertsona fisikoak langabezian egon beharko dira. Sustatzaileak pertsona bat baino gehiago baldin badira, horietako bat, gutxienez, langabezian egon beharko da.
  • Enpresak: proiektu berria enpresaren batek sustatzen baldin badu, proiektuak, gutxienez, lanpostu zuzen bat sortzea aurreikusi beharko du, hain zuen, enplegu garbia sortuko duena.
  • Lanean diharduten pertsonak: pertsona fisiko edo juridikoei enpresarekin jarraitzen / enpresen erreleboa egiten laguntzen dioten diru-laguntzaren kasuan, eskatzailea ez da nahitaez langabezian egon behar.

 • Diru-laguntza eskariak egiteko
Diru-laguntzetarako eskariak Santa Ana kaleko 2 zenbakian dagoen Herritarrentzako Arreta Bulegoan aurkeztu behar dira. Eskariak aurkezteko epea dagoeneko zabalik da, 2019ko azaroaren 29ra arte.
Elgoibarko Udalak, behin eskariak aurkezteko epea bukatzean, baldintzak betetzen dituzten eskakizun guztiak aztertuko ditu Degegesa garapen agentziarekin elkarlanean, eta interesdun pertsona edo enpresari idatzi bat bidaliko dio 10 laneguneko epean akatsak konpontzeko edo beharrezkoa den dokumentazio osagarria aurkezteko. Akatsak zuzentzeko epe horren ondoren, ez da inolako dokumenturik onartuko.